Durangoko azokaren 58. aldiaren leloa eta kartela aurkezteko asmoz, gaur goizean egin dute prentsaurrekoa, Landako gunean. Han izan dira Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea, Beñat Gaztelurrutia koordinatzailea eta guneetako arduradunak. "Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia", azaldu du Mujikak. Eta, hain justu, horregatik egin dute aurtengo leloaren aldeko hautua ere: Fantasia DA! izango da. "Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, bizigogoa, jende alaiaren berbaroa, kulturaren beroa".
Irudiari dagokionez, Ximon Agirre artista hernaniarrak egin du, eta adierazi duenez, "ilusio handiz" jaso zuen proposamena. Hiru dimentsioko irudi sakon bat egin du, errealitate birtualean landua dagoena. "Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko". Hala, helburu izan du kolore alai eta saturatuak erabilita, Durangoko azokaren festa izaera bistaratzea. "Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak pertsonaia fantastikoekin uztartuz".
Proposamenetarako irekita
Irudienea, Ahotsenea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia, Talaia eta Museoa izango dira azokako guneak, eta Azoka Telebista ere izango da. Bada, antolatzaileak egitaraua prestatzen hasita daude, eta Mujikak azaldu duenez, "denetariko eskaintzak" egongo dira espazio horietan. Hala ere, Gaztelurrutiak gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, Durangoko Azokaren webgunean.
Hala ere, aurreratu dutenez, aurrez aurreko azokaren aldeko apustua egingo dute, eta beraz, online ereduari "leihoa itxiko" diote. "Pertsiana guztiz bota barik; etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara", adierazi du Gaztelurrutiak.