Carolina Medina: "Irtenbidea komunitarioa da eta antolatuta bagaude dinamika propioak jartzen ditugu martxan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 30a, 17:11

Vanesa Fontanellaz, Carolina Medina eta Silvana Pissano atzo Bergaran.

Emakume Mundu Martxak eskualdeko eragile feministekin eta Bergarako Udalarekin elkarlanean antolatuta egun pasa egin zuten atzo Debagoienean Silvana Pissanok, Carolina Medinak eta Vanesa Fontanellazek. Arlo publikoan dihardu Pissanok Uruguain eta arlo pribatuko antolaketa da Argentinako Casa Comunidad egitasmoa. Zaintza erdigunean jartzen dituzten herriak eta hiriak posible direla azaldu dute hiru aktibista feministek.

Topaketa emankorra izan zen atzokoa. Arratsaldean Bergarako Irizar jauregian egindako hitzaldia izan zen ekitaldi nagusia, baina aurretik eskualdeko eragile feministekin elkartzeko eta Arrasateko Emakume Txokoa zein Bergarako kartzela zaharra ezagutzeko aukera izan zuten Pissanok, Medinak eta Fontanellazek.  

Montevideoko Municipio B

Uruguaiko hiriburua den Montevideoko Municipio B herriko alkatea da Silvana Pissano. Arkitektoa eta aktibista feminista da urbanismo feminista defendatzen du. Argi dauka posible dela zaintza erdigunean jartzen duen hirigintza eredu bat bultzatzea. Uste du, gainera, hirigintzatik arrazismoaren aurka eta ingurugiroaren alde asko egin daitekeela. "Erakundeetatik egin behar dugun lehenengo gauza da entzutea eta aitortzea. Emakumeok modu berezian bizi ditugu gure herriak eta hiriak, eta aitortza hori ez da egiten. Ikusi besterik ez dago kaleek eta plazek zer nolako izenak dituzten (...) Bestetik, esan didate herri honetan hiritarren %26 hirugarren adineko jendea da. Gurean %30 dira. Galdera da, gure herri, hiri, kale, plaza eta ekipamenduek nola aitortzen dute errealitate hori? Behar beste hartzen dute kontuan? Aniztasun hori kontuan hartu behar da", azaldu zuen Pissanok.

Municipio B delakoan martxan jarritako proiektuen eta parte hartze prozesuen berri eman zuen hitzaldian eta egiteko dagoen bidea luzea dela azpimarratu zuen.

Argentinako 'Casa Comunidad'

Argentinako Cordoba herriko Casa Comunidad egitasmoko kide dira Carolina Medina eta Vanesa Fontanellaz. Ekimen pribatutik dihardute eta feminismorako erreminta moduan aurkeztu zuten Casa Comunidad. "Emakumeak antolatzeko tresna eraginkorra da gure eskualdean. Urgentzia larriak daude: etxebizitza, janaria, eskola-materiala, segurtasuna… Indarkeriaren kontrako protokoloak egin genituen batere ez zegoenean, laguntza psikologikoa eta legala eskaintzen diegu biolentzia egoeretatik ihesi datozen emakumeei, ortuak sortu ditugu eta hainbat lagunek jaten dute bertatik, eskola-materiala egiteko kooperatiba sortu dugu eta honezkero hamahiru tailer ditugu… Antolatuta bagaude dinamika propioak jartzen ditugu martxan, eta proiektuak eraikitzen goaz. Guk argi dugu irtenbidea komunitarioa dela", esan zuten.

Debagoienetik milaka kilometrotara daude Montevideo (Uruguai) eta Cordoba (Argentina), baina gizarte justuago baten bila feminista taldeek martxan jarritako proiektuak ezagutzea garrantzitsua da sare feministak osatzen eta sendotzen joateko. Hori izan da Pissanoren, Medinaren eta Fontanellazen bidaiaren xedea eta atzo bete egin zen Irizar jauregiko aretoa esateko zituztenak entzuteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak