Arrasateko, Bergarako, Leintz –egoitzak, Aretxabaletan eta Eskoriatzan– eta Oñatiko Bedita Larrakoetxea Udal Euskaltegiek eta egoitza Arrasaten duen Debagoieneko AEK-k zabalik dituzte 2023-2024 ikasturterako izen-emateak eta 16 urtetik gorako herritarrak matrikulatu daitezke. Zentro guztiek eskaintzen dituzte A1etik C2 mailara bitarteko euskara ikastaroak aurrez aurre eta online autoikaskuntza edota jardun biko ikaskuntza modalitateak aukeratu daitezke, Oñatin salbu. Hala, etorkin, gazte, merkatariei edota enpresei zuzendutako ikastaroak, eta bestelakoak ere eskaintzen dituzte, besteak beste, urtean zehar. Aipatzekoa da AEK-k badituela taldeak Antzuolan, Aramaion eta Elgetan.
Azken egunak izena emateko
Gaur izango da izena emateko azken eguna Arrasateko eta Oñatiko Udal Euskaltegietan. Bergaran, hilaren 27ra arte ahalko da eta Debagoieneko AEKn, berriz, hilaren 29ra arte. Leintzeko udal euskaltegiak DBHko gazteentzat eskaintzen duen komunikatzeko arazoak dituzten ikasleei zuzendutako ikastaroan izena emateko epea gaur amaituko da; ohiko ikastaroetan hilaren 27ra arte eman daiteke izena. Bost zentroetako zuzendariek aurreratu dute matrikulazioak martxa onean doazela. Nabarmendu dute epez kanpo norbait apuntatzen bada, tokia baldin badago, hartuko dutela.
C1 ikastaroa, 20 euroren truke
Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) dirulaguntza berezia jarri du martxan aurtengo ikasturtean C1 mailan matrikulatzen diren 2005, 2006 eta 2007 jaiotakoentzat. Jaurlaritzak bere gain hartuko du matrikularen zati handi bat; hortaz, ikasleak 20 euroko matrikula ordainduta egin ahal izango du ikastaroa, betiere, gutxienez, %75eko asistentzia badu. Gutxieneko bertaratze hori bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordaindu beharko du ikasleak.
Dirulaguntzak
Ibarreko udal guztiek ematen dituzte dirulaguntzak euskara ikasteagatik, baina udalerri bakoitzak bere baldintzak eta ezaugarriak ditu. Alabaina, laguntza horiei HABEk ikasturte amaieran ematen duen dirulaguntza gehitu behar zaie, eta berau eskuratzeko ere baldintzak daude; hala nola, HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatuta egon, dagozkion matrikula-prezioak euskaltegiedo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ordaindu eta maila gaindituta edo egiaztatuta izan. Laguntzekin matrikula osoaren zenbatekoa jaso daiteke bueltan, baina sekula ez ordaindu dena baino gehiago.