Kontseilua "penaz" da euskararen ofizialtasunaren gaineko erabakia atzeratu dutelako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 20a, 11:43

ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariak, Bruselan. Tartean, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.

Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ofizial izateko eskaria du egina. Gaia atzo ziren aztertzekoak EBko Kontseiluan, baina aurrerago landuko dute, "denbora gehiago" behar dutela argudiatuta.

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" jaso du erabakia atzeratzea. "Uste dugu orain arte euskara, katalana eta galiziera ofizial egitearen aurka eman diren arrazoi teknikoek gehiago dutela argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetik baino". Azaldu dutenez, hiru hizkuntza horiei ofizialtasuna aitortzea Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza egiteko bidea da, hala nola "herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan" sakontzeko. "Balio horiei arrazoi teknikoak kontrajartzea hautu politiko bat da".

Hain justu, astelehen arratsaldean egin zuten agerraldia Europako Parlamentuko egoitzan ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariek, Bruselan, eta tartean ziren Kontseiluko kideak zein katalanaren eta galizieraren normalizazioa lantzen duten gizarte erakundeetako buruak. Orduan adierazi zuten atzoko batzarra aukera "bikaina" izan zitekeela hiru hizkuntzen "aitormenetan eta normalizazioan urrats bat emateko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza eskubideetan sakontzeko, eta, beraz, baita giza eskubideetan ere".

Alabaina, Euskalgintzaren Kontseiluak badu itxaropena, espero baitu erabakia atzeratuta ere, EBko Kontseiluak "arazorik gabe" onartzea euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna. "Hizkuntza aniztasunean eta, orokorrean, dibertsitatean sinesten dutenek nekez esan diezaioketelako ezezkorik proposamen horri".

Kongresuko erabilera

Hitz hauek, gainera, Espainiako Kongresuan hartutako azken erabakiarekin batera iritsi dira, atzotik zilegi baita euskara, katalana eta galiziera erabiltzea leku horretan. "Ongi etorria da Euskalgintzaren Kontseiluarentzat; aspaldikoa beharko zukeen praktika den arren, finean, gutxitutako hizkuntza horiei gutxieneko errespetu demokratikoa adierazten delako".

Talde politiko katalan eta galiziarrek dagoeneko iragarri dute katalanez eta galizieraz hitz egingo dutela aurrerantzean hitzartzeetan, eta "txalotzekoa" iruditu zaie eginiko hautua Kontseiluko kideei. Euskal alderdiek, ordea, euskara eta gaztelera erabiliko dutela jakinarazi dute. "Kontseiluak kezkaz hartu du iragarpen hori, hain zuzen ere, euskara gutxitutako hizkuntza den heinean ezinbestekoa den prestigiatze eta sustapen lan hori murritz gerta daitekeelakoan". Nolanahi ere, Kontseiluak "zinez" espero du euskal alderdietako ordezkariek hau kontuan hartzea, "euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak