Abuztuan atsedena hartuta, erronkaz beteriko ikasturtea hasi du. Arizmendi ikastolan musika irakaslea izango da eta horrez gainera, online irakasle rolean ere jardungo du irailaren 11n estreinatuko du-eta sortu duen Harizko instrumentuak musika modernoan murgiltzeko izeneko online ikastaroa.
Iruneko Udalak iaz argitaratu zuen Iñigo Muguruza bekaren laguntzarekin egindako lana da. Ze sentsazio duzu online ikastaro hori argitaratzeko bezperatan?
Perspektiba apur batekin ikusita, pozik nago. Lan txukuna eta mardula geratu da eta bertako musikariei teknika eta lengoaia berri baten formatzeko aukera emango diela esango nuke.
Beharrezkoak dira diru-laguntzak halako proiektuak gauzatzeko?
Behar-beharrezkoak. Sari ekonomikoari dagokionez, esango nuke, Euskal Herriko handienetako bat dela Irungoa eta, gainera, aipagarria da musika ikerketara dagoelako zuzenduta.
Youtuben duzun Triggerprototxelo kanalean izango da ikastaroa dohainik eskuragarri; ze helburu du?
Bada denbora bat tematuta nagoela bertako instrumentistak ahaldundu guran; izan ere, musika klasikoaz gain, harizko instrumentuekin beste musika batzuk interpretatu daitezkeela uste dut. Hori da euskarri nagusia eta Euskal Herriko musika garaikidearekin lotu dut hori. Azken 50 urteetan egin diren abestiak hartu ditut eredutzat –80ko hamarkadatik hasi eta gaur egunekoak ere bai– eta abesti bakoitza teknika jakin baten kokatu dut, transkripzio batzuk lagun, abesti horiek erabilita teknika horiek lantzeko.
"Euskal instrumentistak ahalduntzen laguntzeko helburua du"
Adibide moduan ipiniko ditugu RIP eta Anari aukeratu dituzunen artean.
Euskal musikagintza aberatsa dela erakutsi gura nuen eta belaunaldiak aldatzearekin musika ere aldatu egin dela nahiz eta elkarren arteko zubiak izan. RIPen No hay futuro da zaharrenetarikoa, eta berrienen artean, Odei musikariaren bat; eta tartean daude, Anari, Raimundo Canastero, Liher, SA.... Aukeraketa zabala egin dut estiloari eta garaiari begiratuta.
60 kapitulu dira; zein da egitura?
Lehenengo hurbilpen teoriko bat egiten dut, ariketa generikoak azaltzen ditut ondoren, beharrezkoa den idazketaren atala sartu dut gero, eta buru belarri errekurtso teknikoetan sartu naiz, horietarako kantuak erabilita, laugarrenean. Euskaraz da ikastaroa, gaztelerazko eta ingelesezko azpitituluekin.
Ikastaroa argitaratu ondoren jarraipenik egingo diozu?
Hala espero dut; kapitulu bakoitzean barruko youtuber-sena atera dut zalantzarik izanez gero, bertan dagoen helbide elektronikora idazteko proposatuta; izan ere, tutorialak pilulak dira eta hortik zuzenean ikastea oso zaila da bestelako laguntza barik.
Zelan izan da egiteko prozesua?
Lan handiena kapituluen egituraketa izan da eta ondoren kapitulu bakoitzeko gidoiak idaztea, eta, grabatzerako orduan, telepronterra ezinbestekoa izan da! Lengoaia formal baten eginda, ez da-eta inprobisazioa bateragarria.
Denak batera eskegiko dituzu?
Bai, denak batera izango dira irailaren 11n hasita ikusgai, horrela erabiltzaile bakoitzak izango du bere erritmoa aukeratzeko bidea.
Aurrez aurreko irakasle ere bazara; hori ere erronka berria?
Bai; hezkuntza formalean estreinakoz jardungo dut urte osorako ikastola baten; beste mundu edo arlo bat ezagutzen ari naiz, ea, bada, hezkuntza espezifikoagoarekin bateratzea lortzen dudan.