EH Bilduk aztertu egingo du Bidegiren auzia artxibatzearen gaineko helegitea jartzea

Julen Murua Mesonero 2023ko ira. 7a, 16:20

EH Bilduk salatu du "Bidegi auziko zati bat modu faltsuan ixteak herritarrei egia ezagutzeko eskubidea eta berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea lapurtzea dakarrela".

Azpeitiko Epaitegiak auto bidez erabaki du AP-1 autobideko Arlaban-Eskoriatza tarteko obrei buruz jarrita zegoen kereila artxibatzea, eta horren harira, EH Bilduk adierazi du datozen egunetan aztertuko duela "Auto horri helegitea jartzeko aukera abokatuekin batera".

Alderdiak salatu nahi izan du "Fiskaltza bai EAJ saiatu direla auzi hau ezerezean uzten instrukzioak iraun duen 8 urteetan". 2014. urtean jarri zuten kereila, eta azaldu du "oinarri sendoa" zuela "bai peritu txostenetan baita neurketetan ere". Txosten hauek zioten "eraikuntza proiektua gauzatu zuten eraikuntza enpresek diru kopuru handiak jaso zituzten Bidegi Sozietate Publikoaren aldetik, egin gabeko kontzeptuengatik, neurketak edo existitzen ez ziren kontzeptuak gehituta".

Kereila jarri eta hurrengo urtean –2015. urtean– etorri zen Foru Gobernuaren aldaketa, eta EH Bilduk salatzen du aldaketa horrek eragin zuela "akusazio partikularrak kereilari uko egitea kontrako txostenak aurkeztuz". 

EH Bilduko lau batzarkide ohiek eskatu zuten peritu txosten inpartzial bat egitea, baina "Guardia Zibilaren UCOk eta Ertzaintzaren Delitu Ekonomikoen Unitateak ez dute ikerketa konplexu hori egin, ezintasun materiala argudio bezala erabilita". Hori dela eta, EH Bilduk peritu txosten bat egitea eskatu zuen 2021ean, baina urte horretan "Foru Aldundiak prozedura artxibatzeko" eskatu zuela dio alderdiak.

Hirugarren peritu txosten inpartziala egitea ezinbestekoa zela uste zuen EH Bilduk, baina "prozedura atzerapenez beteta igaro denez, eta eskatutako froga egiteko borondaterik ez dagoenez", alderdiak ondorioztatu du "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Epaitegiak ez dutela nahi kasu hau argitzerik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak