Eskualdeko udalerrietako Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean garatutako proiektua da. Laguntza horiek jaso ahal izateko, familia eskatzaileek Debagoienean bizi behar dute, kalteberatasun-egoera aitortua izan eta udaletako gizarte-zerbitzuek artatu behar dituzte. Horrez gain, lehen eta bigarren hezkuntzan izan behar dituzte matrikulatuta seme-alabak.
2018an jarri zuten abian ekimen solidario hori, eta ordutik, Debagoieneko 1.200 ikaslek baino gehiagok jaso dute eskola-materiala dohaintzan. Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak, eskaerak %14 hazi direla hastear den ikasturte honetan adierazi du.
Eskola-material guztia Debagoieneko Gurutze Gorriaren funtsei esker eman dela argitu dute: partikularren eta enpresen ekarpen ekonomikoak, bazkideen konpromisoa, uztaileko Urrezko Zozketaren diru-bilketa eta Debagoieneko lau udaletatik datozen dirulaguntzak. Horregatik, laguntza emandako guztiak eskertu gura izan ditu Igartuak: "Eskerrak eman nahi ditugu Debagoieneko Gurutze Gorriak jasotzen dituen dohaintza guztiengatik, hain zuzen ere, gure inguru hurbilean horrelako elkartasun ekimenak garatzeko aukera ematen dutelako, baita larrialdien eta lurreko salbamenduaren aurrean egin ohi dugun lanagatik ere". Eta bereziki eskertu du proiektu honen bueltan jardun duten hamabost boluntariok egindako lana.
Esperientzia pilotua Arrasaten
Aurten, gainera, esperientzia pilotu bat garatu duela Gurutze Gorriak eman dute aditzera, laguntza hori eskuratzeko administrazio-izapideak errazteko. Tresna informatiko baten bidez (link baten bidez edo QR kode bat eskaneatuz), laguntza hori jaso dezaketen familiek beren datuak bete ahal izan dituzte Elorregin dagoen bulegora joan beharrik gabe. Esperientzia pilotu hori egokia bada gainerako udalerrietara zabalduko dutela adierazi dute, eta zera gaineratu: "Baita abian ditugun beste proiektu batzuk hobetzeko duen erabilgarritasuna baloratu ere ".
Gurutze Gorriarekin harremanetan
Debagoienean Gurutze Gorriak garatutako ekimenei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Debagoieneko Gurutze Gorriaren Elorregiko egoitzarekin jar daiteke harremanetan: 943 76 55 76 telefonoan edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikoan.