Fagor Taldeak 'Fagor Herrigintza' lankidetza programa abiarazi du gaur, bigarrenez

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ira. 1a, 08:00

Gaur hasi eta irailaren 30era arte egongo da zabalik proiektuak aurkezteko epea. Hiru laguntza lerro egongo dira: gizarte eragileek eurek erabakiko dute zein laguntza lerrotara aurkeztu.

Fagor Taldeak Fagor Herrigintza lankidetza programa abiarazi du gaur. Herrigintza eta izaera komunitarioa hauspotuz, "Euskal Herri hobeago baten aldeko lanean" ari diren gizarte eragileen proiektuak lagundu gura ditu Fagor Herrigintza-k. "Herrigintza eta izaera komunitarioa hauspotzen duten hamaika proiektu daude martxan urtero Euskal Herrian, bateko eta besteko gizarte beharrei erantzun egokia emateko ahaleginean. Komunitatearen ahalduntzean eta indartzean sinesten du Fagor Taldeak, eta horretan ari dira gizarte eragileak uneoro. Garrantzitsua da euren zeregina aitortzea, euren alde egitea, bateko eta besteko laguntzak eskainiz, euren jardunari bultza egitea", azaldu du Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Proposamenak aurkezteko epea

Gaur, egubakoitza, hasiko da proposamenak aurkezteko epea eta irailaren 30era arte luzatuko da. Proposamenak euskara hutsean aurkeztu beharko dira fagor.eus atarian, "kooperatiba taldeak euskararen normalizazioarekin duen konpromisoari jarraiki".

Fagor Taldeak hiru laguntza banatuko ditu: 60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa. Aurtengo berrikuntza izango da gizarte eragileek eurek aukeratuko dutela zein laguntza lerrotan aurkeztuko duten euren proiektua. Lehen aukeraketa eginda, bederatzi egitasmo pasako lirateke hurrengo fasera; eta, abenduaren 6an argitaratuko litzateke erabakia taldearen web atarian.

Iaz laguntza jaso zuten hiru proiektuak

Zaporeak –60.000 euro–, Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa –40.000 euro– eta Seaska ikastolen federazioa –20.000 euro– lagundu zituen 2022an Fagor Herrigintza lankidetza programak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak