Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiak eta informazioa Mendiak Aplikazioan

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko abu. 3a, 08:05

Urdaburu Mendizale Elkarteko kideek Gipuzkoako 310 mendi nagusietako tontorrak igo zituzten 2021. urtean eta postontzi guztien argazkiak atera. Urdaburuko kideek batutako informazio guztia eta argazkiak Mendiak Aplikaziora igo dira. Tartean daude Arrasateko Udalatx eta Kurtzetxiki mendiak. 

Joan den astean Foru Jauregian aurkeztu ziren Mendiak aplikazioaren berrikuntzak, Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiei eta informazioari buruzkoak. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Goizane Alvarez Kiroletako diputatua, Urdin Elortza Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikaria, eta Josu Azpillaga, aplikazioa sortu duen Code Syntax enpresaren ordezkaria.

Gaur egun teknologiaren parte-hartzea mendizaletasunaren esparruan asko areagotu da eta garai batean mendian gora eta gora buzoiarekin topo egin arte egiten genuen arren, ohitura berriek telefono mugikorrak eta GPS gailuak bidelagun izatera bultzatu gaituzte. Honi erantzunez eta etengabeko digitalizazio prozesu horretan, mendi tontor eta buzoi horien kokapen edo koordenatu zehatzak aplikazioan uztartzea ezinbesteko lana izan da. Gainera, elkarlan horren barruan, Mendizale Federazioek mendizaleentzat idatzi dituzten segurtasun arau batzuk zabaltzen ere lagunduko dute eta mendizaleentzat erronka txikiak sortu eta plazaratzeko tresna ere txertatu dira Mendiak aplikazioan.  Helburua, beti bezala, euskal mendizaleentzat informazio eta tresna erabilgarriak kaleratzea, mendizaletasuna sustatzeko asmoz.

Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azaldu zuenez, "Kirola berrikuntzaren sustatzailea da, Europako Kontseiluak onartzen duen bezala. Eta Gipuzkoako kirolak berrikuntzaren lehen lerroan egon nahi du, kirol-eragileekin batera, herritarrei pertsona aktibo izateko aukerarik onenak eskaintzeko. Kiroletako Departamentuak bultzada handia eman dio federazioen digitalizazioari azken urteotan, eta 400.000 € inguru bideratu ditu federazioen berrikuntza teknologikoetarako", esan du.

Urdin Elorza, Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikariak adiera du "gaur mendizaleak gara, atzoko mendizaleek bideak garbitu zizkigutelako. Mendiko postontziak digitalizatzeko proiektu honi ekin diogu, mendiak, natura eta ondarea babesteko belaunaldi berriak hezteko".

Josu Azpillaga CodeSyntaxeko ordezkariak adierazi zuen "CodeSyntaxek kaleratu dituen aplikazioen artean arrakastatsuenetakoa da Mendiak APPa.   uskal Herriko 3.000 mendiren informazioa biltzen duen aplikazioa da eta mendizaleei beren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen die, norbere igoera guztien historikoa eta estatistikak eskaintzen dituelarik.  Android eta iPhone gailuentzat dago prest, doakoa da eta 20.000 deskarga baino gehiago ditu, euskara hutsean dagoen aplikazio batentzat marka adierazgarria". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak