Bi hilabetean egingo diren bigarren hauteskundeak dira gaurkoak. Oraingo honetan, baina, Espainiako Gorteetarako eserlekuak daude jokoan; bai
Espainiako Kongresukoak, baita Senatukoak ere. 49.528 debagoiendar daude deituta botoa ematera, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) helarazitako datuen arabera, maiatzean baino 67 lagun gutxiago: Arrasaten 16.932, Bergaran 11.286, Oñatin 8.777, Aretxabaletan 5.531, Eskoriatzan 3.230, Antzuolan 1.601, Aramaion 1.150, Elgetan 856 eta Leintz Gatzagan 165.
Gaurko hauteskundeetako hautetsontzietan bi boto eman ahal izango dira: bata, zuria, Kongresuko botoa; eta bestea, laranja, Senatukoa. Boto horiek ibarreko 21 hauteslekutan eman beharko dituzte debagoiendarrek, bakoitzak dagokionean. Arra- saten sei hautesleku jarriko dituzte, Bergaran bost, Oñatin lau eta Aretxabaletan, Eskoriatzan, Elgetan, Aramaion, Antzuolan eta Leintz Gatzagan bana. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara egongo dira hauteslekuak zabalik.
Eserlekuak jokoan
Kongresurako 350 eserleku aukeratuko dira, denera –Gipuzkoan 6, Bizkaian 8, Araban 4 eta Nafarroan 5–, eta Gipuzkoan Kongresurako hamabi zerrenda aurkeztu dira; 2019an aurkeztu zen kopuru bera. Alderdi hauek dira Gipuzkoan aurkeztu direnak: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Sumar, PP, VOX, Partido Animalista (PACMA), Aulki Zuriak, Recortes Cero, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista (ELAK), Frente Obrero eta Bidezko Mundurantz (PUM+J), hain zuzen ere.
Senatuan, berriz, 208 eserleku aukeratuko dituzte; lau Gipuzkoan eta hamaika alderdi aurkeztu dira Senaturako –Kongresurako berak, Frente Obrero izan ezik–.
Inoizko eskaera gehien
Hego Euskal Herrian 2.308.985 lagun daude deituta botoa ema- tera –Gipuzkoan 585.879, Araban 260.213, Bizkaian 942.980 eta Nafarroan 519.913–, eta horietatik 262.086 herritarrek eskatu dute posta bidezko botoa: Gipuzkoan 57.559k, Araban 30.928k, Bizkaian 126.188k eta Nafarroan 47.411k.
Marka guztiak hautsi ditu posta bidezko botoen eskaera kopuruak; 2019ko azaroko Gorteetako hauteskundeei erreparatuta, laukoiztu egin dira datuak
Hego Euskal Herrian –orduan, 67.314 eskaera egin ziren–. Eskaeren gorakadaren aurrean, Correosek hartu dituen neurrietako batzuk izan dira zerbitzuak indartzea, pertsona gehiago kontratatzea eta ordutegia malgutzea –Arrasateko bulegoa hilaren 13tik 20ra 22:00ak arte egon da zabalik–.
Parte-hartzea
Maiatzeko hauteskundeetan %40ren bueltakoa izan zen abstentzioa EAEn eta %32koa Nafarroan, eta, gaurko egunari begira, Iñaki Galdos analista
politiko oñatiarrak dio par te-hartzea handia izango dela: "Gehiago igoko da Espainiako hainbat lurraldetan, baina hemen, gutxi gorabehera, partaidetza handia egongo da. Txikiagoa izango da Katalunian, independentismoaren sektore batek abstentziora deitu baitu. Katalunian baino handiagoa izango da partaidetza hemen. Gurean ere badaude abstentziora deitzen dutenak, eta ikusi egin beharko da ze eragin duen". Hala ere, ez du espero "sorpresarik".
Posta bidezko boto eskaera laukoiztu egin bada ere, jakina zela azaldu du, hauteskunde eguna zein den ikusita, baina horrek ez duela esan nahi parte-hartzea aldatuko denik: "Asko haziko zela argi zegoen; gero parte-hartzea askoz handiagoa izango den zalantzan daukat. Ez dut uste eskaerak izugarri igo izanak parte-hartzea izugarri igoko duenik; ez, behintzat, maila berean".
Maiatzeko joera bera
Azken urteetako hauteskundeetan EH Bilduk hartu du indarra Debagoienean, eta gainontzeko alderdiek beherakada izan dute. Duela bi hilabeteko emaitzak ikusita, Galdosek argi dauka horren denbora gutxian ez dela gauzarik aldatuko; joera, gutxi gorabehera, bera izango dela: "Bi hilabetean ez dago astirik joerak aldatzeko".
Iñaki Galdos: "Bi hilabetetam ez dago astirik emaitzen joerak aldatzeko"
M28 eta U23 ezberdinak direla azpimarratu du, ordea; euskal alderdiek "pittin bat" protagonismoa galtzen dutelako Espainiako gorteetako hauteskundeetan: "Hauteskunde orokorretan jendea gehiago egon da Espainiako Estatuko lau alderdi nagusiei begira. Hala ere, uste dut bi euskal alderdi nagusiek euren lekua topatu dutela eta, hain zuzen, maiatzeko joerek jarraituko dutela euren emaitzetan".
Kongresuko EAEko hamazortzi eserlekuei buruzko azken inkesten arabera, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk bosna eskuratuko lituzkete, jeltzaleek bat galdu eta ezker abertzaleak eta sozialistek bana irabazita; Sumarrek bat, bi galduta; eta PPk bi, bat irabazita. "EH Bilduk aukera du Bizkaian sartzeko eta EAJk bat galdu lezake. PP Araban sartuko da, baina gora egitea logikoa da, Ciudadanosek bere ordezkaritza galdu baitu. Batzar Nagusien edo zinegotzien kasuan, mugimendu samurragoak dira, baina Euskadin eserleku gutxi daude banatzeko, eta aldaketa handiak izateko mugimendu sakonak gertatu behar dira", dio.
Presidentetza: ezkerra ala eskuina
Espainiako presidente izateko lehian, alderdirik bozkatuena PP izango dela diote inkestek: "PP eta VOX Gobernura heltzen badira, ikusi beharko da elkarren arteko indar-korrelazioa zenbatekoa den. Eskuinak irabazten badu, ez dago zereginik, baina, ezkerrekoen arteko Gobernuarekin jarraitzen badugu, ez daukat zalantzarik Gobernu hori babesten jarraitu beharko dutela EAJk eta EH Bilduk. Hala ere, birplanteatu egin beharko dute euren jarrera PSOErekiko, Euskal Herriarekiko promes asko ez dituelako bete", azaldu du Galdosek.
Iñaki Galdos: "Bere hautesleekin asmatu egin zuen Feijook debatera ez joanda"
Sozialisten nahiz popularren kanpainaz eta eguazteneko debateaz galdetuta –PSOE, Sumar eta VOXeko hautagaiek hartu zuten parte; PP ez zen aurkeztu–, honako hau dio: "Uste dut Feijook bere boto-emaileekin asmatu egin zuela eguazteneko debatera ez joanda. Uste dut agerian jarri nahi izan zuela hori ez zela haren debatea. Ez du esan nahi ados nagoenik, baina, puntu horretatik, haren jendearekin asmatu egin duela esango nuke".
Hauteskundeak Goienan
Espainiako hauteskundeei jarraipen berezia egingo die Goienak gaur, bozketa egunean. Goizean goizetik, hauteslekuak irekitzen direnetik, gauera arte, emaitzak jakin ostera arte. www.goiena.eus-en hauteskundeen emaitza guztiak izango dira gaur bertan: herrikoak, eskualdekoak, lurraldeetakoak eta Espainiakoak. Biharamunean, bestalde, Goiena telebistan eta webgunean, emaitzen berri emateaz gain, alderdien eta herritarren balorazioak ere jasoko dira.