Hasi berri den legegintzaldian ez da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua izango Aintzane Oiarbide Iruretagoiena (Errenteria, 1964). Kargu hori izan du 2015etik 2023ra, eta orain, Maria Ubarretxenak hartuko du haren lekukoa. Egindakoaz eta egiteke dagoenaz hitz egin du; lurraldeko bide azpiegiturak esku onean uzten dituela dio.
Zortzi urte eman dituzu Foru Aldundian, Bide Azpiegituretako diputatu. Nola aurkitu zenuen eta nola utzi duzu?
Sartu nintzenean Bilduren kudeaketaren ondorioekin egin nuen topo; Larrialdizko obrak egiteke, errepideen finantzaketa konpondu gabe, eta lurralde orekarako errepideak egin gabe. Adibidez, Antzuola eta Bergara arteko Deskargako autobidearen obrak utzita eta apurtuta zeuden, eta AP-1eko Eskoriatza parean mendia erori zen eta ez zegoen ongi bideratuta obra. Guk bukatu genuen.
Debagoiendar baten eskutik hartu zenuen kargua eta debagoiendar bati pasa diozu.
Ez nuen kargua Larraitz Ugarteren eskutik jaso, ez baitzen azaldu ere egin Aldundian ni sartu nintzenean. Orain berriz Maria Ubarretxenari testigua normaltasun osoz pasa diot. Berarekin egon naiz departamentuaren berri ematen eta oso esku onetan utzi dut. Kudeaketan eskarmentua eta horrelako ardura bat eramateko adorea du.
Agintaldi honetan hasitakoen artetik ze geratzen da bereziki egiteko?
Arlabango lurzorua konpontzea, obra lizitatuta dago eta laster hasiko dira. Horrez gain, Bergaratik Gorlako errepidearen konponketa (adjudikazioa eginda dago eta obra hastear dago), aurki hasiko den Elgeta eta Kanpanzar arteko bide zabalketa, edota Arrasate eta Elorrio arteko autobidearen proiektua jaso eta erabakiak hartzea. Behar asko daude.
Egindakoetatik, zerekin zaude gusturen?
Deskargarekin, Mutrikuko errepide eta oinezkoen paseoarekin eta martxan jarri ditugun mantenurako lanen programekin.
Une zailak ere izan dira; bereziki, garraiolariekin izan dituzun tirabirak, bidesarien harira...
Gogorra izan da bai, oso gogorra. Batez ere familiarentzat eta niretzat. Bagenekien Espainiako kamioilarien patronala epaitegietan borrokan arituko zela bidesaririk ez jartzeko. Ez zuten nahi Espainia osoan jartzea eta gure pausoa arriskutsua zen haientzat. Dena den, Europako Batzordeak behartu egingo du Espainiako gobernua bidesaria autobide guztietan jartzera eta guk jada gainditu ditugu oztopo guztiak eta ezarrita dago. Baina okerrena nire aurkako kereila kriminalak izan dira. Ez dauka zentzurik kereila pertsonalak.