Zer dira Atzegiren abuztuko oporraldiak?
Gure partaideendako antolatzen ditugun astebeteko opor txandak dira. Aisialdia da, eta ez da inor behartuta joaten. Zortzi bat laguneko taldeak izaten dira, eta mantenu osoan joaten dira hotel batera. Bi boluntario behar ditugu taldeko, eta kontua da faltan ditugula; batez ere, abuztuaren 6tik 22ra arteko txandetarako.
Ezagutza berezirik behar da oporraldiotan boluntario egiteko?
Ikasketa edo formakuntza berezirik ez da behar, baina garrantzitsuak dira bi faktore: alde batetik, motibatuta joatea; izan ere, astebete da, eta 24 orduz. Kolektiboarekiko sentsibilitatea ere behar da, zein tratu eman eta abar jakiteko. Horregatik, joan aurretik egun bateko formakuntza egiten dugu boluntariorekin; batez ere, elkar ezagutzeko, programaren berezitasunak azaltzeko eta egokitasuna baloratzeko. Kasu guztietan, saiatzen gara boluntario bikoteak ondo aukeratzen, elkarren arteko konplizitatea garrantzitsua delako.
Adin berezirik behar da?
Baditugu 54 urteko boluntarioak, eta baita 17 urteko bat ere. Egia esan, 16 urtetik gorakoak boluntario izan daitezke Atzegin, baina adin txikikoen kasuan ondo begiratu beharra daukagu ze ardura maila har dezaketen eta zein ez.
Eta nora egiten dituzue oporraldiak?
Hainbat lekutara: Mediterraneo aldera –Salou, Lloret de Mar, Calella...–, Jaca, Isla, Gijon, Ledesma... Batzuk hondartzara, beste batzuk mendi aldera. Aurten, talde batek zirkuitu bat ere egingo du Aragoi eta Katalunia aldean. Jarduerak ere egiten dituzte, eta denen artean adosten dute zer eta noiz. Igerilekua, txiringitoa, bisita gidatuak, hondartza, talderen batzuek parranda ere egiten dute, beste batzuek nahiago izaten dute hoteleko ikuskizunak ikusi... Taldearen arabera da, eta adostu egiten dira; betiere, aurrekontura egokituta.
Atzegik egiten du nolabaiteko jarraipenik?
Bai. Boluntarioak joaten dira opor lekuetara, baina gu bulegoan gaude eta 24 orduko jarraipena egiten dugu. Telefono bat dugu piztuta gau eta egun abuztuaren 1etik 22ra. Boluntarioek erabiltzeko dago. Edozein urgentziaren edo galderaren aurrean laguntzeko gaude. Bestetik, egunero jartzen gara haiekin harremanetan, nola dauden galdetzeko edo zerbait behar ote duten jakiteko.
Dinamika garrantzitsua da partaideendako, ezta?
Partaideendako oso garrantzitsua da, eta familiendako ere bai. Egia esan, partaide askok ez dute beste aukerarik lagunekin oporretan joateko. Gehienetan, gurasoekin joaten dira, eta iristen da une bat non beti gurasoekin aspergarria ere baden. Esan behar da familiek ere ondo hartzen dutela astebeteko atsedena.
Boluntario falta bereziki nabarmena da Debagoienean?
Bai, horrela da. Hainbat eskualde koordinatzen ditut; tartean, Debagoiena. Eta Atzegin gaur egun 400 bat boluntario baditugu – oporraldietarako, txolarteetarako, irteeretarako...– Debagoienean hamabi bakarrik daude. Oso gutxi da. Saiatzen gara gazteak animatzen, eta hitzaldiak egin izan ditugu Bergaran, Aretxabaletan, Arrasaten eta Oñatin, baina zailtasunak ditugu. Boluntarioak falta dira oporraldietarako, baina baita ikasturtean zehar egiten ditugun ekintzetarako ere. Debagoienean baditugu 17-24 urteko gazte kuadrilla bat eta 31-65 urte arteko beste bat. Urritik ekainera bitartean gainerako eskualdeetan halako taldeak astean behin elkartzen dira lagunartean egoteko. Debagoienean ez dago boluntario nahikorik, eta hilean bitan bakarrik elkartzen dira. Imajinatu lagunekin hilean bitan bakarrik elkartzea! Horrekin lotuta, deialdi berezia egiten dut urrira begira ere. Taldeak desegitea pena handia litzateke.
Boluntario izan nahi dutenek nora jo behar dute?
Atzegi.eus webgunean gure proiektuen nondik norakoak eta argazkiak aurki daitezke, baina zuzenena deitzea da. Bulegoko telefonoa 943-42 39 42 da. Zalantzak argitzeko, niregatik galdetu.