Lehengo berriak, klik batean

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko uzt. 7a, 09:40

1988tik 2006ra arte argitaratu ziren Debagoieneko herri aldizkariak digitalizatu ditu Goiena Taldeak. Goiena.eus-en kontsulta daitezke 2.758 zenbaki. Garai bateko herrietako berriak, klik batean eskura, hemen.

1988ko abenduan argitaratu zuen AEDk Arrasate Press astekariaren lehen zenbakia. Hura izan zen mugarri, euskarazko tokian tokiko informazioari dagokionez. Arrakasta izan zuen formula asmatu zuten: gertuko informazioa, doan, etxeetara, zabalkunde handiarekin…, eta euskaraz. Ekimen harekin, gaztelaniari esparru publikoan gailendu zitzaion euskara. Sekulako arrakasta izan zuen. "Sortu eta urtebetera 7.000 alera iritsi ginen", dio Joxe Arantzabalek, Arrasate Press-eko lehen zuzendariak.

Herriaren identitatea

Mondragoekoaren atzetik etorri ziren beste hamaika proiektu, Euskal Herrian barrena. Horietako batzuk, Debagoienean bertan. Berrigara, lehenbizi, 1990ean sortua eta hura ere astekaria, Arrasate Press-en eredu berarekin: herriko euskara elkarteak, Jardunek, Bergarako Udalarekin lagunduta. Nazio edota lurralde mailako prentsak betetzen ez zuen hutsunea eta eskaintzen ez zituen aukerak hartu zituela prentsa lokalak bere gain dio Miguel Angel Elkoroberezibarrek, Berrigara-ko lehen zuzendariak. Eta gehitu du: "Gure herriaren identitatea eraikitzen eta euskarazko herri prentsa profesionalaren oinarria ezartzen lagundu zuen".

Aldizkariak sarean

Arrasate eta Bergarakoen atzetik, Aretxagazeta, Ze Barri?, Kontuola, Txirritola, Goibeko- kale… maiztasun ezberdinekin. Herririk herri, hazirik hazi… Euskal Herri osoan zabaldu zen eredua. Gaur egun, Tokikom elkarteak batzen ditu euskarazko tokian tokiko hedabideak. 78, guztira; gehienak, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa iparraldean. Horietako asko paperean ere argitaratzen dira eta nagusi dira euren esparruan.

Debagoieneko aldizkari horiek guztiak 2006ko urtarrilera arte argitaratu ziren; 2001etik aurrera, eskualde osoan banatzen zen Goienkaria-rekin batera. Orain, Goiena aldizkariaren 1.000. zenbakia argitaratzen dela aitzakia hartuta, eta azken bi urteotako lanaren ostean, Goiena.eus-en jarri ditu Goienak kontsultatzeko moduan. "Herriarekin batera sortu eta landutakoa herriarendako bueltan. Horixe nahi izan dugu, eta, azkenean, lortu dugu, hein baten: komunitatean egiten dugu lan, eta komunitaterako. Debagoienean herri eta eskualde aldizkariok euskaraz idatzi dugun eduki guzti-guztia jarri nahi izan dugu herritarren esku". Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiaren berbak dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondareak eta Arrasateko Udalak lagundu dute ekimena.

Herritar edo ikertzaile

Debagoieneko euskarazko tokiko aldizkariak digitalizatu izanaz zera dio Joxe Arantzabalek: "Oso albiste ona da, eduki horiek behin digitalizatuta denen eskura egon daitezkeelako, herritarrak izan ala ikertzaileak izan". Miguel Angel Elkoroberezibarrek, berriz: "Gure historia hurbila errepasatzeko aukera bikaina da. Hortxe dago gure legatua". Aretxagazeta-ko lehen zuzendari Jokin Antxiaren ustez, ostera, berri pozgarria da: "Gaur egun nahiko gertu ikusten dugu hasiera, baina urte batzuk barru entziklopedia bat izango da bailarako historia ulertzeko". Eskoriatzako Ze Barri? aldizkariaren sorreran jardun zuen Andoni Bengoak dio ilusio handia egiten diola lehengo kontuak berriro kontsultatu eta gogoratzeak, eta jendea animatu du kuxkuxeatzera: "Ziur ahaztutako kontu asko ikusiko dituela". Aldizkari berean, Bengoarekin batera, ibili zen Lore Agiriano. Zera dio: "Aldizkariak digitalizatuta, herriaren testigantza jasota geratu da horrela, eta hori altxor bat da". Eta Aramaioko Txirritola-ko Rosa Mondragonek, honako hauxe: "Seguru nago kuxkuxero batek baino gehiagok arakatuko dugula, nostalgiaz, garai bateko Aramaio eta protagonista izan ziren aramaioarren kontuen bila".

2.758 zenbaki

Eskualdeko zazpi herri aldizkariren 2.758 zenbaki aurkituko ditu erabiltzaileak Goiena.eus-en, Aldizkariak atalean. Goienkaria-ren eta GOIENA aldizkariaren 1.000 zenbakiekin, Asteleheneko Goienkaria-ren 479 zenbakirekin eta Puntua aldizkariaren 373 zenbakirekin batera. GOIENA eta Puntua astero igotzen dira sarera.

Une zail asko

Atzera begira jarrita, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan jaio eta loratu ziren aldizkarien sorrerak gogoratu dituzte aldizkariok sortu eta abiatzen jardun zutenek. "Hasierak gogorrak izan ziren: inork ez zuen esperientziarik, eta kostatu egin zitzaigun lanaren dinamika egonkorra lortzea. Ilusioak gidatzen gintuen denok, baina une gogor asko pasatu genuen", dio Joxe Arantzabalek. Berrigara-ko Miguel Angel Elkoroberezibarrek, berriz, sorrerako ilusioa azpimarratu du: "Dena zen posible, dena zegoen egiteko, gazte ginen eta lotsagabe… Kalitatezko aldizkaria egin nahi genuen, euskaraz egitea posible zela frogatuz. Auzolanean egin genuen, kolaboratzaile askoren laguntzarekin, herriaren babesa sentituz".

Une zailak izan ziren, hasiera guztiak bezala, Jokin Antxia Aretxagazeta-ko zuzendariak dioen moduan: "Tentsio handiko egunak izaten ziren aldizkaria inprimategira eraman behar zenean". Eta denetik egin behar izaten zutela dio Andoni Bengoa Ze Barri?-koak: "Denetik egiten genuenez, arlo asko ikasi behar izan genituen: artikuluak idazten, maketazioak egiten, publizitatea kudeatzen…". Eta alor horretan kolaboratzaile sarearen lana "ezinbestekoa" izan zela gogoratzen du aldizkari bereko Lore Agirianok.

Kazetaritza, lanbide

Joxe Arantzabalek dio euskarazko prentsa lokala sortzeak, alegia, aurretik ez zegoen esparru bat irekitzeak, ekarri zuela beste ondorio bat: "Bertako kazetarien lana profesionalizatzea, euskarazko publizitatearen esparrua bizkortzea eta jendea euskaraz irakurtzen ohitzea, besteak beste". Ohitura hori sortzen lagundu zuen, hein batean, gertuko istorioak kontatzeak eta gertuko pertsona ezagunen berri emateak. Horixe nabarmentzen du Miguel Angel Elkoroberezibarrek: "Herria eta herritarrak bihurtu ziren aldizkariko protagonista, eta horrek interesa piztu zuen berehala". Alde horretatik, gogoan du nola 10. zenbakian "sonatua" izan zen elkarrizketa bat argitaratu zuten, kontu global baten gainekoa –Pertsiar golkoko gerra–, baina maila lokalera ekarrita; Txomin Pineda herritarra, soldadutza egiten ari zena, Ekialde Hurbilean harrapatu zuen: "Beste dimentsio bat hartu zuen astekariak eta orduantxe konturatu ginen haren potentzialaz. Golkoko gerra komunikabide guztiek jarraitzen zuten eta guk ere bageneukan zer esana", dio Elkoroberezibarrek.

Digitala… eta papera

Papereko euskarrien eragina ez da duela 20 urte zena eta gaur egungo testuingurua Debagoieneko herri aldizkariak sortu zireneko garaikoaren ezberdina da. Dena den, sorreran ibili ziren gehienek badute oraindik papereko hedabideak irakurtzeko ohitura. "Beste patxada batekin irakurtzeko aukera" ematen dutela dio Lore Agirianok; Andoni Bengoa herrikideak zera gehitu du: "Berria eta Elhuyar aldizkariko bazkide ere bagara eta paperean ere irakurtzen jarraitzen dut, nahiz eta digitalean ere asko irakurtzen dudan gaur egun". Jokin Antxiak honako hauxe dio: "Gure adinekook hori ikasi genuen eta orain ere gustuko dugu banku baten bueltan edo kafe batekin paperezko agerkariak irakurtzea". Miguel Angel Elkoroberezibarrek ere "egunero irakurtzen" ditu. Joxe Arantzabalek eta Antzuolako Kontuola aldizkariaren sorreran aritu zen Jone Larrañagak, berriz, digitalera jotzen dute: "Bakarrik begiratzen ditut premia dudanean informazioren bat ateratzeko", dio Arantzabalek; eta papera "gero eta gutxiago" erabiltzen duela Larrañagak.

1000. zenbakia

GOIENA aldizkariak 1000. zenbakia argitaratu du gaur. 1988tik aurrera sortu ziren herri aldizkarien segida da. 2001ean, guztiak asteroko maiztasunez integratu ziren Goiena aldizkarian –orduan, Goienkaria–. Berri pozgarria dela diote aldizkariotako sortzaileek. "Erregalu handi bat da. Gaur egun ez genuke ulertuko bailarako informazioa eta euskararen aurrerapena bertako aldizkaririk gabe", dio Antxiak. Elkoroberezibarrek, berriz, zera: "Oinarrizko erreferentzia bilakatu da. Gure herrietako azkenaldiko historiaren erregistroa, gertaera xume bezain entzutetsuak batzen dituena". Eta Jone Larrañagak: "Euskaraz irakurtzeko aukera bat da, askorentzat bakarra, eta, alde horretatik, betetzen duen zeregina funtsezkoa da".

Baliabideetan ere aitzindari

Euskarazko tokiko prentsan lehena izateaz gain, papereko agerkariak egiteko baliabideei dagokienez ere, aitzindari izan zen Arrasate Press. Bidea zabaldu zuen egiteko moduan ere. Joxe Arantzabal Arrasate Press-eko lehen zuzendariak ondo gogoan dauka: "Hasieratik auto edizioa aukeratu genuen lan egiteko, orduan hastapenetan zegoen teknologia bat, baina aukera ematen ziguna geuk kontrolatzeko produktua hasieratik kaleratu arte. Hala ere, ez pentsa, bizpahiru Macintosh ordenagailurekin hasi ginen, pantaila txiki-txikikoak; laser inprimagailu bat eta eskaner bat. Nahikoa lan teknologia bera menderatu eta ostiralero astekaria harpidedunen etxeetara iristarazteko".

Aldizkariak

Arrasate Press
  • Herria: Arrasate.
  • Sorrera: 1988-12-02.
  • Argitaratzailea: Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartea; gerora, Arrasate Komunikabideak (Arko).
  • Maiztasuna: Astekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 745.
Berrigara
  • Herria: Bergara.
  • Sorrera: 1990-12-14.
  • Argitaratzailea: Jardun euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Astekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 656
Aretxagazeta
  • Herria: Aretxabaleta.
  • Sorrera: 1992-03-12.
  • Argitaratzailea: Loramendi euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Hamabostekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 410.
Ze Barri?
  • Herria: Eskoriatza.
  • Sorrera: 1996-06-27.
  • Argitaratzailea: Axtroki euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Hilabetekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 241.
Kontuola
  • Herria: Antzuola.
  • Sorrera: 1997-09-12.
  • Argitaratzailea: Idolaz euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Hamabostekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 273.
Txirritola
  • Herria: Aramaio.
  • Sorrera: 2000ko maiatza.
  • Argitaratzailea: Txirritola euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Hilabetekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 179.
Goibekokale
  • Herria: Elgeta.
  • Sorrera: 1995ko martxoa.
  • Argitaratzailea: Goibeko euskara elkartea.
  • Maiztasuna: Hilabetekaria.
  • Amaiera: 2006-01-27.
  • Zenbakiak: 254.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak