Hamaika istoriorekin, milagarrena. Zenbaki borobila esku artean duzun astekari honek gaur, 2023ko uztailaren 7an, argitara eman duena. Haren izen, diseinu eta aro aldaketekin. Duela ia 23 urte, 2000. urteko abenduaren 1ean, egubakoitza, jaio baitzen Goienkaria, Debagoieneko bederatzi herrietan banatuko zen herri aldizkaria.
Helburua zen eskualde mailako proiektu komunikatibo sendoa sortzea
Honela jaso zuen lehen zenbaki hartan Eneko Azkarate kazetariak, gaur egungo GOIENA aldizkariko zuzendari eta orduko hartan Goienkaria abiatzeko ardura izan zuenak: "Gaur, abenduak 1, jaio da Goienkaria. Astero banatuko da, Debagoieneko herri guztietan, herri aldizkariak banatzen direnetan, haiekin batera; bestela, bakarrik. 20.000 ale banatuko dira, euskaraz egindako idatzizko komunikabide batek inoiz izan duen zabalkunderik handiena". 24 orrialdekoa izan zen, herri guztiek izan zuten euren atala, eta kirolak, kulturak, agenda, sailkatuak eta jaiotzak ere hantxe ziren. Urtebete geroago, 2001eko urrian, eskualdeko herri aldizkari guztiak asteroko bihurtu ziren –ordura arte Arrasate Press eta Berrigara bakarrik ziren astekariak– eta Goienkaria barruan banatzen ziren. Eta horrela, 2006ko otsailaren 3ko argitalpenera arte. Egubakoitz hartan, Goienkaria edizio bakarreko bihurtu zen eta herri aldizkariak desagertu ziren betiko. Goienak Debagoiena osorako idatzizko edizio bera argitaratuko zuen.
Debagoiena, jomugan
Eneko Azkarate: "Eskualdeari zentzua ematen lagundu du GOIENA aldizkariak"
2000. urteko martxoan, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea sortu zenean, helburua zen eskualde mailako proiektu komunikatibo multimedia sendoa sortzea: "Telebista, papera, irratia eta artean berria zen Internet batuko zituena, eta, orduko hartan, lehenengo bietan jarri zen arreta", dio Eneko Azkaratek, Goiena taldeko edukien zuzendariak. Debagoieneko euskara elkarteak, tokian tokiko proiektu komunikatiboetako ordezkariak eta udal ordezkariak hizketan hasi ziren, eskualde ikuspegia jomugan, hain zuzen. "Herriko mugak gainditu eta eskualde mailako euskarriak sortzea zen asmoa, eta euskararen normalizazioan eraginkorrago izatea". Eta horrela sortu ziren lehenengo GOITB eta Goienkaria. Biak ala biak laguntzeko, biztanleko 1.000 pezeta eskatu zitzaizkien Debagoieneko udalei. Gaur, aldizkaria sortu eta 23 urtera, "Debagoiena egiten" ekarpena egin dutela ez lukete askok zalantzan jarriko. "Oro har, Goienak, eta, zehatzago, GOIENA aldizkariak, eskualdeari zentzua ematen lagundu dute, astero ia 29.000 irakurlerekin ia etxe guztietan sartzen baita", dio edukien zuzendari Eneko Azkaratek.
Hainbat aro
Astean behinekoa nahikoa iruditu ez, eta euskararen normalizazioaren ikuspuntutik eraginkorragoak izateko eta informatiboki zerbitzu hobea emateko egunerokoa argitaratzea izan zen garai baten erronka. "Bereziki, Jardunen helburua –Goienak bat egiten zuen– zen eskualderako egunkari bat sortzea, edo, gutxienez, astean bospasei egunetan argitaratuko zen papereko agerkaria argitaratzea. Ulertzen zen euskararen normalizazioaren bidean eraginkorragoak izango ginatekeela. Ulertu behar da 1990eko eta, bereziki, 2000ko hamarkadetan papereko euskarrien –egunkari, aldizkari...– loraldia gertatu zela. Ekonomia hazkundeak ahalbidetuta, autoedizioak sortzen zituen aukerez baliatuta, orriak eta orriak inprimatzen ziren, eta, testuinguru hartan, aukerak aztertzen hasi ginen", dio Eneko Azkaratek. Egin ziren azterketa ekonomikoak, eta, azkenean, erabaki zen astean bitan argitaratzea. Horrela sortu zen, 2003ko abenduaren 22an, Asteleheneko Goienkaria. Hura aurrera atera ahal izateko beste finantziazio iturri batzuk bilatu ziren, dirulaguntzak eta publizitatea ez baitziren nahikoa. Hala, harpidetza edo salmenta bidezko diru-iturriak bilatu ziren. 2003ko abenduaren 22an kaleratu zen lehenengo zenbakia, eta, handik hamaika urtera, 2014ko abenduaren 22an, 479 zenbaki kaleratu ostean, Asteleheneko Goienkaria-ren azkena argitaratu zen. Halere, harpidedunei zerbitzu onena eskaintzen jarraitzeko helburuarekin, Puntua jaio zen. 2015eko urtarrilaren 16an kaleratu zen lehenengo zenbakia. Egubakoitzetako ordainpeko argitalpena da hori, elkarrizketa, erreportaje eta beste hainbat kontu landuz osatua.
Hainbat aitortza izan ditu: Rikardo Arregi eta Argia Sariak, eta diseinuari sariak
Astekari saritua
Mugarriekin jarraituz, sariak dira aipagarri. 2002. urtean Argia saria eskuratu zuen Goienkaria-k, prentsa idatziaren atalean; eta hurrengo urtean, Rikardo Arregi sarietan aipamen berezia egin zitzaion CSI telesaileko William Petersen –Gill Grissom– aktorearen iragan oñatiarra erreportajeagatik. Diseinuak ere jaso ditu sari bat baino gehiago; aipatzekoa da 2004ko European Newspaper Award saria, ondoen diseinatutako tokiko aldizkaria izateagatik.
Iban Arantzabal: "Euskarazko komunikabideak estrategikoak dira euskalduntzean"
Euskararen Egunean, gazteleraz
Herritarren memorian ere geratuko zen, seguru asko, 2015eko abenduaren 3koa. Egun hartan, "Goienak bere misioa itzulipurdi jarri zuen, gaztelera hutsean egindako zenbaki bat argitaratuta", azaldu du Iban Arantzabalek, Goienako zuzendari nagusiak. "Modu deigarri eta puntualean bada ere, efektu-kolpea eman nahi izan genuen. Erakutsi nahi izan genuen euskaraz egitea ez dela kapritxo hutsa, euskarazko komunikabideak estrategikoak direla euskalduntzean. Eta zer geratu zen argi? Ba, asko galduko genukeela kioskoan dauden erdal prentsaren moduko bat gehiago eginda", azpimarratu du.
Zu hemen zaudela, aurrera
Goiena aldizkariak milagarrena, beraz. Eta zurekin, zu ere hemen zaudela iritsi da honaino. Izan ere, ia 29.000 irakurle ditu astero Goienako beste hedabide guztien artean nagusi izaten jarraitzen duen paperekoak. Eta jakin arren, oro har, papereko edizioen irakurle kopurua beherantz doala, masiboa, doanekoa, tokikoa, gertukoa eta hurbila den eredu honek milagarrenetik aurrera luze egiteko badu oraindik osasuna.
Aldizkaria, mugarriz mugarri
- 2000 Abenduak 1. Lehen zenbakia argitaratu zen.
- 2001 Urriak 19. Zazpi herri astekari Goienkaria barruan, lau ediziotan.
- 2002 Urtarrilak 25. Argia saria 2002. Prentsa idatziaren atalean.
- 2003 Ekainak 28. Rikardo Arregi saria 2003, Aipamen Berezia. William Petersen –CSI telesaileko Gil Grissom–, Telebistako izar baten iragan oñatiarra erreportajeagatik.
- 2004 Martxoak 28. European Newspaper Award saria, ondoen diseinatutako tokiko aldizkaria.
- 2003 Abenduak 22. Asteleheneko Goienkaria-ren 0. zenbakia.
- 2004 Otsailak 16. Asteleheneko Goienkaria-ren 1. zenbakia.
- 2006 Otsailak 3. Goienkaria, edizio bakarrekoa. Herri aldizkariei agur.
- 2010 Azaroak 12. Goienkaria-ren eta Asteleheneko Goienkaria-ren ordez Goiena aldizkaria (442. zenbakia).
- 2014 Abenduak 22. Asteleheneko Goienkaria-ren azken zenbakia (479. zenbakia).
- 2015 Urtarrilak 16. Puntua aldizkariaren lehen zenbakia.
- 2016 Urriak 21. GOIENA aldizkariaren azken diseinu –eta formatu– aldaketa.
- 2023 Uztailak 7. 1.000. zenbakia.
- 2023 Uztailak 7. Puntua aldizkariaren 374 zenbakia.