1.000 zenbaki argitaratuta, artxibo itzela sortu du Goienkaria-k lehenengo eta GOIENA aldizkariak ondoren. Artxibo itzela, Debagoieneko urte hauetako guztietako gertakariak eta herritarrak direlarik protagonista nagusi. Eta zer litzateke aldizkari bat hizketakide edo mintzalagun barik? Izan ere, hedabideek haiengandik edaten dute, izan instituzio zein eragile antolatuetako ordezkari, izan herritar. Arrazoi batengatik edo bestearengatik une baten albiste edo informazio iturri izateko baldintzak betetzen dituzten horiengandik. Debagoiendar barik, nekez egingo lukeelako GOIENA aldizkariak 1.000 zenbakiko ibilbidea.
Ordukoak, gaur
Hala, urte hauetan guztietan aldizkariaren bidaia kide izan diren bost pertsonarekin izan da Goiena, haiek protagonista izan zirenetik hainbat urte igaro direnean. Ainhoa Garai aktore arrasatearra kontrazaleko protagonista izan zen Goenkale telesailean eman zituen urteengatik; Ixotz Louyest, transexualitate egoeran dagoen bergararra, LGTBIQ+ egunaren bueltan atera zen Goienkaria-ko azalean; Maider Unda kirolari olinpikoa, Londresko jokoen ondoren izan zen azaleko protagonista; Asier Agirre Aramaioko alkate ohia herrian AHTaren inguruko galdeketa egiteagatik inputatu zutenean agertu zen azalean eta urteurrenean Eusko Jaurlaritzaren Ukan saria jasotzeko ardura izan zuelako.
Ainhoa Garai, aktorea eta irakaslea:
"'Goenkale'-ko aktore izatetik irakasle izatera pasa naiz"
Zarautzen bizi den arrasatearrak bost denboraldi egin zituen Goenkale-ko Maialen interpretatzen, 2001etik 2005era. Hasiberriak sailerako castingean parte hartu zuen lehenengo, eta horren ostean jaso zuen Goenkale-n proba egiteko gonbidapena.
Goienkaria-k 18 urte zituela elkarrizketatu zuen, 2002an. Orduan anonimatua apur bat faltan sumatzen zuela aipatu zuen. Gaur egun oso bestelako bizimodua darama, nahiz eta oraindik jendeak kalean ezagutzen duela aitortu: "Telebistak antzerkiaren ateak zabaldu zizkidan, eta zenbait obra egin nituen Txalo konpainiarekin. 2017an haurdun geratu nintzen, eta orain 5 eta 3 urteko haurren ama naiz, eta, ofizioz, Getariako eskolako irakaslea, irakaskuntza ikasi bainuen. Lasaiago bizi naiz orain, baina oso oroitzapen onak gordetzen ditut; Goenkale-n egindako lagun askorekin harremana mantentzen dut".
Antzerkia, faltan
Aktore lanak guztiz baztertu ote dituen galdetuta, erantzun du "gustura" itzuliko litzatekeela oholtza gainera, aukera izanez gero. Euskarazko ikus entzunezko fikzioen egoera kezkaz bizi duela ere adierazi du: "Telebistan une honetan ez dago eskaintza handirik; produkzio gehiago egin beharko lirateke, kontuan hartuta profesional asko eta onak ditugula".
Ixotz Louyest, ostalaria:
"Gizarteak oraindik ez du onartu transexualitatea"
2009ko LGTBIQ+ egunaren bueltan ekarri zuen Goienkaria-k Ixotz Louyest eta haren neskalagunaren kasua argitara. Garai hartan komunikabide batzuk gaia ikusarazten ekinak zirela gogoan du Louyestek, baina hamalau urte igaro eta gero transenganako onarpen maila gutxi aldatu dela uste du: "Oso polita da lagun trans bat daukazula esanda ahoa betetzea, baina gertu-gertu tokatzen denean bestelakoa da kontua. Feminismoarekin gertatzen dena antzerakoa da: orain emakumeak hobeto bizi direla esaten da, baina datuek ez diote hori. Zenbat pertsonek jasaten dute tratu txarra; zenbatek egiten dute buruaz beste? Ez dakigu zehazki, askok ez dutelako salatzen, badakitelako Estatua ez dela lagun ona".
Genero nortasuna, hautu kulturalarekin baino, naturarekin lotzen du: "Guk ez dugu erabakitzen mutila edo neska izatea. DNAn dagoen zerbait da, gaixotasun batekin jaio eta 40 urterekin deskubritzen duzunean bezala", adierazi du.
Aurrera edo atzera?
Aurten onartu da Espainian Trans Legea, eta sakon aztertu ez duen arren, zenbait gogoeta partekatu ditu: "Kosta zaie onartzea. Kanpaina politikoetan eta curriculumean oso polita geratzen da hauen alde lan egin duzula aipatzea, baina gero, gaiaren erabilpen politikoa egiten dute. Bai, beharrezkoa zen lege bat sortzea, urrats bat da ate batzuk irekitzeko, eta pozten naiz azkenean onartu izanaz. Beterano eta gazteak asko mugitu dira eskubideen alde, LGTBIQ kolektibokoak direnak, eta laguntza ematen dutenak". Kontrara, "inboluzioa" deritzo Valentzian kolektiboaren bandera erakustea debekatzearen azken epaiari: "Guganako gorrotoak hor jarraitzen du".
2009an Itoitz deitzen zela jartzen zuen haren NANan, dokumentuetan trantsizioa egiten zebilelako eta izen hori bi sexuetan onartzen zelako; orain, berriz, Izotz jartzen du, ez diotelako benetako izena jartzen uzten: "Izan ere, ni Ixotz bezala ezagutzen naute gertukoek, ixotu, piztu esan nahi du; berpizkundea, alegia".
Ander Etxeberria, AED-ko lehendakariorde ohia eta bazkidea:
"Euskara gero eta gehiago erabiltzeko lanak hor dirau"
2 008an, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak 25 urte bete zituenean, Eusko Jaurlaritzaren Ukan sariarekin izan zen errekonozitua, euskararen erabilera sustatzeko egindako lanarengatik. Ander Etxeberria zen euskara elkarteko lehendakariordea: "Lehendakariak ezin izan zuenez saria jaso, neuk jaso nuen haren partez". Ekitaldian hitza hartu zuenean, paralelismo bat azaldu zuen: "AED bi tokitan ikusten nuen: euskara elkartearen sarreran, eta garai hartan lan egiten nuen Ikerlan kooperatibako makina batean, An External Desfibrilator izenekoan. Aipatu nuen AED sortu zenean astindu bat izan zela Arrasaterentzat, euskararen egoera hobetzeko".
Etxeberriaren ustez, elkartea erreferentea zen orduan, eta erreferentea da orain: "Lan munduan, aisialdian, gazteekin, emakumeekin... euskararen aldeko jarrerak sustatzen jarraitzen du, ez bakarrik herri barruan".
Kanpokoei ezagutarazten
Gaur egun, Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboko arduraduna da: "Kanpokoei azaltzen diet zer den gure esperientzia kooperatiboa, eta horrekin batera, euskararen alde egiten dugun lana. Euskal enpresen %1ak dauka euskara plan bat, Mondragoneko kooperatiben kasuan, %60ak, bazkideek hala erabakita. Herriarekiko inplikazioa dugula azaltzean, hizkuntza hor sartzen dut".
Asier Agirre, Aramaioko Mendi eta Ingurumen zinegotzia:
"Harro nago aramaioarrek aurre egin ziotelako AHTari"
Aramaioko alkatea zen Asier Agirre 2007an AHTren proiektuari buruzko herri galdeketa gauzatu zenean. Prebarikazioa eta desobedientzia egotzita epaitu zuten Gasteizen 2010ean, eta hurrengo urtean irten zen sententzia: absoluzioa. Hurrengo hiru agintaldietan udal arduretatik deslotuta egon ostean, Aramaioko Udalera itzuli da lanera, oraingoan, zinegotzi moduan.
Agirrek nabarmendu duenez, Aramaion egindako galdeketa herri gehiagotan egingo balitz, "momentu honetan beste egoera politiko bat biziko genuke, toki askotan nagusituko zelako AHTren aurkako jarrera". Aramaion %98k bozkatu zuen kontra.
"Lehengo lepotik burua"
Gaur egun beste makroproiektu bat dute ate joka: Itsaraz parke eolikoa. Antzekotasunak ikusten ditu Agirrek: "AHTren linea markatu zutenean, ez zituzten kontuan hartu herriko beharrak, eta berdina gertatzen da orain eolikoen gaiarekin. Energia berriztagarri sistema hori beharrezkoa dela saltzen dute. Nire ustez ez da proiektu egokia, ez delako hemengo egin eta hemengo inor kontuan hartu, ez dakigulako energia hori nora eta zertarako joango den. Kaltea besterik ez digu ekarriko". Gaineratu du energia-proiektuak sortzearen aldekoa dela, "bertako toponimia, ingurunea, gizartea eta baliabideak kontuan hartzen badira".
Maider Unda, eliteko borrokalari ohia eta gaztagilea:
"Eliteko kirolari izan arren, lasaiago bizi nintzen lehen"
Borroka librean punta-puntako atleta izan da Aramaioko Olaeta auzoan bizi den Maider Unda. 2012ko Londresko Joko Olinpikoetan brontzezko domina irabazteagatik egin zen ezagun. "Beti esan izan dut kirolari batek Olinpiar Jokoetan lortzen duela oihartzun handiena", azaldu du Undak.
Galga hori pasa ostekoak gozoak izaten dira eliteko zenbait kirolarirentzat; gaziak, besteentzat. Halaxe bizi izan zituen Undak hurrengo hilabeteak: "Londresera joan aurretik ere argi neukan ama izan nahi nuela, baina domina irabazteak burua behar baino gehiago nahasi zidan, eta, horren ondorioz, urtebete itxaron nuen. Ama izan ostean elitean lehiatzera itzuli nintzen, baina jada ez neukan lehengo maila. Saiatu nintzen Riorako sailkatzen, ez nuen lortu eta hor bukatu zen nire kirol ibilbidea".
Borroka librea indar fisikoarekin lotzen da, baina Undarentzat burua lantzea ere garrantzitsua da: "Gaur egun gehiago hitz egiten da horri buruz, baina guk dezente lantzen genuen, entrenatzaileak argi baitzeukan burua indargune handia dela".
Lanez gainezka
11 urte pasa dira balentria egin zuenetik, eta orain, perspektiba handiagoz ikusten du dena: "Orain ikusten dut sakrifizio eta esfortzu handiak egiten nituela, baina orduan ez nuen hori pentsatzen, nire helburua neukan onena ematea eta domina olinpikoa lortzea zen. Amets bat zen niretzat, ez nuen pentsatzen egia bihurtuko zenik".
Gurasoek emandako pausoak jarraituz, gaztagilea da gaur egun. Bi alaba dauzka, eta beraiekin ematen du denbora asko: "Egia esan, elitean entrenatzen nuenean lasaiago bizi nintzen, egunerokotasuna antolatuta baineukan, eta nire bizitzan ez zegoen besteentzako lekurik".
Borroka libretik ez da guztiz aldendu, halere. Mugikorretik edo telebistatik jarraitzeko zaletasuna mantentzen du, eta pandemia aurretik gaztetxoak entrenatzen zituen Otxandion: "Baina etenaldia izan genuen, eta ez dugu eskolak berreskuratzerik izan; nahikoa lan daukat bestela ere", adierazi du Undak.