Epaia ez da aho batez onartu, bi magistratuk ez dutelako bat egin gainontzekoekin, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du legeak "bi hizkuntza koofizialen artean desoreka" sortzen duela.
Seigarren artikuluaren bigarren atala izan du hizpide, hizkuntza ofizial baten aurrean, besteari lehentasuna ematen zaiola argudiatuta. Hain justu, zehaztu du herritarrek euskaraz ez dakitela justifikatu beharra dutela gazteleraz aritu ahal izateko, baina herritarrek hizkuntza bat edo beste hautatzeko aukera izan behar dutela administrazio publikoan, azalpenak albo batera utzita.
Orain arteko bidea
Eusko Jaurlaritzak 2019an onartu zuen hizkuntza ofizialak nola erabili arautzen duen dekretua. Alabaina, Vox-ek ez zuen begi onez ikusi, eta epaitegira jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak zalantza izan zuen Udal Legearen 6.2 artikuluarekin, eta Espainiara egin zuen jauzi. Horren arabera, toki erakundeetako aktak eta beste zenbait agiri euskara hutsean idatzi daitezke, baldin eta euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen dutenen eskubideak urratzen ez badira. Hala ere, Espainiak artikuluaren kontra egin du, ebatzi baitu herritarren hizkuntza eskubideak urratzen direla.