Naroa Elortza - Itsasondo (Gipuzkoa)
"Egunerokotasunean enteratzen ez naizen horren berri ematen dit"
Duela 8-9 urtetik Puntua aldizkariko kolaboratzailea da arrasatearra, eta Itsasondora joan zenetik jasotzen du GOIENA aldizkaria etxean: "Goierrira etorri nintzenean jarraitu nahi nuen informatiboki berriak irakurtzen, eta jarraitu dut. Nolabaiteko harremana da Debagoienarekin". Haren ustez, Goienako bazkide izan eta etxean aldizkari hori jasotzea garrantzitsua da, herrigintza eta euskalgintza ikuspegitik. Arrasateko orriak irakurri ohi ditu, "etxetik gertuago" sentitzen dela dio.
Albisteak, patrikan
Goienaren Telegram kanaletik ere jasotzen ditu ibarreko berriak. Noizbehinka, ataria bisitatzen du: "Goiena.eus-en albiste jakinen jarraipena egiten dut; adibidez, hauteskundeena".
Jon Basurko - Aia (Gipuzkoa)
"Herriko berri izaten jarraitzeko jasotzen dut GOIENA aldizkaria"
Arrasatearrak ez du gogoan noiztik jasotzen duen GOIENA aldizkaria etxean; dioenez, "bere garaian, aspaldi", egin zen bazkide, eta herriko berriak izaten jarraitzeko jasotzen du: "Egia esanda, gainbegiratua egiten diet orri guztiei; ondoren, puntu bat gehiago interesatzen bazait, ba, hori irakurtzen dut".
Arrasateko saskibaloi taldeko zuzendaritzan ibilia da Basurko, eta, gehienbat, kirol-kontuak irakurtzen ditu. "Eskatu nahi nuke Arrasateko saskibaloiko albiste gehiago argitaratzea", dio, barrez.
Paperari bai, digitalari bai
Basurkok eutsi egin dio papereko egunkariak erosteko ohiturari. Hala ere, teknologia berrien aldeko apustua ere egin du: Goienak bidaltzen dituen newsletter-ak jasotzen ditu posta elektronikoz.
Uxue Lazkano - Lakuntza (Nafarroa)
"Argitaratu eta astebetera jasotzen dut aldizkaria, baina ez zait axola"
Ez dauka papereko egunkariak irakurtzeko ohiturarik Lakuntzan bizi den bergararrak, baina GOIENA aldizkaria eta Puntua dira paperean irakurtzen dituen agerkari bakarrenetakoak. 2005ean joan zen hara, eta jaioterriarekin konektatua egoteko modua du aldizkari hori irakurtzea: "Gutxitan joaten naiz hara, eta zer gertatzen den jakiteko balio dit. Sustraiak ez ahazteko. Bergarako orrietara jotzen dut lehendabizi; ondoren, beste herrietara. Berri-zakua ere gustuko dut".
Paperean bai edo bai
Ibarreko albisteak paperean irakurtzea nahiago du webgunean egitea baino. "Paperean jasotzen dudanean, hartu eta begiratu egiten dut. Soilik online begiratu beharko banu, ziurrenik, ez nuke begiratuko. Bizi garen erritmo honetan, jarri, gogoratu, begiratu...", dio. Aitortu du ez duela planteatu ere egin paperekoaren bazkidetza bertan behera uztea: "Abiadura handietan bizi gara eta astebete geroago jasotzen dut, baina ez zait axola".
Elisabeth Beitia - Gasteiz (Araba)
"Jaioterriarekin lotura izaten jarraitzeko bidea da GOIENA aldizkaria"
Gasteizen bizi da aretxabaletarra duela urte batzuetatik, eta, adierazi duenez, sortu zenetik jasotzen du GOIENA aldizkaria etxean, bailarako kontuen berri izateko. Batik bat, Aretxabaletako eta Arrasateko orriak irakurtzen ditu.
Debagoieneko berri beste modu batzuetara ere badaukadan arren, eskertzen dut etxean jasotzea. Jaioterriarekin loturan jarraitzeko bidea da, lagunekin elkartzen naizenerako... Informazio ona eskaintzen du", dio.
Kontsumo aldaketa
Tarteka erosi ohi du idatzizko prentsa, baina informazioa online askoz gehiago kontsumitzen du. Ibarreko informazioaren berri badu atari honen bidez.