Papereko argitalpenen orainaz eta etorkizunaz, arloko profesionalekin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko uzt. 7a, 07:30

Teknologia berriak gailendu diren aroan, euskarazko doaneko papereko masiboen eta papereko argitalpenen egoeraz galdetu diegu komunikazioko lau profesionalei.

Hainbat euskarritan kontsumitu daitezke albisteak, baina zein da papereko prentsa idatziaren eta euskarazko doaneko papereko masiboen etorkizuna digitalizazioaren eta hedabidearen krisiaren aroan? Lau adituei hurrengo galderak egin dizkiegu:

  1. Papereko agerkariek sasoi baten izan zuten zabalkundea, influentzia, garrantzia... galdu egin dute? Zergatik edo zeren ondorioz?
  2. Dena den, argitaratzen dira oraindik eta irakurleak badituzte –sasoi baten baino gutxiago bada ere–. Ze funtzio betetzen dute?
  3. Euskarazko doako tokian tokiko papereko argitalpen masiboek badute oraindik garrantzia, influentzia... komunikazioaren iraultza eta hedabide tradizionalen krisialdi sasoi honetan?
  4. Ze etorkizun ikusten diete egunkariei... eta tokian tokiko euskarazko doaneko papereko agerkariei? Aldizkariei?

 

Mikel Lizarralde - 'Berria'-ko kazetaria

"Gertukoari buruzko informazioak bereziki ukitzen du irakurlea"

  1. Komunikabideen pisua aldatu egin da; ez bakarrik prentsa idatziarena. Sare sozialen, hedabide digitalen... bidez heltzen zaio informazioa hartzaileari. Teknologiak ahalbidetu du edonork noiznahi informazioa zabaltzea.
  2. Munduaren gaineko begirada aurkezten du, egunerokoari begiratzeko modu propioa, eta agerkari bakoitzak berea dauka. Euskarazko prentsak komunitatea osatzeko izaera dauka.
  3. Esango nuke baietz. Gertuko inguruneari buruzko informazioak bereziki ukitzen du irakurlea. Gertutasunak garrantzia du.
  4. Digitalizazioak eta informazioa azkar eman beharrak aldatu egin du lan martxa. Inportantea da komunitatea izatea komunikabidearen inguruan. Berria-rentzat ezinbestekoa da munduaren berri izateko euskarazko egunkaria irakurtzeko gogoa duen komunitatea izatea.

 

Joxe Rojas - TOKIKOMeko IKT eta Komunikazioko zuzendaria

"Titular laburrekin informatzea, gaur egun, erosoagoa da"

  1. Zabalkundea eta prestigioa galdu dituzte. Euskarri eta for- matu berriek zaharkituta utzi dute papera. Pixkanaka, IKTek hartu duten garapenek berehalakotasunaren, irudiaren eta zarataren kulturan murgildu gaituzte gazte eta ez hain gazteok.
  2. Lehengo funtzioa dute: informazioa patxadaz, landuta eta hainbat ikuspuntutakoa eskaintzea. Horrek ere prestigioa galdu du titular labur eta eskandalosoen sasoian. Guztiondako erosoagoa da bi lerroko titulartxoarekin informatzea. Nahiago ditugu geure iritziekin bat datozen baieztapenak, ikuspegi ezberdinak barneratzeko lanak hartu baino.
  3. Etxe ondoan gertatzen dena denoi interesatzen zaigu. Euskarazko toki komunikabideen kasuan, publikoak "beretzat" hartzen ditu komunikabideok. Eragin dezaketela dakite gertakizunetan eta komunikabidean.
  4. Paperaren prezioak goraka jarraitzen badu, produktu nagusia digitala izango da; papera, berriz, aparte ordaintzen dena komunikazio proiektuarekiko atxikimendu gisa edota premium esperientzia izateko.

 

Marijo Deogracias - EITB-ko kazetaria

"Formatua egokitzeaz gain, garrantzi handiagoa du edukiak"

  1. Aspaldi utzi zion euskarri bakarra izateari. Kontsumo modua aldatu eta azkartu eta paperari eusten diotenak jakitun dira. Formatua egokitu eta eguneratzeaz aparte, garrantzi handiagoa eman diote edukiari. Badauka oraindik bere lekua.
  2. Osagarria da; sakontasun handiagoko albisteak eta erreportaje bereziak lantzen dira. Tokikoek egon behar dute, baina beste helburu batzuk dituzte: hizkuntza, komunitatea sortzea... Digitalaren eskutik helduta doaz.
  3. Indargunea hizkuntza eta gertuko komunitatea indartzea da; baita bertatik bertako informazioarekin informatzea. Doan jartzeak ez du esan nahi kalitate gutxiago duenik; eskura edukitzeko modua da. Uste dut tokikoen bertute handiena dela baita euskal hiztunen ez direnen artean komunitatea sortzea; hori txalotzekoa da.
  4. Erronkarik handiena bizirautea da: nola egin bideragarri ekonomikoki? Ahalik eta erakusleiho gehienetan egon behar duzu. Euskarak behar ditu tokikoak, tokikoak behar ditu euskarak. Tokikoek asmatu dute irakurleei nahi zutena ematen.

 

Goio Arana - HUHEZIko Komunikazio arloko zuzendaria

"Etorkizunera begira, tokikoak hobeto eutsiko dio"

  1. Euskarri berriak sortu direlako egin du behera. Kanal berriak sortzean, birkokatu egin behar dute, eta paperekoari hori gertatu zaio. Gehienek tirada txikitu dute eta zenbait desagertu egin dira. Kasu gehienetan, gastu handiak dauzkate paperean ar- gitaratzeko; zabalkundean gastatzen delako dirua, batez ere.
  2. Lehen eta orain antzerako funtzioa dute. Birkokatzean bide ezberdinak daude, baina funtzioa antzerakoa da. Batzuei gustatzen zaie informazioa formatu horretan jasotzea, eta, bideragarria denean, aurrera egiten da. Denon bistan dago ez dela inprimatutako euskarrien urrezko aroa.
  3. Badute tokia, mantendu egitenvdirelako. Tirada dute leku jakinetan eta funtzionatzen dute. Interneten kontsumoa igotzen doa eta albisteak webguneetan, sare sozialetan eta app-etan kontsumitzen dira. Papera batzuek igarriko dute faltan, eta beste batzuk ohitu dira paper barik eta hala jarraituko dute.
  4. Ez du gora egingo, baina jendeak oraindik eskatzen du. Uste dut tokikoak hobeto eutsiko diola; batez ere, zabalkunde gastuengatik, espazio txikian ale asko banatzen dira eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak