Proiektuaren helburua da konfiantzazko gune bat eskaintzea 8 eta 12 urte arteko ikasleei, beren premietarako laguntza pertsonalizatua jaso dezaten. Kasu batzuetan, hizkuntza lantzera bideratu da errefortzua, beste kasu batzuetan eskolako lanak egiteko laguntza ematera, eta beste batzuetan, programa oinarritu da jolasaren bidez gaitasun emozionalak eta afektiboak garatzera. Zortzi boluntariok jardun dute horretan.
Debagoieneko Gurutze Gorriaren presidente Javier Igartuak ekimena zelan sortu zen gogorarazi du: "Gazte ahulenen potentzial osoaren garapena bultzatzeko programa hau esperientzia pilotu gisa abiatu zen Bergaran". Lau edizioren ondoren programa sendotu egin dela uste du: "Edukiei dagokienez eta laguntza-metodologiei, eta, aldi berean, garatzen duen boluntariotza-taldea ahaldunduz joan da gaitasun eta trebetasun berriekin".
Izen-ematea zabalik
Gurutze Gorria dagoeneko lanean hasita dago hurrengo programari begira eta izena emateko epe bat ireki du boluntario berriak sartzeko. Hala azaldu du Igartuak: "Ez da aldez aurreko prestakuntzarik edo esperientziarik behar; aitzitik, boluntariotzako proiektu bat da, gizarte-kausetan lagundu nahi duten herritar guztiei irekia. Proiektu honetan, boluntarioek lagundu egiten dute, ahal duten neurrian eta beti esperientzia handieneko boluntarioen laguntza duten neurrian. Ikasteko eta elkarri laguntzeko dinamika hori programaren arrakastaren gakoetako bat da. Garrantzitsua da gazteek normaltasunez ikustea begiraleok ere laguntza behar dugula batzuetan". Ekimen hori Debagoieneko beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoa dute, gainera.
Debagoieneko Gurutze Gorriak abian duen ekimen solidario honen edo beste batzuen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero Elorregin duten egoitzara jo daiteke edo honako bideak erabilita: 943 76 55 76 edo altodeba@cruzroja.es.
Urrezko Zozketa
Bide batez, gogorarazi dute uztailaren 20an izango dela hurrengo Urrezko Zozketa. Boluntarioak ordurako txartelak saltzen dabiltza azken asteotan eta uztailaren erdira arte jardungo dute. Igartuak aditzera eman du finantzaketa iturri garrantzitsua dela Gurutze Gorriarentzat: "Diru-sarrera horiei esker, kolektibo kalteberen aldeko proiektu sozialak egin ditzakegu gure eskualdean bertan, bai eta sorospen eta larrialdiei erantzuteko ekipamendua egoera ezin hobean mantendu ere".
Zozketarako txartelak taberna, jatetxe eta denda laguntzaileetan eros daitezke, baita Gurutze Gorriko boluntarioen sarearen bidez ere eta zuzenean Debagoieneko Gurutze Gorrira jota.