Tourraren sukarrak gogor jo ditu debagoiendarrak

Txomin Madina Milikua 2023ko uzt. 2a, 19:30

Txirrindularitzarekiko zaletasun handiagoa edo txikiagoa izan, Aramaion, Arrasaten eta Oñatin milaka herritarrek jarraitu dute bertatik bertara Frantziako Tourraren bigarren etapa. Festak eta aldarrikapenak, biek egin dute bat ibilbidean zehar. Victor Lafay izan da etaparen irabazlea.

Bezperatik zen nabaria Debagoieneko hainbat puntutan gaurkoa egun berezia izango zela: normalean beteta egoten diren aparkalekuak hutsik, balkoiak ikurrinaz beteta… Eta ez zen gutxiagorako, Frantziako Tourrak bailara zeharkatu duelako historian bigarren aldiz.

Gasteizen hasi eta Donostian bukatu da 208,9 kilometro izan dituen etapa. Eta Kruzetatik sartu eta Udanatik irten, 30 inguru izan dira puntako txirrindulariek Debagoienean egin dituztenak.

Herritarrak, gogotsu

Aurreikuspenik azkarrenen arabera 13:37ean zen heltzekoa lasterketa bera sanmartinetan murgilduta dabilen Aramaiora, baina hainbat ordu lehenago saihesbidean zain zeuden zaleak. Asko aterkia zabalduta, lasterketaren momentua eguzkitsua izan den arren, goibel eta busti hasi delako eguna. Falta izan ez direnak ikurrinak izan dira: bide bazterrean, balkoietan, zelaietan, eta baita soinean ere. Ez Aramaion, ezta ibilbideko beste tokietan ere.

Gure Eskuk erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriari oihartzuna emateko aprobetxatu du Tourraren ikusgarritasuna. Eta dinamikarekin bat eginaz, Arrasaten herriko dantzariak, musikariak eta erraldoi eta kilikiak ere irten dira kalera lasterketa heldu bitartean herria girotzeko. Arrasate izan da, hain zuzen ere, 1977ko eta 2023 Tourrak, biak, herriko kaleetatik  pasatzen ikusi dituen herri bakarra, nahiz eta asko ez ziren oroitzen duela 46 urtekoaz. Familian edo lagunekin, taldetxotan edo konpainia gehiagorekin elkartu dira arrasatearrak; Aspacekoek, esaterako, Aspace avec le Tour de France kartela ere egin dute ongietorria emateko.

Oñatin bestalde, herrian bertan bai, baina Udana mendatearen hasieran zen nabaria festa giroa, Mikel Lizarraldek eta konpainiak antolatutako egitarauari esker. Musika eta jan-edanarekin, motzagoak izan dira lasterketa heldu bitarteko orduak.

Lehenengo, karabana

Txirrindulariak baino lehenago, Frantziako Tourraren karabana deigarriak zeharkatu du Debagoiena, eta askotariko opariak ere banatu dituzte bertako kideek: arkatzak, zapiak, biserak, boligrafoak… Bat baino gehiago eskuko poltsa opariz beteta joan da etxera, nahiz eta egon den karabana gehiagorako izango zela espero zuela esan duenik ere.

Karabana Arrasateko Gipuzkoa Etorbidetik igaro denean izan da egunak utzitako puntu ilun bakarrenetarikoa: ibilgailuetako batek errepidea gurutzatzen ari zen neskatila bat harrapatu duelako. Ospitalera eroan dute, baina Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, zauri larririk gabe.

Powless, Cavagna eta Boasson Hagen aurrean

Eta aurreikuspenik motelenak beteta sartu dira txirrindulariak bailarara: 13:45 heldu dira lehenak Aramaiora, eta Debagoieneko ibilbide guztian zehar patroi bera errepikatu da: Neilson Powless (EF Education), Rémi Cavagna (Soudal Quick-Step) y Edvald Boasson Hagen (TotalEnergies) lehenengo, eta handik lau minutu pasatxora, pelotoia.

Noiz etorriko orduak zain egon ostean azkar pasatu dira ziklistak ikusleen aurretik, baina, orokorrean, itxaroteak merezi izan duenaren sentsazioa izan da nagusi herritarren artean.

Azkenean Victor Lafay izan da Donostian helmugaratzen lehena. Bosgarren heldu den Pello Bilbao izan da lehen euskalduna. Adam Yatesek, aldiz, atzo eskuratu zuen lidergoari eustea lortu du. Bihar izango da Tourreko hirugarren etapa, Zornotzan hasi eta Baionan amaituko dena.

Erlazionatuak

Frantziako Tourra Debagoieneko errepideetan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023 uzt 02 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak