Uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako mahaikideen zozketak egin dituzte udaletan, eta egunotan ari dira hauteskunde-mahaian egotea egokitu zaien hiru titularrei –presidentea eta bi bokal– eta haien bina ordezkori jakinarazpena helarazten. Hala ere, kargu bakoitzeko kopuru hori baino ordezko gehiago ateratzen dituzte, litekeena delako kargu bakoitzean hiru hele gite baino gehiago aurkeztea. Legez, kargu bakoitzeko titularra eta hamahiru ordezko atera daitezke, gehienez ere, eta kopuru tarte horretan udalak erabakitzen du zenbat ordezko atera. Arrasaten eta Bergaran gehienezko ordezko kopurua ateratzen dute hauteskundero.
Data ikusita, ordea, ohi baino helegite gehiago espero dituzte. Aretxabaletan eta Eskoriatzan, esaterako, gehienezko ordezko kopuruak atera dituzte; M28rako, adibidez, hamar ordezko zituzten Eskoriatzan. Antzuolako eta Oñatiko udaletatik jakinarazi dute hamar ordezko daudela. Aramaion, berriz, titularraz gain, bost ordezko.
Esan bezala, titularrek eta bi ordezkoek jaso dute mahaikide izateko jakinarazpena, baina Debagoieneko udaletatik adie- razi dute helegiteak aurkeztu eta onartzen diren kasuetan hurrengo ordezkoak deituko dituztela mahaian egotera. Era berean, azaldu dute uztailaren 21era arte jakinarazi dezaketela.
M28ko hautesleku berberak
Hauteslekuen kasuan, M28ko hauteskundeetako leku berak bihurtuko dira hautesleku eta bakoitzak dagokion gunean eman beharko du botoa. Bailaran 21 hautesleku jarriko dituzte, eta 79 mahai: Arrasaten sei hautesleku eta 29 mahaitan banatua, Bergaran bost eta hamazazpi mahai, Oñatin lau eta hamabost mahai, Aretxabaletan bat zortzi mahairekin, Eskoriatzan ere bat lau mahairekin, Aramaion eta Antzuolan hautesleku bana bina mahairekin eta Elgetan eta Leintz Gatzagan hautesleku bana mahai banarekin.