Urratsak Osakidetzako garbitzaileen lan-gatazkan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 30a, 10:10

Arrasateko Ospitaleko sarrera aste honetan. (Argazkia: Eneko Azkarate).

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileen hilabeteetako grebak amaiera izan dezake, astelehenean sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak izandako bileran "oraindik itxi gabe dagoen" aurreakordioa mahaigaineratu ostean.

Osakidetzak azpikontratatuko garbiketa-zerbitzuko langileen grebak amaiera geroz eta gertuago izan dezake, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, joan den astelehenean ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin izan zuten bileran "oraindik itxi gabe dagoen" aurreakordio posible baten planteamendua egin zelako. Gipuzkoako ELAko garbiketa-arduradun Ane Alberdik azaldu duenez, ELA izan ezik enpresak eta gainerako sindikatuak "sinatzeko prest" agertu ziren: "Denera, garapen profesionalaren sei urte zor dizkigute 2012koa eta 2019-2023 urte bitartekoak –Alberdik esan du Osakidetzak 2013tik 2018ra garapen profesionala ez ateratzea erabaki zuela–, eta aurreakordioaren planteamendua da garapen profesionalaren sei deialdi horietatik hiru ordaintzea. Ez dugu murrizketarik onartuko. Osakidetzaren abalaren zain daude eta badirudi baiezkoa ematen badu hau amaitu egingo dela". ELA, %40rekin, lehen sindikatua da sektore horretan, baina gainontzeko sindikatuek bateratuta gehiengo osoa dute.

ELAko ordezkariak azaldu duenez, homologazioan oinarritutako hitzarmena daukate: "Guk Osakidetzako garbitzaile pertsonal propioen baldintzak ditugu. Garapen profesionala 2011ko deialdira arte aitortuta daukagu. Osakidetzako garbitzaileek 2012koa aitortuta daukate, baita 2019tik 2021erakoa ere. Guk ez. Horregatik erabaki genuen negoziazio mahaian erreklama- tzea garapen profesional hori. Enpresek uko egin zieten eta Osakidetzak esan zigun ez zuela inolako asmorik azpikontratatutako garbitzaileei garapen profesional bat ere ordaintzeko".

Negoziaketak, lehenagotik

Bost urte baino gehiago daramatzate hitzarmenaren negoziaketekin, baina, ELAko ordezkariak nabarmendu duenez, negoziaketak blokeatuta zeuden, eta horregatik hartu zuten greba egiteko erabakia. Osakidetzako garbitzaileen bi greba deialdi daude martxan. Alde batetik, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutakoa; bi hilabete baino gehiago daramatzate greban, eta, ekainaren 2an adierazi zutenez, gaurkoa izango dute grebako azken eguna. ELAk, berriz, lau hilabete baino gehiago daramatza greban –otsailaren 27tik–, eta, momentuz, uztailaren 16ra arte dauka deituta greba.

Asteleheneko bileraren aurretik, pare bat gehiago egin dituzte grebak dirauen bitartean, baina ELAko ordezkariak adierazi du ez zutela aurrerapenik egin. Lan Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu hilabete hauetan, eta hamabi egun eta erditik behin ezohiko garbiketak egin behar izan dituzte zenbait garbitzailek.

Debagoieneko egoera

Rosa Mari Guirao ELAko Osakidetzako garbiketa-ordezkaria eta Bergarako anbulatorioko garbitzailea da, eta gutxieneko zerbitzuaz mintzatu da: "Lur jota geratzen gara. 'Berriro ere hasieratik hasi behar dugu?', esaten dugu. Hala ere, indartsu gaude eta aurrera egin behar dugu; bestela, bi egunetan hondoratzen zaituzte". Debagoieneko osasun-etxeetako egoeraz galdetuta, diote garbitzaileen gehiengoa alde handiarekin azpikontratatutako enpresetakoa dela: "Egia da hemengo anbulatorio batzuetan lanean ari direla aldi baterako kontratua duten garbitzaileak, lanean ari baitira. Greba amaitzen denean kaleratuak izatearen beldur dira. Ez luke horrela izan behar, bakoitza libre baita greba egiteko, baina errealitatea hori da. Taldea indartsu dago eta ondo gaude. Indar handia duen kolektiboa da gurea".

Elkarren babesa izateaz gain, herritarren eta zenbait profesionalen babesa dutela aldarrikatu dute Guiraok eta Alberdik; hala ere, kontrako jarrerak ere bizi izan dituztela azaldu dute: "Guk daukagun arma bakarra ez garbitzea da. Jende askok txerritzat hartzen gaituzte, baina gure ogibidea garbitzea da. Eta garbitzen ez badugu, zikin dago; hori da gure grebaren arma".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak