Urteetan erabiltzaileek egindako eskaera errealitate bihurtuko da hilabete gutxi batzuk barru; izan ere, Elorregiko autobus geltokian ekainaren 22an hasi ziren komun kimikoa nahiz bizikletentzako aparkalekua jarri eta geltokia eraberritzeko lanekin. Irailean prest egotea espero da, kontratuan jasota baitago 12 asteko epean lanak bukatzea. Construcciones Aplibur S.L. enpresa ari da lanak egiten eta 203.542,09 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Izaro Elorza Oñatiko alkateak azaldu duenez, lizitaziora enpresa bakarra aurkeztu zen: "Ez zuten prezioa jaitsi eta lizitaziora atera genuen prezio berean esleitu da". Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenean jaso bezala, %60a Aldundiak jarriko du eta %40a Arrasate, Bergara eta Oñatiko Udalek.
Balorazio "gazi-gozoa" egin du Elorzak: "Proiektua gauzatzea asko kostatu da, uste baino denbora gehiago behar izan dugu izan ditugun zailtasunengatik". Alde positiboak ere aipatu ditu, guneari duen garrantzia ematea edota gaur egungo beharretara egokitzea geralekua. Era berean, erakunde ezberdinen elkarlana azpimarratu du: "Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hizketan aritu gara, Arrasateko eta Bergarako Udalekin adostasunera heldu gara eta mantenua Debagoieneko Mankomunitateak kudeatzea lortu dugu elkarlanean. Eskatu duten zerbitzua emango diegu herritarrei".
Geralekua martxan
Lanak hasita, markesina kendu dute, eta hortaz, une honetan ez dago aterperik; hala ere, Elorzak aurreratu du behin-behineko babeslekua jarriko dutela. "Egun hauetan ibili dira teknikariak gunean azterketak egiten eta ikusten lanak nola doazen. Aipatu dutena da, ziurrenik, kontainer ireki bat jarriko dutela pare bat eserlekurekin barruan", dio Oñatiko alkateak.
12 asteetan zehar, autobus zerbitzua martxan izatea aurreikusten dute. Lanengatik informazio panel elektronikoak kendu dituzte, ordea, eta ez dituzte jarriko obrak amaitu arte.
56 metro karratuko gunea
Geltokiko komuna kimikoa izango da, gaur-gaurkoz, ur-azpiegiturarik ez dagoelako bertan. Bizikletak lagatzeko ere gunea izango du. Mantenuaz Debagoieneko Mankomunitatea arduratuko da: "Hitzarmen bateratua egin dugu hiru udalek eta Mankomuniateak mantenua entitate bakarrak kudeatzeko. Bestela, txandakatze sistema izan beharko litzateke".