Makalaren igoerarekin batera hasiko da zuzeneko saioa, eta egunean zehar jasotako bideoak ere tartekatuko dira; esate baterako, eguerdiko txosnetako txupinazoa eta herri bazkaria. Are gehiago, elkarrizketatuak ere izango dira platoan, eta horietako bat izango da Peru Altube Huntza musika taldeko bateria-jole arrasatearra.
EITBrekin elkarlana
18:30ean amaituko da Hemen Debagoiena saioa, baina beste zuzeneko bat hasiko da 22:15etan, EITBrekin elkarlanean. Txomin Madinak, Xabier Urzelaik eta Ilaski Serranok gidatuta, suaren inguruko ikuskizun berezia eskainiko da.
21:00etan hasiko dute Errementari dantza dantzariek, eta goiena.eus-en hori zuzenean emango da. Plazako irudiak, ordea, EITBrekin batera egingo den telebistako emankizunak jasoko ditu. Errementari dantzaz gain, besteak beste, Ttakun txalaparta taldearen doinuak, Portaloi taldearen koplak eta Arrasate Musikaleko musika bandaren emanaldia izango dira ikusgai. Herensugeak, gainera, sua piztuko du, eta Maider Morras Arrasateko alkateak agurra dantzatuko du, alpargatak sutara botatzearekin batera.
Dantzekin amaituko da EITBrekin zuzenekoa, baina Goiena telebistan eta goiena.eus-en danborradaz gauerdira arte gozatzeko aukera ere izango da.