'GipuzkoHarrok' bideo-lehiaketako sariak banatu ditu Mondragon Unibertsitateak

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 23a, 11:00

Saridunak familia-argazkian atzoko ekitaldian. Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

HUHEZI Fakultateak sustatzen duen ekintza da, eta etorkizuneko langileen enplegagarritasuna bultzatzea du helburu. Oier Abarrategi arrasatearrak irabazi du sarietako bat. 

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak GipuzkoHarrok lehiaketako sariak banatu zituen, atzo. Eragin proiektuaren esparruan, etorkizuneko langileen enplegagarritasuna bultzatzea du helburutzat lehiaketa honek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da. Guztira bost sari banatu ziren: bi 18 urtetik gorakoen kategorian eta beste bi 18 urtetik beherakoenean. Lehen kategoriako lehen saria, 700 eurokoa, Oier Abarrategi arrasatearrak jaso zuen, eta bigarren saria, 300 eurokoa, Maider Quiñonesek, Claudia Vázquezek, Naia Olaetxeak eta Onintze Agirianok osatutako taldearen bideoarentzat izan da.

Bigarren kategorian, ordea, 500 euroko lehen saria Iman El Idissi Afkir-ek eta Omaima El Majjaoui El Ayadik irabazi zuten; 200 euroko bigarrena saria, berriz, Jokin Muelarentzat izan da. Azkenik, Eneko Munitxak, Izaro Sanchezek eta Alexia Mendik osatzen zuten taldeak 300 euroko sari berezia eskuratu zuen.

GipuzkoHarro

Lehiaketaren helburua Gipuzkoako etorkizuneko enplegua irudikatzea izan da, eta, horretarako, parte-hartzaileek galdera honi erantzun behar zioten haien film
laburretan: "Nolakoa izango da etorkizuneko gipuzkoarron lana?". Etorkizuneko langileen enplegagarritasuna sustatzeko sortu da proiektua, eta torneoa Eragin proiektuaren baitan dago —proiektu horretan dihardute lanean fakultateko ikertzaileek-.

Azken urteotan, egungo eta etorkizuneko enplegurako beharrezkoak diren gaitasun pertsonalak eta horiek sustatzeko estrategiak ari dira aztertzen ikertzaileak Eragin proiektuan. Hain zuzen ere, asmo hauek jorratzen ditu proiektuak: pertsona malguak, inplikatuak eta konprometituak eta bizitza osoan ikasteko prest daudenak garatzen laguntzea, eta agerian jartzea gizarte-erronkei lotutako trantsizio digital, energetiko, klimatiko eta sanitarioaren harira egoera berri bat sortzen ari dela Gipuzkoako enpleguan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak