Jaiotza-tasa %6,3 jaitsi da urtebetean bailaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 23a, 09:35

Eustat-ek eman ditu datuak, eta 2021ean baino 26 haur gutxiago jaio ziren 2022an Debagoienean; beheranzko joera du jaiotza-tasak, orokorrean, EAEn, eta Xabier Aierdi soziologoak gaineratu du 5-10 urtean, behintzat, ez dela egoera aldatuko,

Debagoienean 384 haur jaio ziren 2022an, 2021ean baino 26 gutxiago –%6,34 jaitsi da urte batetik bestera–, Eustat Estatistika Erakundearen datuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko beheranzko joera jarraitu du ibarrak; izan ere, 2022an 13.636 jaiotza izan ziren, 2021ean baino %4,4 gutxiago –2021ean 14.257 izan ziren–. Hiru lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan gertatu da jaitsierarik handiena, %8,6koa izan baita.

EAEko eta bailarako datuei dagokienez, azken 10 urteetan beheranzko joera izan du jaiotza-tasak, zenbait herritan gorabeherak egon badira ere; Bergarako eta Oñatiko kasuak dira, esaterako. Eskoriatzari dagokionez, berriz, jaiotza-tasan nabaritu da goranzko joera 2020tik 2022ra bitartean. Datu horiei erreparatu die Xabier Aierdi soziologoak. "Hemen denek egin dute behera azken urteetan, Eskoriatzak izan ezik. Baina, orokorrean, mantendu egiten dira datuak". Soziologoak azaldu duenez, normala da kasu zehatzetan gorakadak izatea, baina tendentzia beherantz doa, eta hori izan behar da kontuan: "Halako punta bat egon daiteke, baina ez da esanguratsua. Esanguratsua litzateke behin behea jota gorantz egitea; hiruzpalau urtean kopurua haztea".

Jaitsieraren kausak

Beheranzko joera horretara gizarteak "ohitu" egin behar duela dio: "Neurri batean, esan behar da eszenatoki honetan planteatu behar dugula geure burua, ze hau ez da aldatuko 5-10 urtean. Atzerantz joango gara".

Jaiotza-tasaren jaitsieraren arrazoien artean, "gizarte modernoaren eraldaketa" eta "aldaketa kulturala" nabarmendu ditu: "Uste dut gizarte modernoa dela esaten dugunean zer-nolako aldaketa kulturalak dauden eta aldaketa kultural horien artean bat garrantzitsua dela emakumearen eboluzioa lan arloan eta enpleguetan, emakumearen eraldaketa pertsonala eta identitate feminista". Gizartea moderno, aurreratu eta aberatsa bezala definitu du, eta seme-alabak izatea baztertu edo atzeratu egiten dela: "1,2ko erreposizio-tasa ez da betetzen".

Arazo ekonomikoan ere jarri du azpimarra, eta lan prekarioak eta etxebizitza batera sartzeko zailtasunak aipatu ditu, eta horiek gainditzeko "oso politika sozial sendoak" ezarri beharko direla dio: "Politika sozial indartsuetan uztartu beharko dira, eta neurri ekonomikoak, neurri sozialak eta portaerak bultzatu beharko dira. Baina horrek guztiak dirutza dezente beharko du jaiotza-tasa errekuperatu nahi badugu. Pentsatu behar da hartzen diren neurriek demografian fruitua eman dezaketen edo ez; baina fruituak hemendik 20 urtera eman ditzakete".

Beherakada 2020a baino lehen

COVID-19aren eraginagatik galdetuta, "aldez aurretik" zetorren beheranzko dinamika batean eragin duela dio: "Koronabirusak eragin dezake, baina afekzio hori gertatzen da jakinda duela urte batzuetatik beherantz doala jaiotza-tasa. Hor areagotu egiten dela jaiotza-tasa beherantz? Agian, bai, baina pentsatu beharko genuke koronabirusarena azken hiru urteetako kontua dela; aldez aurretik beherakada berdin-berdin zetorren. Eragina izango du, baina kasu gutxitan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak