Batzuen agurra, besteen harrera

Idoia Aranbarri Arzuaga eta Miren Arregi Arregi Amasorrain 2023ko eka. 16a, 10:39

Bihar izango dira udalbatza osaketak, eta arrazoi ezberdinak medio alkate izateari utziko dioten EAJko Maria Ubarretxena, Unai Elkoro eta Joxerra Zubizarreta eta EH Bilduko Beñardo Kortabarria, Lierni Altuna eta Iraitz Lazkanorekin egon da GOIENA.

Bihar eratuko dira udalbatza berriak eta orduan izendatuko dituzte alkate Maider Morras Arrasaten, Gorka Artola Bergaran, Izaro Elorza Oñatin, Gari Iturbe Aretxabaletan, Edorta Zubizarreta Eskoriatzan, Olatz Lezeta Antzuolan, Iban Herrarte Aramaion, Ibon Unzetabarrenetxea Elgetan eta Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagan. Denak EH Bildukoak dira, Leintz Gatzagakoa izan ezik –LG Hautesleen Elkartekokidea da hura–.

Hori horrela izanda, hauteskundeetako emaitzengatik edo erabaki pertsonalengatik alkate izateari utziko diote orain arte alkate izan diren seik: Maria Ubarretxenak (EAJ), Unai Elkorok (EAJ), Joxerra Zubizarretak (EAJ), Beñardo Kortabarriak (EH Bildu), Lierni Altunak (EH Bildu) eta Iraitz Lazkanok (EH Bildu). Azken egunez nahiz etorkizunaz hitz egin du GOIENAk eurekin. Guztiek 2015ean hartu zuten kargua lehen aldiz.

 

MARIA UBARRETXENA - ARRASATEKO ALKATEA

"Eskerrak eman nahi ditugu, urte hauetan bidelagun izateagatik"

Maria Ubarretxena Arrasateko EAJren alkategai aurkeztu zen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako, baina alderdirik bozkatuena EH Bildu izan zen. eta Maider Morras (EH Bildu) izendatuko dute alkate, EAJk ez du-eta hautagaitzarik aurkeztuko (Ikus 10. orria). Emaitzez galdetuta, "demokrazia batean bizi gara eta dena da posible. Parte-hartzea oso baxua izan da eta etorkizunera begira demokrazian sinisten dugunok sustatu beharko dugu gizartearen parte-hartzea handitu dadin esparru guztietan", azaldu du.

Bi agintaldiz jarraian Arrasateko alkate izan ostean, egindakoarekin gustura eta sentsazio onak ditu: "Zortzi urte hauetan proiektu asko gauzatu ditugu herrian, eta horietako batzuk, garrantzi oso handikoak eta epe luzeko begiradarekin egindakoak; esaterako, Kulturola eta JAME". Ezin izan du azken zortzi urte hautetako uneren bat aukeratu, "asko izan baitira garrantzitsuak eta bereziak".

Azken egunak "lasaiak" ari dira izaten harentzat. Gaiak ixten ari dira hurrengo Gobernuari Udaleko kontuak "ahalik eta txukunen" uzteko. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkie arrasatearrei urte hauetan guztietan bidelagun izateagatik.

 

UNAI ELKORO - ARETXABALETAKO ALKATEA

"Ohorea izan da zortzi urtez herriko alkate izatea"

M28 baino lehen erabaki zuen zortzi urtez alkate izan den Unai Elkorok EAJren zerrendaburu ez aurkeztea. Bihar zinegotzi kargua hartuko du, –bosgarrena zen zerrendan– baina arloa zehazteke badu ere, Ulmako bere lanpostuarekin uztartuko du uztaila hasieratik aurrera. Emaitzei erreparatuta, "pertsonalki" alde txikiagoa egongo zela uste zuen: "Aukera hori zegoela bagenekien, baina, orokorrean, alderdian izandako emaitzak ikusi ondoren, benetan uste dut paper txukuna egin dugula Aretxabaletan, nahiz eta alkatetza galdu".

Alkatetza utziko du bihar, eta, egun batzuk lehenago, sentsazio "gazi-gozoak" dituela aitortu du: "Zortzi urte buru belarri alkatetza karguan izan ondoren, desiratzen nago uzteko. Garai onak eta ez hain onak izan dira, ohikoa den bezala, baina azken urteek utzitako aztarnak gehiago du gazitik gozotik baino, eta ez nuke nahi sentsazio horrekin agurtu".

Azken egunak "oso lasaiak" izaten ari dira harentzat. "Presazkoak diren gaiak jakinarazi dizkiegu Gobernu berria osatuko dutenei, eta besteak aurrerantzean haien esku izango dira. Bulegoa garbitzen nahiko lan, zortzi urtean gauza asko pilatzen baitira han", dio.

Egin dituen bi agintaldiez galdetuta, "gauza txikiak aurrera ateratzeak ematen dute gogobetetasunarekin" geratzen da; hain zuzen ere, "lanak bere fruitua ematen duenean".

"Ohorea" izan da Elkororentzat herriko alkate izatea: "Ardura handiko kargua da eta ilusioz aritu naiz lanean. Ziur naiz denen gustuko erabakiak ez ditugula hartu; gera zaitezte ondo egindakoekin eta barkatu hutsegiteak".

 

JOXERRA ZUBIZARRETA - ESKORIATZAKO ALKATEA

"Herritarrei eskertu nahi diet nirekiko izan duten tratu berezia"

Joxerra Zubizarretak hartu zuen alkatearen zumitzezko txibita 2015ean, eta azken hauteskundeetara arte hura izan da Eskoriatzako alkate. Bihar, ordea, EH Bilduko Edorta Zubizarretari pasa beharko dio, ezker abertzaleak lortu baitu gehiengo osoa. Honek ere, sentsazio "gazi-gozoak" dituela adierazi du. Alde batetik, "pozik" agertu da egindako lan guztiagatik, baina, beste alde batetik, "triste", ez zituztelako espero "inondik inora ere", jaso dituzten emaitzak.

Azken asteak azkenak izan ditu alkate lanean, baina egunerokoa ez du aldatu: "Alkate izaten jarraitu dut. Bilerak egiten jarraitu dut; asteleheneko zaparraden ostean, herri osoari buelta eman nion, urak zerbait hartu zuen edo ez ikusteko". Zortzi urteotan eskoriatzarrek harekin izan duten tratua nabarmendu du: "Niretzat izugarriena eta politena hori izan da. Uste dut udal mailan ere egin dugun lan guztia bertako langileek eskertu egin dutela".

Datorren agintaldian Eskoriatzako alkate izango den Edorta Zubizarreta zoriondu nahi izan du: "Herritarren nahia izan da, eta eskoriatzarrei eskertu nahi diet nirekiko izan duten tratu berezia. Goxoa, ona eta gertukoa izan da".

 

BEÑARDO KORTABARRIA - ANTZUOLAKO ALKATEA

"Herria jendea da eta denok daukagu zerbait egin beharra"

Beñardo Kortabarriak (EH Bildu) joan den udan erabaki zuen ez zela beste agintaldi batez alkategai aurkeztuko: "Gauzek hasiera bat eta amaiera bat daukate. Nik uste dut zortzi urte halako lanpostu batean nahikoa dela. Egia esanda, badaukat lanera bueltatzeko gogoa". Kazetaria da lanbidez, eta alkate izan aurretik zuen Elhuyar Funda- zioko lanera itzuliko da uztailean. "Teknopolis saioan egiten dut lan, eta espero dut kamera hartu eta hor zehar ibiltzea. Urte hauetan teknologia dezente aldatu dela uste dut. Gogoa daukat gure hizkuntzan lan egiteko, eta horrek asko motibatzen nau".

Hala ere, "pena pixka bat" ematen dio Udala utzi behar izateak: "Kalean geratzen naute beste lau urtez jarraitu beharko nukeela esanez; eskertzeko ere bai. Beste batzuk, berriz, gustura egongo dira banoalako". Azpimarratu du saiatu direla herritarren arazoak konpontzen, "Antzuola geroz eta hobeago egiten, txukun edukitzen eta herritarren bizitza errazten".

Azken egunak "normalak" izaten ari direla gehitu du, "kontziente" baitzen ez zuela jarraituko. "Hauteskundeak izan ziren, bi aste pasa dira eta aste hau bukatuko da, besterik gabe. Zapatuan pasako diet aginte-makila Olatz Lezetari eta bere taldeari, eta eskerrak emango dizkiet", dio Kortabarriak. Era berean, Antzuolaren aldeko lanean, herrigintzan eta euskararen nahiz Euskal Herriaren aldeko lanean jarraituko duela azpimarratu du, baina "beste intentsitate batekin".

Zortzi urteko une bat aukeratu baino gehiago, herritarren hitzekin geratzen da orain arteko alkatea: "Niri gauza txikiek mugitzen didate barrua handiek baino gehiago. Batek esaten dizunean faltan igarriko zaituela... Halako mezuak jaso ditut, eta halako momentuekin geratzen naiz".

"Antzuola zaintzea, maitatzea, Antzuolan bizitzea, giro ona sortzea... ez da Udalaren lana bakarrik. Denok daukagu zerbait egin beharra. Parte hartu ekintzetan. Herri bat ez da kalea bakarrik, jendea da, eta nire herri kontzeptua horixe da"; hori izan da Kortabarriak antzuolarrei bidali dien mezua.

 

LIERNI ALTUNA - ARAMAIOKO ALKATEA

"Eskerrak eman nahi dizkiet bidelagun izan diren guztiei"

2011-2015eko agintaldian zinegotzi izan zen, eta, ondoren, 2015a ezkero, zortzi urtez izan da Aramaioko alkate Lierni Altuna. Zikloa amaitzeko ordua heldu zaiola gaineratu du, herrirako eta herriarentzako onena dela, eta horregatik ez zen aurkeztu haren alderdiko alkategai. Hark ere bihar utziko du Udala, eta sentsazio kontrajarriak dituela aitortu du: "Arraroa da hemendik joatea horrenbeste urteren ostean, baina aldaketarako gogoarekin nago baita ere. Bertigoa ere badaukat; edozein aldaketak ekartzen du hori. Baina, tira, zikloa ondo eta pozik ixteko gogoz nago".

Filosofia eta Antropologia ikasketak ditu, eta irakasle lanetan ziharduen udal politikagintzan hasi baino lehen; orain, hezkuntza mundura itzultzeko asmoa duela aurreratu du.

Azken agintaldian lantaldean izan duen Iban Herrartek hartuko du bihar alkatetzaren lekukoa datozen lau urteetarako, eta, azaldu duenez, harekin dabil kontuak eskualdatzen Altuna azken egunotan: "Zorionez, alkategai aurkeztu zen eta alkate izango den Iban Herrarterekin transmisio lanetan eta laguntzen nabil apur bat, baina aste honetan eta hurrengoan ere ez naiz desagertuko herritik".

Politika herrigintzarekin lotu izan du, eta horregatik horren bueltan ibiliko dela adierazi du Altunak: "Aramaioarra  izaten jarraituko dut, eta, momentuz, hemen bizi naiz eta herrigintzan jardungo dut beti".

Aramaioarrei esan nahi dienaz galdetuta, honako hau erantzun du: "Bai nik eta baita taldeak ere ahal duguna ahalik eta ondoen egin dugula uste dut, eta eskerrak eman nahi dizkiet bidelagun izan ditudan guztiei. Aramaioarra izaten jarraituko dut, eta, hala, kalean ikusiko dugu elkar".

 

IRAITZ LAZKANO - ELGETAKO ALKATEA

"Elgetarrei esango nieke, elkarlanean jarraitzeko"

Zortzi urtez izan da Elgetako alkate Iraitz Lazkano, eta "sentsazio onarekin" utziko du kargua. "Uste dut nik neuk eta talde osoak onena eman dugula Elgetaren alde eta urte hauetan Elgetak asko egin duela aurrera". Zortzi urteren ostean unea heldu dela zalantzarik ez du: "Tamaina polita da; zenbat eta urte gehiago jardun politikan, gero erreleboak ematea orduan ere zailagoa da". Alkatetza utziko badu ere, politika egiten jarraitzeko asmoa du Lazkanok. "Ikasketez politologoa naiz, eta ez dut lagako politika, zentzu zabalenean ulertuta. Uste dut udaletik edo instituzioetatik, kaletik edo bestelako eragile askotatik politika egiten dela, eta ez dut esango bizitza osoan, baina  espero dut urte askoan herri honen alde egiten jarraitzea". Halere, orain, denbora bat lasai hartuko du familiarekin eta lagunekin gozatzeko. "Langabeziara joango naizela suposatzen dut; ez daukat inon plaza finkorik, eta gero, ikusiko dugu".

Bi agintaldi hauetaz galdetuta, pandemia eta Zaldibarko hondamendia datozkio gogora, baina baita gauza "onak" ere. "Gogoratuko dudan bat izango da aparejadore ohiarekin eduki genuen kalte-ordainaren auzia, eta kalte-ordaina kitatu genuenekoa. Esango nuke zortzi urteko agintaldia erabat baldintzatu duen gaia izan dela, eta hori gainetik kentzea eta agintea gai hori konponduta pasatzea positiboa da", azaldu du.

Azkenik, hurrengo Udal Gobernua osatuko dutenengan konfiantza osoa duela azpimarratu gura izan du, eta elgetarrei eskerrak eman dizkie urte hauetan eurengan jarritako konfiantzagatik. "Esango nieke orain arte bezala elkarlanean jarraitzeko, auzolanean, Elgetak aurrera egin dezan eta geroz eta euskaldunago, parekideago eta justuago bilakatzeko".

 

Eugenio otsoa, Gatzagako azken alkatea

2019ko abenduan osatu zuten udalbatza Leintz Gatzagan –maiatzeko hauteskundeetan ez zen zerrendarik aurkeztu– eta orduan hartu zituen makila eta zumitzezko txibita otsailaren 21ean zendu zen Eugenio Otsoak. Osasun arazoen ondorioz, lantaldeko kideek ordezkatu behar izan zuten. 1987-1991, 1991-1995, 1995-1999 eta 1999-2003ko agintaldietan ere izan zen Gatzagako alkate –2000. urtean, lan arrazoiengatik, Joxerra Agirreurretak ordezkatu zuen–. Dorleta Elkorobarrutia izendatuko dute bihar alkate Gatzagan.

 

Bihar eratuko dira udalbatzak herrietan

Agintaldi berriko udalbatzen eraketa-ekitaldiak egingo dira bihar. Berezko protokoloa jarraituta egingo dute eraketa hori. Adinekoen Mahaia osatzea da lehen eginbeharra, eta hiru lagunek osatuko dute hori: zinegotzi zaharrenak, gazteenak eta udal idazkariak. Segidan, zinegotzi berrien egiaztagiriak onartu behar dira. Behin hori eginda eratuko da udalbatza. Bozketa da bigarren pausoa; alegia, aurkezten diren alkategaiek izan dituzten botoak zenbatzea. Alkateak kargua hartuko du, aginte-makilarekin edo zumitzezko txibita hartuta.

Osoko bilkurak

  • Aramaio, 12:00etan
  • Aretxabaleta, 12:00etan
  • Arrasate, 12:00etan
  • Antzuola, 13:00etan
  • Bergara, 12:00etan
  • Elgeta, 13:00etan
  • Eskoriatza, 12:00etan
  • Leintz Gatzaga, 11:30ean
  • Oñati, 12:00etan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak