Toledoko paraplegikoen ospitalean erakutsi dute proiektua

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 16a, 18:00

Antxintxikako ordezkariak berbaldia egiten Toledoko ospitalean, eta ezkerrean Sergio Martin, Caja Ruraleko ziklista.

Astelehenean Antxintxikaren triatloi egokituko saileko lagunak Toledoko paraplegikoen ospitalean izan dira euren proiektuaren berri ematen. "Esperientzia ederra izan da, eta, aldi berean, gogorra", adierazi du Aitor Rementeriak.

Antxintxika taldekoak kirol egokituaren alde egiten dabiltzan lanak kanpoan ere harridura sortzen du; harridura, eta miresmena. Eta, hain zuzen, astelehenean Toledoko paraplegikoen ospitalean egindako berbaldiak han batu zirenen barrenak mugiarazi ditu. Eta ez lesioetatik errekuperatzen dabiltzanen barrenak soilik; Antxintxikakoak ere hunkituta itzuli dira hango lagunen bizipenen berri izanda.

Ospitaleko gimnasioan batu ziren lagunek –bizkarrezurrean lesioak dituztenak batu ziren, ospitaleko langile batzuekin batera– adi egon ziren Joseba Azkarateren triatleta oñatiarraren esanak entzuten. Hala, Antxintxika taldearen gainean berba egitearekin batera Oñatikoak bere esperientzia pertsonala kontatu zuen, eta mezu hori zuzenean iritsi zitzaien bertaratutakoei; izan ere, Joseba Azkaratek ondo ezagutzen du Toledoko ospitaleko egunerokoa, 2017an auto istripua izan ondoren han izan zen-eta zazpi hilabetez errekuperatzen.

"Joseba eredu da"

Aitor Rementeriaren esanetan, esperientzia ederra bezain gogorra izan da astelehenekoa. "Goizetik gauera bizitza nola aldatu daitekeen ikusi genuen, baina, era berean, bizitza ez dela amaitzen erakusteko aukera izateak izugarrizko poza eman zigun. Joseba han izan zen zazpi hilabetez errekuperatzen, eta, egia esan, konturatu gara Joseba eredutzat daukatela, eta, bereziki, Josebak izan duen jarrera da eredugarria. Lesio mota askotariko jendea joan zen hitzaldia entzutera, eta jabetu ziren kirolak euren bizitzan eduki dezakeen eragina oso erabakigarrira izan daitekeela. Seguru gaude mezu hori helaraztea lortu genuela, eta pozik itzuli ginen Toledotik", dio Rementeriak.

"Ironmanak egiten nituen"

Antxintxikakoek ospitalean zeuden lagunen bizipenen berri izan zuten, eta kasu guztiak dira esanguratsuak, baina Rementeriak bat nabarmendu du: "Han lesio batetik errekuperatzen zebilen pertsona batek esan ziguna oso esanguratsua da. Adierazi zigun istripua izan aurretik ironman probak egiten zituela, baina elbarrituta zegoenez kirola egitea erabat baztertuta zeukala. Baina Josebaren bizipenek eta hark kontatutakoek ikuspuntua aldarazi ziotela, eta ostera ere kirola egitera animatu zutela".

Sergio Martin, entzuleen artean

Antxintxikako lagunek emandako berbaldian izan zen joan den martxoaz geroztik Toledoko ospitalean ingresatuta dagoen Caja Rural taldeko Sergio Martin txirrindularia. "Begirik kendu gabe egon zen berbaldia entzuten", dio Rementeriak. Seguru Azkarateren berbaldia motibazio iturri izan zela Martinendako; izan ere, Espainako Vueltan lehiatzea zer den badakien 26 urteko txirrindulari madrildarrak istripu larria izan zuen martxoaren 23an, entrenatzen zebilela. Auto baten kontra talka egin ondoren bost saihets eta bi orno hautsi zituen, eta hanketako sentsibilitatea galdu zuen. Ordutik, ospitalean dihardu errekuperatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak