Zenbait ikasle ekainaren amaieran edo irailean hasiko dira Lanbide Heziketako formakuntza dualarekin –dual intentsiboa–, eta Geikek –Arrasateko euskalgintzako eragileak batzen dituen lankidetza mahaia– eta Debagoieneko Mankomunitateak bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laneki elkartearen Lanbide Heziketa Duala Euskaraz egiteko egitasmoarekin. Debagoieneko enpresak animatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera. Mariaren Lagundiak, Miguel Altuna BHIk, Oñatiko Institutuak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Aretxabaletako Lanbide Eskolak eskaintzen dute, besteak beste, duala. Azken lau urteetan Debagoieneko 289 enpresatan egin da duala euskaraz eta 727 ikaslek egin dute duala euskaraz ibarreko ikastetxeetatik bideratuta. Egitasmoaren informazio osatua kontsultatu daiteke www.lhdualaeuskaraz.eus atarian.
Laneki elkarteko kudeatzaile Olatz Imazek nabarmendu du enpresen eta ikasleen eskaerak bideratu dituztela dagoeneko, eta argi utzi nahi izan du ez dietela enpresei ezer exijitzen, eskatzen duten gutxieneko baldintza ikaslearen instruktorea euskal hiztuna izatea dela. Hortik aurrera beste maila batzuk daudela adierazi du Imazek: ikasleari harrera euskaraz egitea, dokumentazioaren erdia euskaraz ematea eta lantaldearen erdia, behintzat, euskaraz mintzatzea ikaslearekin.
Euskararen aldeko urratsa
Lanekikeko kudeatzaileak azpimarratu du ikastetxeek egiten dutena dela hizkuntzaren irizpideak aintzat hartzea, eta "enpresei ere eskatzen zaie hizkuntzaren irizpide horiek aintzat hartzeko. Euskal hiztunei aukera eman behar zaie lantokiko egonaldia euskaraz egin dezaten".
Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta eskolaren ordezkaria da Xabier Sagarna Geiken, eta, haren ustez, duala euskaraz egiteak hurbiltasuna eta konfiantza ematen dio ikasleari, eta ikaslearen nahia gogoa eta eskubidea bermatzen dira. Aldarrikatu du ikasle euskaldun bat euskararen erabilera horrenbestekoa ez den enpresa batean sartzen bada, aukera ona izan daitekeela eraldaketa sortzeko enpresan.
Bestalde, talentu falta aipatu du Sagarnak, eta enpresek gazteak enpresetara erakartzeko saiakerak egin behar dituztela dio: "Gazteak lana eta bizitza euskaraz egin nahi badu, enpresak horretan jardun beharko du erakargarritasun hori areagotzeko. Orduan, gazteari euskaraz lan egitea ahalbidetzeak ekar dezake gaztearen satisfazioa".