Udal eta foru hauteskundeen ostean, Debagoieneko bederatzi alkategaiekin egon da GOIENA, emaitzez eta datozen hilabeteetan eta urteetan dituzten erronkei buruz hitz egiteko.
Olatz Lezeta (EH Bildu) izango da Antzuolako hurrengo alkatea. Aurreko agintaldian bezala, zazpi zinegotzi izango ditu alderdiak Udalean; eta EAJk, 4. Domekan izan zuten emaitzarekin gustura agertu da: "Egia esan, aukera hau oso ona da. PSE-EEkoa herritarra ez izanda, oso pozik gaude, udal osoa herritarrez osatuta egongo baita". Hala ere, lasaitasun mezua bidali du, "orain arte bezala" denak sartzen diren herria osatuko dutela gehituta.
Lehen aldiz izango da alkate, eta, erronka pertsonal "potoloa" dela badio ere, "indarrez eta gogotsu" dago agintaldia hasteko. Uste du aukera polita izango dela herria oraindik eta gertuago bizitzeko. Lehentasuna HAPO dela dio, eta, ondoren, 2018an egindako plan estrategikoarekin bidea egiten hastea. "Herritar guztien ongizatea zaindu beharra daukagu; ekologian eta jasangarritasunean ere aurrera egin. Antzuola euskaldun eta bizia jorratzen jarraituko dugu", dio.
Hasitako proiektuetan begirada
Aramaion alderdirik bozkatuena izan da EH Bildu, baina zinegotzi bat galdu dute. Hala ere, gehiengo osoarekin Iban Herrarte (EH Bildu) izango da Aramaioko alkategaia. Herrarte ere lehen aldiz izango da alkate, eta, haren hitzetan, aurretik duen erronka "potoloa" da pertsonalki, baina baita herriaren aurrean ere: "Erronka da ahalik eta agintaldirik txukunena egitea eta talde berria martxan jartzea".
Lehentasun bezala markatu ditu aurreko agintaldian bidean geratu diren proiektu batzuk; besteak beste, frontoia berritzea eta nerabeen lokala eta nerabeen aisialdiko taldea martxan jartzea. "Orain arte hasitakoa ea borobiltzen dugun, gero proiektu berriekin hasteko", dio. Azaldu duenez, parke eolikoen proiektuaren publikazioa ere orain izan da, eta dagoeneko alegazioekin hasi dira "buru-belarri" lanean.
2015etik EAJ zengoen alkatetzan Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan
Herriarekin elkarlanean
Aldaketa nagusietako bat Aretxabaletan gertatu da. 2015eko udal hauteskundeetatik EAJ zegoen alkatetzan, baina, domekako hauteskundeen ostean, EH Bilduk hartuko du gidaritza. Gari Iturbe (EH Bildu) izango da alkate, eta domekako emaitzak ez du ezustean harrapatu, "baikor, itxaropentsu eta gogotsu" zeudelako: "Jendeak ematen zigun feedbackagatik uste genuen posible zela". Hala ere, gehiengoa izan arren, beste alderdiaren parte hartzea bultzatu nahi duela dio, baita ordezkaritza barik geratu direnena ere: "Herri txikia gara eta uste dut herriak ere eskatzen duela gure arteko elkarlana".
Hark ere lehenengo aldia izango du, eta, pertsonalki, erronkak gustatzen zaizkiola aitortu du. Udala ez du zerbait isolatu modura irudikatzen: "Azkenean, Udala herrira gerturatu eta herritarrekin batera proiektuei heldu gura diegu. Guk ikusten dugu herria dela Udala bultzatzen dutenak, eta herritar barik Udala ez dela ezer".
Balantza beste aldera
Beste ezustekoa Maider Morrasek (EH Bildu) hartu zuen Arrasaten. Dioenez, zailtasunak ikusten zituen alkatetza lortzeko, irabazita ere EAJk eta PSE-EEk aukera kenduko ziotela uste baitzuen. Elkarrekinekin paktua egin dezaketen galdetuta, hasiera batean, gehiengo sinplearekin gobernatu dezaketela dio, baina, hala ere, prest agertu da gainontzeko alderdi guztiekin berba egiteko: "Hori esan genuen eta hori egingo dugu".
Morrasek nahikoa du Elkarrekin alderdiaren basesa gehiengo osoa eskuratzeko
Lehen aldiz izango da alkate, eta izateko "pozik" dago, baina, aldi berean, penaz agertu da, lanbidea utzi behar duelako; hala ere, ziur dago itzuliko dela abokatutzara. Haren erronken artean daude herritarren ondoan egotea eta beste alderdiekin harreman ona berreskuratzea: "Gobernu-oposizio dikotomia hori apurtzea eta ahalik eta akordio gehien lortzea denon artean, hori baita ona herriarentzat". Haren esanetan, "gobernatzeko eredua" da euren bereizgarria. "Alderdien arteko adostasuna eta elkarlana, langileriaren ondoan egotea eta herriak dituen arazoei aurre egitea beste aldera begiratu barik", dio Arrasateko alkategaiak.
Azken agintaldiari jarraipena
Gorka Artolarentzat (EH Bildu) bigarren agintaldia izango da hurrengoa. Emaitzak onak izatea espero zuen, "baina halakorik ez zen kiniela askotan sartzen"; izan ere, eserleku bat gehiago eskuratu dute. Aurreko lau urteetan Bergarako alkate izanda, martxan jarritako lan egiteko moduarekin herri proiektua elikatzen joango direla aurreratu du. Dio abiapuntua ezberdina dela helburuak ezarrita dituztelako, eta, hortaz, lehenbailehen jarriko direla martxan. Lehentasuna da Gobernu taldea ezarri eta ardurak banatuta agintaldirako plana bideratu eta herriratzea.
Orain arteko proiektuei dagokienez, adierazi du jarraipena emango diotela zenbait proiekturi, hala nola Arrizuriaga Jauregia, zaintza plana, Zabalotegiko jolas-eremua, ur-jolasak eta Martokoko urbanizazioaren idazketa.
Herrigintza lehentasun
Lau botora izan du zazpigarren zinegotzia Elgetan EH Bilduk, baina 2019ko emaitzak berretsi dituzte. Ibon Unzetabarrenetxea (EH Bildu) izango da alkate, eta erroka pertsonal "handia" du aurretik: "Jendeak gugan harri du konfiantza, eta eskertzekoa da, baina orain erantzukizun handia sentitzen du elgetarrekiko. Gauzak ondo egitea da erronka handiena".
Herrigintza dute lehentasun, eta, nabarmendu duenez, herritar nahiz eragile guztiei irekita dauden batzorde irekiak izango dira euren gobernantzaren oinarri. Proiektu nagusi gisa, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute. Horrez gainera, beharrezkoa ikusten dute kultur etxea berritzea eta memoria historikoa bultzatzea.
20 urteren ondoren, Edorta Zubizarreta izango da berriro ere Eskoriatzako alkate
20 urteren ostean, berriro
Eskoriatzan ere alderdi aldaketa egongo da alkatetzan, 2015etik EAJ baitzegoen agintean, eta horri buelta eman diote Edorta Zubizarretak (EH Bildu) eta bere taldeak –EH Bilduk zazpi eserleku; EAJk, lau–. Zubizarretak badaki zer den Eskoriatzako alkate izatea, 1999-2003ko agintaldian izan baitzuen kargu hori. Emaitza askoz ere parekatuagoa izango zela uste zuen, eta "oso pozik" agertu da. Dioenez, jendea oraindik gogoratzen da duela 20 urte egindako lanaz, eta uste du horrek ere eragina izan duela emaitzan: "Herritarrek aldaketaren beharra ikusi dute". Bi garaien alderaketa egin du eta dio orduan gauzak aldatzeko borrokatu zirela eta aldatu zituztela; eta orain ere antzeko egoeran daudela uste du.
"Saiatu behar dugu orain dagoen dinamika aldatzen", dio. Beste modu batera egin nahi du lan, eta argi utzi nahi du lehenengo herria dela, eta gero, alderdia. Horregatik, herritarren konfiantza berreskuratzea da haren lehentasuna: "Ikus dezatela Udala laguntzeko dagoela".
Jasangarritasun soziala
2019ko hauteskundeetan ez bezala, Leintz Gatzagan aurkeztu da zerrenda bat, eta, ondorioz, Dorleta Elkorobarrutia (LG Hautesleen Taldea) izango da alkate, lehen aldiz. Udaletik herriarekiko perspektiba aldatuko zaiola uste du. Gainera, haren ogibidean lanean jarraitu behar du; beraz, arlo pertsonalean, eguneroko agenda aldatu egingo zaio, "%100ean" sartuko baita alkatetzan. Taldearen hasierako erronka da hilabete gutxian egoerara egokitu eta talde "indartsua" osatzea.
Herrian duen erronka epe motz, ertain eta luzera, herri txikien jasangarritasuna dagoela dio; hau da, herria bizirik mantentzea: "Azken urteetan biztanleria jaitsi egin da eta gai izan behar dugu ditugun herritarrak mantentzeko eta familia nahiz gazte berriak erakartzeko. Ez bakarrik etxebizitza ingurutik. Baizik eta bizirik mantentze horretan zerbitzuak eta bestelakoak sustatzen jakin behar da".
Aurreko agintalditik Gorka Artola eta Izaro Elorza dira errepikatuko duten bakarrak
"Poza" lanaren berrespenagatik
Izaro Elorza (EH Bildu) izango da Oñatiko alkate, bigarren aldiz, eta azken agintaldian baino zinegotzi bat gehiago izango du. Pozez hartu du emaitza, lau urtean egindako lana berretsi dela iritzita: "Ezustekoa eta poza izan da. Egia da zerrenda egiteko momentuan eszenatoki ezberdinak hartzen direla aintzat, eta prest geunden hamaikagarrena etorrita ere". Azpimarratu duenez, agintaldi bakoitzak izaten du bere erronka, eta horiek identifikatu dituzte programa lantzen aritu direnean. Epe ertain eta luzerako erronkak ere badituztela, eta horiek helduko dituztela, "talde indartsuarekin".
Programan "zuzenean martxan jartzeko" sei egitasmo plazaratu zituzten –energia berriztagarrien merkaturatzailea, harrera plana, zaintza plan integrala, Bazterkeria Zero egitasmoa, unibertsitatea zabaltzea eta elikaduraren burujabetzarako urratsak egite horretan mahaia sortzea–. Dio 2023ko aurrekontuetako proiektuei jarraipena eman eta gero, datozen proiektu handiagoei bide emango dietela.