Zapatuko Mondraren eta Aloña Mendiren arteko derbia tristea izango dela barneratuta daukate bi taldeetako entrenatzaileek (16:30, Mojategi). Bai David Muñozek eta baita Aritz Garmendiak ere. "Guri futbola gustatzen zaigu, baina baita lehiatzea ere; futbola lehiaketa moduan ulertzen dugu. Eta ligako azken derbi honetan ez dugu lehiatzeko motibo handirik, bi taldeok dagoeneko galdu dugu-eta maila", dio Garmendiak. Muñozek ere aitortu du denboraldia luzea egin zaiela; Arrasatekoek urte osoa eman dute zuloan, nahi eta ezin, eta hori nekagarria da.
Zer egin dute txarto?
Bi entrenatzaileak denboraldi erdian iritsi ziren Mondrara eta Aloña Mendira: Muñozen kasuan, Cristian Matias ordezkatzera, eta Garmendiak Garikoitz Nuñezen lekua hartu zuen. Suhiltzaile lanak egitera etorri ziren, edo, beste modu batera esanda, soluzio bila jo zuten eurengana. Baina ez dute halakorik aurkitu, hori da egia. Biek nabarmendu dute inplikazio handiko taldeekin egin dutela topo, konpromisoa erakutsi duten jokalariekin –agur esan zuten entrenatzaileek ere ez zuten berba txarrik esan–, baina futbolean inplikazioa baino gehiago behar da, eta baita zorte apur bat aldeko izatea ere, bereziki bi taldeetan eragin handia izan duten lesioekin.
Taldean jarraitzeko asmoa ote duten galdetuta, Garmendiak ezetz erantzun du. Eta entrenatzaile oñatiarrarekin batera jakinekoa da Gaizka Zelaiak, Unai Gilek, Martxel Aiastuik eta Kevin Martinek ere utziko dutela futbola. Mondrako entrenatzaile David Muñozek, berriz, lehenago denboraldia amaitu behar dutela dio. "Oraingoz, esan dezakedan gauza bakarra da Arrasaten oso gustura egon naizela, baina, lehenago, amaitu dezagun liga, eta aurrerago etorriko da erabakiak hartzeko unea". Hala, Arrasateko taldean ez ditu baja kopuru garrantzitsuak aurreikusten, eta horrek lasaitu egiten duela gaineratu du.
Bergarak gaur esango du agur
Bergarak kontrario gogorra izango du aurrean gaur, egubakoitza (20:15, Rezola), bigarren postuan dagoen Añorga. "Partidu zaila izango da, etxeko zaleen aurrean jokatuko dute eta urtea ondo amaitu gurako dute. Baina dagoeneko mailaz igo dira eta guk ere ez dugu presiorik. Partidua egubakoitzean jokatzea lortu dugu, eta hori gure alde, Bergarako jaiak lasaitasunez ospatu ahal izango ditugulako. Eta garaipen batekin bada, askoz hobeto", adierazi du Iker Ruiz de Larramendi entrenatzaileak.
Mahoneroek txarto hasi zuten liga, lehen zazpi jardunaldietan bi puntu baino ez zituzten lortu eta Gabonetan maila galduko zuen hautagaietako bat zen Bergara. Baina ez. "Taldearen erreakzioa etorri zen hor, jokalariek erakutsi zuten badutela hor jokatzeko maila, eta, gainera, lanerako konpromisoa zutela erakutsi zuten, ez zuten amorerik eman. Egia da pena apur bat ere ematen duela, bigarren itzuli ona ikusita badirudielako gauzak hasieran ondo egingo bagenitu gorago egon gintezkeela, baina errealistak ere izan behar dugu: Añorga eta Eibar taldeek erakutsi dute oso maila oneko jokalariak dituztela, eta sendotasun handia".
UDAk onenei irabazi die
Aretxabaletak Mutrikuren kontra tramiteko partidua jokatuko du zapatuan (17:30, Ibarra), bi taldeetako inork ez dauka-eta ezer jokoan. Hala, Unai Calzonen ustez, denboraldia ondo agurtzea da jokoan dagoena: "Liga zapore onarekin amaitu nahi dugu".
Urteari errepasoa eginda, deigarria da Aretxabaletak zenbait partidutan erakutsi duen maila, bigarren itzulian kategoriako oilarrei irabazteko kapaz izan da eta. "Eibarri euren etxean irabazi egin genion [2-3], Añorgari sei gol egiteko gauza izan ginen [6-0], Oiartzuni ere irabazi egin genion [2-0]. Horrek erakusten du, tarteka bada ere, taldeak ze maila izan duen, baina erregulartasuna falta izan zaigu, eta, neurri handian, hasiera txarrak denboraldia baldintzatu du". Hala, agurren partidua ere izango da zapatukoa: Julen Zaitegik, Aitor Perezek, Jon Unanuek eta Mikel Ezeizak futbola utziko dute.
Ondoko bizilagunen hutsunea
UDAko eta Bergarako entrenatzaileei ez zaie oharkabean pasa Mondrak eta Aloña Mendik egin duten urte txarra; izan ere, denboraldi hasieran eurak ere ez ziren hobeto egon. Eta aitortu dute datorren urtean talde horien hutsunea igarri egingo dutela. Biak bat datoz: Debagoieneko taldeen arteko derbiak bereziak direla diote. "Egutegian gorriz markatuta egoten diren partiduak dira", dio Calzonek. Eta, neurri handian, onartzen dute etxeko jokalariekin soilik jokatzearen aldeko apustuak badituela bere arriskuak. Dena dela, Bergarako gazteek erakutsi berri dute harrobian lan ona egiten bada emaitzak lehenago edo geroago iritsi egiten direla: "Liga nazionalera igo duten gazteek protagonismoa kendu diote lehenengo taldeari, eta gu oso pozik gaude. Talde horretan ere laguntzen ibili naiz eta harro gaude egin duten lanarekin, belaunaldi ona du hor Bergarak".
Etxekoen aldeko apustua
Gaur egun Debagoieneko talde guztiek dihardute harrobiko jokalariekin jokatzen. Agorrosinen, Azkoagainen, Ibarran, Mojategin edota Eztalan hazitako jokalariekin osatu dute taldeek ehuneko handiena, eta zuzendaritzek barneratuta dute posible dela tarteka denboraldi txarrak izatea. Duela urte batzuk egoera erabat bestelakoa zen, maila oneko lauzpabost jokalari on "fitxatzeko" gaitasuna izaten zutelako talde gehienek, baina garai haiek amaitu ziren. "Dena dela, nik ez dakit zale asko horretaz konturatu den", dio Unai Calzonek. "UDA erreferentziazko taldea izan da Ohorezko Erregional Mailan, inguruko jokalari onak erakartzeko gaitasuna izan du eta azken hamarkadan pasatxoan taldea birritan igo da Hirugarren Mailara. Azken urteotan, baina, zuzendaritzatik etxeko jokalariekin jokatzeko erabakia hartu da, eta nik bat egiten dut horrekin. Baina, gure kasuan, eta bereziki lehenengo itzuli txar baten ondoren, zuzendaritzaren babesa izan genuen baina kalean kritika asko sumatu nuen. Eta halakoetan behar dira animoak. Taldekideon artean aurkitu genuen babes hori, eta zorionez egoera zuzendu ahal izan dugu".
Entrenatzaileen denboraldiaren gaineko balorazioa:
David Muñoz, Mondrako entrenatzailea:
"Bistan da kategoria galdu badugu lana ondo egin ez dugun seinale dela, zerbaitetan huts egin dugula. Taldeak liga hasiera txarra izan zuen eta klubera etorri nintzenean ikusi nuena izan zen lana egiteko prest zegoen talde bat neukala. Aste barruko entrenamendu saioetan 22, 23, 24... jokalariz osatutako taldearekin egin dut topo, eta lana ona izan da, benetan. Baina zenbakiek beste zerbait erakusten dute, kontziente gara. Uste dut aurrera begira Mondrak baduela oinarria. Hazia hor dago".
Asier Garmendia, Aloña Mendiko entrenatzailea:
"Taldeak ondo hasi zuen liga, baina, ondoren, lesio mordoa izan genituen, eta uste dut galdu samar ibili ginela. Eta gero, Vasconiaren eta Tolosaren kontra jokatutako partiduek ere eragin handia izan zuten. Atzealdeko postuetan ginen, Vasconiaren zelaian galdu egin genuen [2-0], eta, ondoren, Tolosaren kontra etxean puntu bakarra eskuratu genuen [3-3]. Orduan, kontrario zuzenek aurrerapausoa eman zuten, eta uste dut hor benetan ikusi genuela maila galtzeko aukera handiak genituela".
Iker Ruiz de Larramendi, Bergarako entrenatzailea:
"Aurten, iaz gertatu zitzaigun antzeko zerbait gertatu zaigu; alegia, oso txarto hasi ginela eta bigarren itzulian egoerari buelta emateko kapaz izan garela. Horrek gauza positibo asko ditu, baina, bi urtez gauza bera gertatu bazaigu, hausnartu ere egin beharko dugu, datorren urtean liga hasiera hobea egiteko. Eta egia da Aloñaren zelaian derbia irabazi genuenean erlaxatu egin ginela; mailari eusteko behar genituen puntuak eskuratu genituen eta azken asteotan beste intentsitate batekin ibili gara".
Unai Calzon, UDAko entrenatzailea:
"Lehenengo itzulia oso luzea egin zitzaidan, emaitzak ez zirelako batere onak izan. Ikusten nuen aste barruan taldekideak zelan ari ziren lanean, entrenamendu saio oso txukunak egiten genituela, eta, ondoren, partidu askotan ikusten nuen berdegunean ere ondo geundela, baina emaitzek ez zuten hori erakusten. Gure akatsengatik, detaile txikiengatik, puntu askok ihes egin ziguten. Zorionez, bigarren itzulian egoera horri buelta eman genion, eta urtea larritasun barik amaitu ahal izan dugu".