Manifestazioa eginda hitzarmen duina eskatu dute garbikuntzako langileek

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 25a, 16:23

Greban dauden langileak Oñatin.

ELA sindikatuak deituta greban dauden garbikuntzako langileek aldarrikapenak kalera atera dituzte. Oñatin egin zuten manifestazioa atzo arratsaldean, soldata arrakala salatzeko.

Eraikin eta lokaletako garbikuntzako sektoreko lan baldintzak hobetzea eskatuz ekin zioten grebari astelehenean eta domekan emango diote bukaera. Debagoienean hainbat lantegi eta Udal zerbitzutan dabil izaten eragina ELAtik aditzera eman dutenez; besteak beste honako hauetan: Arrasaten, Polmetasa eta Saltoki lantegietan eta Garaia Teknologia Parkean; Oñatin Cegasa, Fagor Industrial, Natra, Ulma –Polimeroak, Packaging eta Forja– lantegietan, Txantxiku ikastolan eta kiroldegian; Bergaran, Errekan eta Mariaren Lagundia haurtzaindegian; Aretxabaletan Coprecin eta Udal zerbitzuetan; Eskoriatzan, Fagor Automation lantegian; eta Antzuolan, Matz-Errekan.

Lan baldintza duinak

Sektore feminizatua dela garbitzaileena adierazi dute sindikatutik eta "prekarietatea nagusi" dela. Langile horien egoeraren berri eman dute: "Erosahalmena %15 galdu dute. 1.180 euro gordineko hileko soldatak dituzte lanaldi osoengatik, eta sektoreko langileen %80k baino gehiagok lanaldi partzialak ditu". Are gehiago, azaldu dute patronalak ez diela beharginei KPI Kontsumo Prezioen Indizea bermatu nahi, eta baldintza horietan "langileak egiturazko pobretasun sistematikora kondenatzen" dituztela.

Sektoreak lan baldintza duinak izan ditzan baita erosteko ahalmena bermatuko duen soldatak ere, jo dutela grebara gaineratu dute eta lau puntutan jarri fokua: galdutako erosahalmena berreskuratzea eta hitzarmenaren indarraldian bermea izatea; partzialitatearen aurkako klausulak; plus bat izatea enpresa berean lantoki batean baino gehiagotan diharduten langileentzat; eta lan kargen erregulazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak