Hemen dira hauteskundeak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 28a, 06:00

Debagoiendar bat botoa ematen 2019ko udal hauteskundeetan. (Argazkia: GOIENA).

Debagoienean 21 hautesleku jarriko dituzte botoa ematera deituta dauden 49.595 debagoiendarrek udal eta foru hauteskundeetako botoa eman dezaten, 09:00etatik 20:00etara; GOIENAk hauteskunde egunaren jarraipena egingo du euskarri guztietan.

Maiatzaren 28an, gaur, erabakiko da hurrengo lau urteetan zeinen eskuetan geratuko diren udalak eta foru aldundiak. 2019ko udal hauteskundeetan ez bezala, Debagoieneko herri guztietan osatu dira udal zerrendak –Leintz Gatzagan ez zen zerrendarik aurkeztu duela lau urte–. Denera, 49.595 debagoiendar daude deituta botoa ematera, 2019an baino 572 gutxiago: Arrasaten 16.948, Bergaran 11.311, Oñatin 8.794, Aretxabaletan 5.541, Eskoriatzan 3.231, Antzuolan, 1.599, Aramaion 1.153, Elgetan 853 eta Leintz Gatzagan 165.

Hortaz, hautetsontzietan bi boto eman ahal izango dira: bata, zuria, udaleko botoa; eta bestea, laranja, Batzar Nagusietakoa. Boto horiek 21 hauteslekutan eman beharko dituzte debagoiendarrek, bakoitzak dagokionean. Arrasaten sei hautesleku jarriko dituzte, Bergaran bost, Oñatin lau eta Aretxabaletan, Eskoriatzan, Elgetan, Aramaion, Antzuolan eta Leintz Gatzagan bana. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara egongo dira hauteslekuak zabalik.

Ordezkaritzak udaletan

Udal hauteskundeei dagokienez, 113 zinegotzi aukeratuko dituzte ibarrean gaur; herri bakoitzak duen biztanleriaren araberakoa da zinegotzi kopurua ere. Hori horrela izanda, Arrasaten 21 zinegotzi aukeratuko dituzte; Bergaran, hamazazpi; Oñatin, hamazazpi; Aretxabaletan hamahiru; Eskoriatzan, hamaika; Antzuolan, hamaika; Aramaion, bederatzi; Elgetan, bederatzi; eta Leintz Gatzagan, bost. Hala, ekainaren 17an eratuko dira udalak.

34 zerrenda aurkeztu dira bailaran; hamar dira emakumezko alkategaiak

Alabaina, bost alderdi nagusiek aurkeztu dituzte hautagaitzak Debagoienean; denera, 34 zerrenda. Hauek dira aurkeztu diren alderdiak herriz herri: Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin koalizioa eta PP; Oñatin eta Aramaion, EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta PP; Eskoriatzan, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin koalizioa eta PSE-EE; Elgetan eta Antzuolan, EH Bildu, EAJ eta PSE-EE; eta Leintz Gatzagan, L.G. Hautesleen Taldea. Zerrenda horietatik hamar dira emakumezko alkategaiak eta 24, gizonezkoak.

Gaur egun, alkatetzei dagokienez, EH Bildu da nagusi bailaran, alkatetzak bost herritan baititu –Bergaran, Oñatin, Antzuolan, Aramaion eta Elgetan–. EAJ, aldiz, Arrasaten –PSE-EErekin Udal Gobernuan–, Aretxabaletan eta Eskoriatzan dago alkatetzan. Gatzagan, berriz, L.G. Hautesleen taldea dago Udalean. Azken agintaldian alkate izan direnetatik lauk errepikatuko dute: Arrasateko Maria Ubarretxena, Bergarako Gorka Artola, Oñatiko Izaro Elorza eta Eskoriatzako Joserra Zubizarreta aurkeztu dira beste urte batez euren alderdietako zerrendaburu. Alkatetza duten alderdiek gainerako herrietan zerrendaburu berriak dituzte.

Alkategaiaren erakargarritasunak, herriarekiko duen gertutasunak edo bestelako faktoreek eragina izan dezakete herritarrengan botoa emateko orduan. Elena Laka abokatuak dio "erakargarritasun" hori ikusten dela eguneroko jardunean, azken lau urteetan egindako lanean edota hautagai edo zerrendaburu berriek duten profilean. Hala ere, egindako debateak ere garrantzitsuak izan daitezkeela dio: "Batzuetan, alderdi politikoen siglek pisu handiagoa izango dute, baina, siglaren barruan ere, hautagaiak zure gustukoa izan behar du".

Debagoieneko batzarkideak

Udal hauteskundeez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak ere egingo dira. Gipuzkoako Batzar Nagusietan lau barruti ezberdintzen dira eta 51 batzarkide aukeratuko dira, guztira: Donostialdean, hamazazpi; Deba-Urolan, hamalau Debagoiena hor sartzen da–; Bidasoa-Oiartzunen, hamaika; eta Orian, bederatzi. Gipuzkoan zazpi zerrenda aurkeztu dira –EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin koalizioa, PP, STOP eta Aulki Zuriak–, eta Deba-Urola barrutian alderdi guztiek dute hautagaitza, Aulki Zuriak-ek izan ezik.

Batzar Nagusietan, Deba-Urola barrutian, hamalau Debagoiendar

Bestalde, Deba-Urola barrutian aurkezten diren zerrenden artean hamalau debagoiendar daude: EH Bildutik, sei –Aitor Irure aretxabaletarra, Iker Intza bergararra, Nerea Zubia oñatiarra, Amaia Etxabe arrasatearra, Jasone Giraldo arrasatearra, eta Ainhoa Lete bergararra–; EAJtik, hiru –Aintzane Oiarbide bergararra, Ander Garay arrasatearra eta Maite Agirre bergararra–; PSE-EEtik, bat –Aritz Murua arrasatearra–; eta Elkarrekin Gipuzkoatik, lau –Juan Luis Merino eskoriatzarra, Eva Abuin arrasatearra, Mario Romero arrasatearra eta Blanca Merchan eskoriatzarra–.

Atzera begira

2011ko udal hauteskundeetan EH Bildu nagusitu zen Gipuzkoan eta Debagoieneko udal guztietan, Elgetan izan ezik; azken horretan Aralar izan baitzen lehenengo indarra. 2015ko udal hauteskundeetan, ordea, aldaketa gertatu zen Gipuzkoan, eta Debagoieneko lau herritan alderdi jeltzalea heldu zen alkatetzara; hain zuzen ere, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Eskualdeko gainerako herrietan EH Bilduk jarraitu zuen nagusi izaten.

Urte bereko abenduan egin ziren Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak, eta nabarmentzeko herriak dira Arrasate eta Bergara, udalean EAJ izanik, Ahal Duguk eta EH Bilduk jaso zituzten-eta boto gehien, hurrenez hurren. Gainontzekoetan, alkatetzarekin bat zetorren alderdiak jaso zituen boto gehien; Gatzagan, EH Bilduk. Espainiako hauteskunde haiek errepikatu egin behar izan ziren 2016ko ekainaren 26an. Arrasaten 2015eko alderdi bera izan zen bozkatuena, baina Bergaran EAJ nagusitu zen, hamaika botoko aldeagatik. Eskoriatzan ere joera aldaketa gertatu zen; 2016an Elkarrekin Ahal Dugu atera zen garaile, EAJren aurretik, hamabi botoko aldearekin –2015ekoetan hirugarren alderdi bozkatuena izan zen–.

2015etik gaur arte egin diren hauteskundeetan EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Debagoienean

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Debagoieneko herrietan zentratuz, herri bakoitzean alkatetzan zeuden alderdien aldeko botoak nagusitu ziren, Bergaran izan ezik; han EH Bilduk jaso zituen boto gehien, eta, ondoren, 2019ko udal hauteskundeetan ere aldaketa izan zen eta EH Bilduk berreskuratu zuen alkatetza.

2020an pandemia betean egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan beste aldaketa bat gertatu zen. 2015etik nagusi izan zen EAJk galdu egin zuen, EH Bilduren mesedetan, Arrasaten eta Aretxabaletan. Hortaz, ibarrean EAJ Eskoriatzan izan zen soilik garaile. Aipatzekoa da 2015etik gaur arte egin diren hauteskundeetan eskualdean, orokorrean, EH Bildu izan dela alderdirik bozkatuena.

Pandemiak bustitako lau urte

Era berean, gogoan izan behar da azken agintaldia pandemiak jotakoa izan dela, baina horrek ez luke "eragin berezia" izan beharko hauteskundeetan, Lakaren ustez; behintzat, ez zaio hala iruditzen: "Pandemiak, azkenerako, denean eta denongan izan du eragina. Baina esango nuke pandemiaren kudeaketan gehien esku hartu duen erakundea ez dela udala. Gorago daudenek eragin handiagoa izan dute".

Gaur, zer?

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak maiatzean egin eta aurkeztutako inkestako datuen arabera, 2019ko Batzar Nagusietako hauteskundeekin alderatuta, Gipuzkoan EAJren boto kopurua mantendu egingo litzateke eta boto gehien lortuko lituzke. EH Bilduren boto kopurua, baina, hazi egingo litzateke, PSE-EEren eta Elkarrekin koalizioaren kaltetan. PPren boto kopurua ere igo egingo litzateke. Horren aurrean, Elena Laka abokatuak hauteskunde kanpainan jarri du azpimarra. Haren iritziz, alderdiek oraindik ez dute garbi ikusten emaitza horiek gauzatuko diren edo ez: "Beharbada, hala izango da, baina nik uste dut botoz boto ari direla borrokatzen oposizioari botoa kendu nahian eta botoa erabaki gabe duten horiek euren aldera ekarri nahian".

Elena Laka: "Uste dut jendeak oso ondo neurtzen duela botoa hauteskunde bakoitzean, eta, bereziki, neurtze horrek pisu berezia dauka udaletako hauteskundeetan"

Duela hiru urteko hauteskundeetan Arrasaten eta Aretxabaletan izandako aldaketaren harira, Lakak adierazi du jendeak "oso garbi" duela hauteskunde bakoitzean nori ematen dion botoa: "Uste dut jendeak oso ondo neurtzen duela botoa hauteskunde bakoitzean, eta, bereziki, neurtze horrek pisu berezia dauka udaletakoetan. Badirudi aldaketa etor daitekeela, baina nik ez nuke eskua sutan jarriko horren alde".

Kanpainaren balorazioa

Maiatzaren 12an hasi zen hauteskunde kanpaina eta egubakoitzean gauerdian eman zitzaion amaiera. Lakak dioenez, gaur gauera arte borrokatuko dira alderdiak. "Hori inkestek esaten dutena da. Emaitza hain garbi egongo balitz, ez lirateke ibiliko ibili diren moduan. Uste dut EAJ, PSE-EE eta EH Bildu oso gogor dabiltzala boto bakoitzaren bila", dio abokatuak. Lakak azpimarratu duenez, ia-ia urte hasieran hasi zen kanpaina, nahiz eta formalki botoa ezin den eskatu azken hamabost egunera arte. Nabaritu du aldaketa urtarriletik hona: "Azeleragailua hauteskunde kanpainan sakatzen da, eta indar handiena orduan hasten da".

Aurtengo hauteskundeetakoa ere ohi bezala hasi dela iruditzen zaio abokatuari: "Urtarriletik hona gutxika-gutxika joan dira, eta momentu honetan azeleragailua guztiz sakatuta daukate alderdi guztiek. Hasieran norbere tesiak defendatzen bazituen ere, denak sartu dira lokatzetan eta denek ekin diote ondokoa deuseztatzeari, ahalik eta boto gehien lortzeko. Gainera, kanpoko faktoreak ere badaude, eta honetan ere egon da. Adibidez, EH Bilduko zerrendetako preso ohiena. Hala ere, gutxi eragin duela esango nuke".

Atzoko gogoeta-egunaren ostean, gaur norberak izango du datozen lau urteetako etorkizun politikoa hautatzeko aukera. Hortaz, herri bakoitzean eta Batzar Nagusietan gertatuko dena jakiteko gaur gauera arte itxaron beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak