Jarraipen "zabala" izan du Gipuzkoako garbikuntzako lehen greba egunak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 22a, 17:04

ELA sindikatuak deituta, hilaren 15ean egin zuten elkarretaratzea Coprecin.

ELAren arabera, eraikin eta lokalen garbikuntzako langileen %55eko ordezkaritza izan du, eta Debagoienean ere eragina izan du: salatu duenez, Oñatiko Natra eta Aretxabaletako Copreci zentroetako grebalariak ordezkatuak izan dira. Hain justu, hilaren 15ean egin zuten Aretxabaletan elkarretaratzea.

Ikuskaritzari, beraz, "premiaz jokatzeko" eskaria egin diote, "langile horien greba eskubidea berriro urra ez dadin". Izan ere, nabarmendu dute 5.000 langile baino gehiago dituen sektorea dela garbikuntzarena, eta "erabat atomizatuta" dagoela: "Askok bakarka egiten dute lan, hala nola portaletan, bankuetan… Hala ere, hainbat sektoretako langilek egin dute bat grebarekin; esate baterako, erakunde publikoetakoek". Bailaran, aipatu duenez, aldarriak babestu dituzte, besteak beste, Oñatiko kiroldegiko langileek eta Arrasateko helduen hezkuntzakoek.

Negoziazioa, "erabat blokeatuta"

Sindikatuaren hitzetan, bost urte daramatzate negoziatzen, baina Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntza sektoreko negoziazio mahaia "erabat blokeatuta" dago. "ELAk eskatzen du sektoreko %40,46ko soldata arrakalarekin amaitzeko pausuak ematea, baina patronalak ez du inolako mugimendurik egin eta ukatu egiten du". Sektorea "prekarioa" dela erantsi dute, "erabat feminizatuta" dagoela eta kontratuetan %80ko partzialtasuna dagoela. Hala, lau eskaera egin dituzte.

Batetik, "galdutako erosahalmena berreskuratzea" galdegin dute, eta "hitzarmenaren indarraldian bermea" izatea. "Partzialtasunaren aurkako klausulak" ere eskatu dituzte, eta plus bat enpresa berean lantoki batean baino gehiagotan lan egiten duten langile guztientzat. Azkenik, "lan kargen erregulazioa" ere mahai gainean jarri dute.

Bien artean, ordea, mobilizazioekin jarraituko dute, eta, gaur-gaurkoz, maiatzaren 28ra arte luzatuko dute. "Adostasunetik urrun, patronala mahaia blokeatzen ari da, eta hori gutxi balitz, negoziazioan atzera pausuak emateko asmoa du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak