Politika gazteen interesekoa denik zalantzan dute askok; hain zuzen ere, alderdien, politikarien eta gizarte ereduaren sinesgarritasuna krisian den garai honetan. Hala ere, ideia ezin da orokortu, eta horren adibide da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara begira Debagoieneko herrietako alderdien zerrendetan hautagaiak diren gazteena. GOIENA horietako laurekin egon da, hastapenez, etorkizunaz eta gazteez eta politikaz hitz egiteko, besteak beste. Honako hauek dira elkarrizketatutako lau hautagaiak: Ainhoa Sanchez (Aretxabaleta, 1998), Aretxabaletako EH Bilduren zerrendan seigarrena; Kepa Sebal (Bergara, 1999), Bergarako EAJren zerrendan bosgarrena; Ione Elkoro (Elgeta, 1998), Elgetako EH Bilduren zerrendan hirugarrena; eta Itziar Alonso (Oñati, 1999), Oñatiko EAJren zerrendan hirugarrena.
Zerrendetan lehen aldiz
Era batera edo bestera politikarekin lotura izan dute gehienek, baina lehenengo aldiz aurkeztu dira euren herriko zerrendetan. Sebalek adierazi du politikan ez dela ibili lehenagotik, baina "betidanik" gustatu zaiola politikan, ekonomian, historian eta halako gaietan jantzita egotea eta horietaz eztabaidatzea. Horregatik, "ilusioz eta jakin-minez" hartu du erronka. Elkoro, aldiz, talde batzuetako kide izan da, baina ez da inoiz alderdi batean egon. Horregatik, ez zuen ezustean hartu proposamena; izan ere, aurreratu duenez, 2019ko hauteskundeetan ere galdetu zioten.
Sanchez, Sebal, Elkoro eta Alonso lehen aldiz aurkeztu dira zerrendetan
Kontrara, Sanchezek "harridura handiz" hartu zuen proposamena, hasiera batean, eta ostean etorri direla "motibazioa eta gogoa", politikan zuzenean ez baitu jardun. Herriko mugimenduetan ibiltzen da; gehienbat, gazte mugimenduen eta Pikarraituz Neska* Gazteen talde feministan. Horretaz gain, euskalgintzan ere badabil, Loramendi euskara elkarteko teknikaria baita. Alonso duela lau urte alderdikidetu zen EAJn. Erabaki hura hartu aurretik, EGIra gerturatu zen, eta, ordutik, Oñatiko Uri Buru Batzarrean eta EGIko Gipuzkoako Erkian egin du haren jarduna. "Ilusio berezia" egin zion Oñatiko Uri Buru Batzarreko kide batzuek hura proposatu izanak, eta eskerrak eman dizkie alderdikideei, konfiantzagatik.
Urrun edo gertu politikatik
Gazteek politika urruneko zerbait bezala ikusten dutela esan ohi da, eta horretaz galdetu die GOIENAk hautagaiei. Aretxabaletarraren iritziz, baieztapen hori "geroz eta urrunago geratzen da gaur egungo gazteen egoeragatik: "Gazteok gauzak aldatzeko gogotsu gatoz, gauza askok aldatzeko eta eraldatzeko beharra daukatela ikusten dugu eta geroz eta gehiago aldarrikatzen dugu gure lekua behar dugula eta gure ahotsak ere garrantzia duela. Horretan gabiltza". Elgetarra ez da batere ados agertu baieztapenarekin. "Gazteek konpromiso politiko handia dutela erakutsi dute, bai Elgetan, bai Elgetatik kanpo ere. Ideia eraikitzaileak dituzte, herriaren hobekuntzara bideratuta daudenak", dio.
Oñatiarraren esanetan, berriz, politikarekiko atxikimendurik eza edo urruntzea gizartean fenomeno orokorra da, nahiz eta gazteen artean nabariagoa den sentimendua izan: "Esango nuke politikarekiko atxikimendurik ezari buruz ari garenean, sarritan, politika parte-hartzea alderdi politiko bateko kide izatearen sinonimo dela alderdi politiko bateko kide izatea, eta ez nator guztiz bat horrekin". Haren esanetan, politikan era askotara hartu daiteke parte: GKEen parte izaten, euskaraz aritzen edota mugimendu feministako kide izaten. Bada, alderdi politikoak beharrezkoak direla uste du, alderdirik gabe herritarren nahiz gazteen beharrei erantzunik eman ezin zaiela iritzita.
Bergararrak nahiago izan du politika ez "erromantizatu". Hark uste duenez, bakoitza librea da parte hartu edo aldentzeko: "Parte hartzea ez da betebeharra, eskubidea baizik, eta, guk erabiltzen ez badugu, beste batek erabiliko du gure ordez".
Datozen belaunaldiak
Sanchezen esanetan, gazteak geroz eta konpromiso gehiago hartzen dabiltza; herriak ere gazteen neurrira egon behar duela sinesten duela dio: "Datozen eta gatozen belaunaldiak hau aldarrikatu eta horrela izateko lanean gabiltza eta horretan jarraituko dugu. Harrobi benetan esperantzagarria eta motibagarria dela esango nuke. Alde horretatik, lasai egon gaitezkeela uste dut, gazteak aldaketetarako gogotsu gatoz eta horiek posible egiteko konpromisoa barruan daukagu". Ildo beretik jarraitu du Elgetako EH Bilduko zerrendakideak, azken denboraldian jende berri asko inguratu delako udalgintzara, eta, horrela, etorkizuna ziurtatuta dagoela ikusten baitu.
Alonsok, berriz, EAJren harrobia "osasuntsu ikusten du. Jende "berri eta baliotsu" asko dagoela dio, eta, horretarako, herrietako zerrendetako hautagaiak ikusi besterik ez dagoela: "Gazteon interesak eta iritziak ordezkatzeko prest gaude. Alderdi zaharra gara, 127 urte ditu gure alderdiak, baina osasun onean eta gaztetuta gaude. Gure artean ere belaunaldi aldaketa nabari da, eta hori onuragarria da guretzat, gazteontzat".
Herritarren pertzepzioa
Gaztetasuna edo esperientzia. Zer ote dute nahiago herritarrek udalean? Euren iritzia eskatu diegu zerrendakideei. Sebalek nabarmendu du gazteek beste perspektiba bat dakartela, "berritzaileagoa eta alternatiboagoa", besteak beste, baina baita esperientzia gutxikoa ere. Espero du lan egiteko eta ikasteko gogoak orekatzea. Bere horretan, baina aitortu du animo eta laguntza asko jaso duela. Oñatiarrak gaineratu du "ilusioz" hartzen dutela gaztetasuna herritarrek, "freskotasuna eta berritasuna" toki guztietan direla ongietorriak iritzita. "Ideia, ikuspuntu eta iritzi berriak ditugu denok, gure herriaren eta komunitatearen alde erabiliko ditugunak", azaldu du.
Laurek uste dute zerrendetan berritasuna eskertu egiten dutela herritarrek
Elgetarraren esanetan, gazteek, orokorrean, ondo hartzen dute: "Azken finean, gure artean dauden problematikak ondo ezagutzen ditugu. Herri txikietan, gainera, badago herritarren arteko hurbiltasun puntu hori".
Bozkatzearen garrantzia
Lau hautagaiek maiatzaren 28an botoa emateko dei egin diete gazteei. Ainhoa Sanchezek dio gazteen hitza garrantzitsua dela, "gazteak direlako ikuspegi berriekin datozenak eta gauzak eraldatzeko gogo eta motibazioa dutenak". Kepa Sebalek, beste behin, gogorarazi du botoa eskubidea dela eta norberak erabiltzen ez badu beste batek baliatuko duela hartutako erabakia. Ione Elkorok argi dauka ez bozkatzea erabaki politikoa dela, eta espero du ez bozkatzearen arrazoia hausnarketaren ondorio izatea, eta ez "pasotismo edo nagikeriaren" ondorio. Azkenik, Itziar Alonsok azpimarratu du etorkizuna dagoela jokoan: "Gure belaunaldiak bozkatzen ez badu, besteek erabakiko dute gure
ordez".
Hautagaiak, gazteei eta botatzeari buruz
Ainhoa Sanchez - EH Bildu, Aretxabaleta: "Eskubide bati uko egitea ez dago nire planen barruan"
Herritar ororen botoa da garrantzitsua, baina arreta berezia jartzen da gazteenean. Bozkatzeko aukera duenetik ez du sekula zalantzan jarri botoa eman edo ez: "Historian zehar asko kostatu den zerbait da eta gaur egun 18 urtetik gorakook daukagun eskubidea da; hortaz, eskubide bati uko egitea ez dago nire planen barruan". Dioenez, gazteak geroz eta gehiago konturatzen dira gizartea aldatzeko beharraz. Hortaz, egoerak aldatzen hasteko "bidean murgiltzeko aukera bakarra" da boto eskubideaz aprobetxatzea.
Askotariko ikuspegiak
Gazteen hitza ere garrantzitsua dela azaldu du, gazteak ikuspegi berriekin datozela eta gauzak eraldatzeko gogo eta motibazioa dutela iritzita: "Hortaz, uste dut ondo egiten dela gugan delegatzen. Betiere, alde batera utzi barik denok batera egin beharreko zerbait dela. Ikuspegi ezberdinak mahaigaineratu, eztabaidatu eta adin tarte guztiek elkarren artean aberasteko bide horretan murgilduta".
Kepa Sebal - EAJ, Bergara: "Kritiko agertu direnen alternatibak entzungo nituzke"
Lagun kuadrillan komentatu, eta mota guztietako iritziak jaso eta gogoeta egin ondoren erabaki zuen baietz esatea. Hainbat arrazoi medio, zenbaitek erabakitzen du ez bozkatzea. Horren aurrean, Sebalek azpimarratu du kritiko agertu direnek proposatzen duten alternatiba "interes" handiarekin entzungo lukeela: "Hauteskundeetaz gain, parte-hartze zuzen eta aktiboa areagotzea izan daiteke irtenbidea, agian? Ez dakit". Paradoxikoa iruditzen zaio politikan egunean ez daudenen egoera; izan ere, gehien informatu daitezkeen garaian bizi gara.
Arreta berezia gazteengan
Gazteen botoan jartzen da arreta askotan, baina hori zergatik izan daiteke? Honako hau erantzun du Sebalek: "Askotan, gazte guztiok berdin bizi eta pentsatzen dugula ematen du; izan ere, haien bozkak erakartzeko, gazteon benetako arazoei konponbide errealak planteatu beharko dizkie proiektu politiko bakoitzak. Horregatik jartzen da arreta gazteengan".
Ione Elkoro - Elgeta, EH Bildu: "Ez bozkatzea ez dadila izan nagikeriaren ondorio"
Elgetako Ibon Untzetabarrenetxea alkategaiak eta Iraitz Lazkano alkateak konbentzitu zuten zerrendakide izateko: "Nire eguneroko ohituretan aldaketa ekarriko du". Ez du uste gazteentzat politika urruneko zerbait denik: "Gazteek konpromiso politiko handia dutela erakutsi dute, bai Elgetan, baita Elgetatik kanpo ere. Ideia eraikitzaileak dituzte, herriaren hobekuntzara bideratuta daudenak". Argi dauka gazteek ez bozkatzea erabaki politikoa dela: "Hauteskundeetan ez bozkatzea erabakitzen duenak bere hausnarketaren ondorioagatik egin dezala, eta ez pasotismo edo nagikeriaren ondorio".
Gazteak ezinbesteko
Gazteen botoa gakoa izaten da hauteskundeetan herri askotan, eta arreta hor jartzen da. Horretaz galdetuta, honako hau erantzun du elgetarrak: "Herri honen etorkizuna gara. Gazte langile eta konprometituok ezinbestekoak gara politika egiteko, modu zaharkituak alboz utzi eta berriei emateko".
Itziar Alonso - Oñati, EAJ: "Etorkizuna jokoan dago eta gazteok badugu zeresana"
Herritarrei gustatzen ez zaizkien egoerak aldatzeko tresna bat da botoa, haren esanetan, eta hauteskundeetan bozkatzea eta politikan parte-hartzea desadostasunak erakusteko modurik onena dela iruditzen zaio, "nahitaez", politikak egunerokotasunean eragiten duela iritzita. "Alderdi bat bozkatzeak ez du esan nahi haren %100ekin ados zaudenik, baina botoa beharrezkoa da etorkizunean izango dugun herri eta gizarte eredu bat aukeratzeko orduan", gaineratu du.
Etorkizuna, norberaren esku
Abstentzio-mailekin eta belaunaldi kritikoa izatearekin lotu du hauteskundeetan begirada gazteengan jartzea. Horregatik, bozkatzeko dei egin die gazteei: "Inoiz baino gazte jantziagoak gara, inoiz baino prestakuntza hobea dugu, baina gure bizi-proiektuak garatzeko zailtasunak dauzkagu. Egoera horrek motibazioa galtzea eragiten du. Horregatik da garrantzitsua politikan parte hartzea eta hauteskunde hauetan bozkatzea".