Eider Mendoza (EAJ): "Debagoiena da Gipuzkoaren motor ekonomiko eta sozial nagusietako bat"
Ze harreman mota daukazu Debagoienarekin?
Azpeitiarra naiz jaiotzez, baina Hondarribian bizi naiz txikitatik. Bizitzan zehar Debagoienarekin gehien lotu nauen elementua Arantzazu da. Etxetik jaso dut atxikimendu hori eta gaur egun ere badugu bertara joateko joera, asko betetzen nau bertako espiritualtasunak eta naturak. Bestalde, foru diputatu eta batzarkide bezala sarritan egon naiz bailarako herrietan, batez ere azken legealdi honetan, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barnean, herritarren beharrak entzun eta ezagutzeko martxan jarri ditugun ekintzen bitartez.
Noiz etorri zara azkenengoz eta zertara?
Joan den astean bilera egin genuen Aretxabaletako Otalora jauregian, bailarako EAJren hainbat alkate, alkategai eta Aitor Esteban eta Iñigo Barandiaran diputatuekin, pentsio-sistemaren erreforma berriak ekarritako aldaketen aurrean kooperatibisten interesen defentsan egindako aurrerapenen berri izan eta, egoera honek sortutako ziurgabetasuna dela-eta, hurrengo urratsak elkarrekin definitzeko. Gai honetan ere, kooperatibisten bidelagun izateko konpromisoa berretsi genuen alderdi bezala.
"Debagoienak punta-puntako industria sarea garatzen eta mantentzen jakin du eta indar horri eutsi behar diogu"
Zein da Debagoienak daukan premiarik nagusiena?
Ekonomia alorrean jarriko nuke azpimarra. Debagoienak punta-puntako industria sarea garatzen eta mantentzen jakin du eta indar horri eutsi behar diogu, digitalizazioak eta trantsizio energetikoak dakartzan desafioei aurre eginez. Herritarren enpleguari eta ekonomiari eusteko funtsezkoa da hori. Baita ere, merkataritzaren eremuan erreleboa bermatzeko ahalegin berezia egin behar dugu eta, prezioen gorakadaren aurrean, premiazkoa da familien eta norbanakoen ekonomia babestea.
Zer ematen dio zure ustez Debagoienak Gipuzkoari?
Debagoiena da Gipuzkoaren motor ekonomiko eta sozial nagusietako bat. Eta, askotan errepikatzen badugu ere, asko eman dio Gipuzkoari eta Euskal Herri osoari ekonomia sozialaren eta balio kooperatiboen ikuspegitik. Balio horietan eta, oro har, langileen partaidetzan sakontzea ezinbestekoa dugu etorkizunera begira, lurralde osoan.
Nork ematen du gehiago: Debagoienak Gipuzkoari ala Gipuzkoako Foru Aldundiak debagoiendarrei?
Lurralde oreka da Gipuzkoaren ezaugarri nagusietako bat. Bakoitza bere ezaugarri bereziekin, baina bailara indartsuak ditugu, ongi egituratuak eta ekimen handikoak. Horrek izugarrizko balioa du, asko ematen diote eskualdeek lurraldeari. Zer esanik ez Debagoienak. Aldi berean, hainbat alorretan Gipuzkoak bere osotasunean hartu duen aitzindaritzak –zientzia eta berrikuntza, mugikortasun jasangarriari lotutako industria, teknologia kuantikoak, zaintza eredu berritzaileak, lan inklusiboa sustatzeko estrategia, eta abar– eskualde guztiei aukera eta onura berriak ekartzen dizkie zalantzarik gabe.
Beasain-Durango ardatza autobidea da gaur egun, zati bat izan ezik: Bergara/Arrasate eta Elorrio arteko zatia; hau da, Debagoieneko zatia izan ezik. Izango da inoiz autobidea? Ze proposatzen duzue zuek?
Azken legealdi honetan inbertsio esanguratsua egin dugu, Kanpazarreko gainean N-636 errepidea zabaldu eta segurtasuna areagotzeko obrak eginez. Lanak azken txanpan daude. Dagoeneko martxan dago, baita ere, Bizkaiko Aldundiarekin elkarlanean, N-636 errepide hori eraberritzeko alternatiben azterlana. Lan honek esango digu zein den alternatiba egokiena ingurumenaren, segurtasunaren eta inbertsioen ikuspegitik. Gure konpromisoa da, azterlan horretatik abiatuz, Beasain-Durango korridorea amaitu eta trafikoaren segurtasuna areagotzea.
"Ez dira inondik ere onargarriak etenik gabeko matxurak eta erabiltzaileak jasaten ari diren egoera. Oso zorrotzak izango gara enpresarekin"
Azkenaldian kexu dira Debagoieneko bus zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak edo bidaiariak, autobusen egoera txarragatik. Nola konpon daiteke arazoa?
Aldundiko mugikortasun departamentua aztertzen ari da enpresak ibilgailuen mantenuari buruz emandako informazioa. Edonola ere, ez dira inondik ere onargarriak etenik gabeko matxurak eta erabiltzaileak jasaten ari diren egoera. Oso zorrotzak izango gara enpresarekin eta, bidaiarien eta langileei zerbitzu ona eskaintzeko gaitasunik bermatzen ez badu, kontratua altxa beharko da. Gainera, Lurraldebuseko flota geroz eta ibilgailu jasangarri eta adimentsuagoekin hornitzeko konpromisoa hartzen dugu. Baita Mugi txartela mugikor bidez kargatu eta erabili ahal izateko sistema garatzea ere.
Debagoieneko herri arteko bidegorri sarea osatzeke dago oraindik. Zure alderdiak badu planik hutsune horiek –Bergara-Antzuola, Bergara-Elorregi, Eskoriatza-Leintz Gatzaga...– betetzeko? Ze epetan?
Lehentasunezkoak izan behar dute zati horiek eta gure esku dagoen guztia egingo dugu lehenbailehen gauzatu daitezen. Vasco Navarroren bide berdea berreskuratzeko proiektua Europaren Next Generation deialdira aurkeztu genuen iaz eta bultzada handia litzateke, Debagoieneko sarea osatzeko.
Debagoieneko edoizein udaletako langileek, ezinbestean jakin behar dute euskaraz?
Gipuzkoako administrazioko langileak kapazak izan behar dira herritarrek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gazteleraz, arreta eskaintzeko. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, alegia. Baina guk hortik harago joan nahi dugu eta euskara laneko hizkuntza nagusia izatea nahi dugu. Horretarako, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilerak jauzia eman dezan lan egingo dugu –Debagoienean baditugu adibide aurreratuak– eta Aldundia arigune proiektua martxan jarri dugu, Euskaraldian ikasitakoari jarraipena emanez, Aldundia urteko 365 egunetan euskaraz sano eta eroso aritzeko gune bilakatu nahi dugu. Prozesu hori, pixkanaka, lurralde osora zabaldu nahi genuke eta horretarako Gipuzkoa arigune bulegoa martxan jarrai dugu dagoeneko. Euskararen erabilera indartzeko elkarlana, herri aktibazioa eta berrikuntza biderkatu behar ditugu.
Nola konbentzituko zenuke debagoiendar bat zeure aukerari botoa emateko?
Bi alderdi ikusten ditut hurrengo diputatu nagusi izateko aukerekin eta lehia estua izango da. Apaltasunez, gogoratuko nioke, batetik, EAJ izan dela herri honen garapen soziala eta ekonomikoa bermatu duten erabaki nagusiak bultzatu dituena, autogobernua eta erakundeak defendatu dituena, beste batzuk bestelako estrategia batzuetan buru-belarri zebiltzan bitartean. Akatsak ere egin ditugu, zalantzarik gabe, baina erabaki nagusietan asmatu egin dugu. Bestetik, Foru Aldundiak azken urteotan izandako ibilbideari erreparatzeko eskatuko nioke. Gipuzkoan asmatu dugu elkarlana erdigunean jartzen eta herritarrekin lankidetza horretatik garai honetako eraldatze sozial, ekonomiko eta klimatikoari proiektu aitzindariekin aurre egiten.
Gipuzkoa martxan dago, ondo gaude, baina munduko joerei begira desafio latzak ditugu aurrean herri gisa. Eta badugu horiei erantzuteko estrategia eta gaitasuna, lurralde osoa elkarlanean ari bagara. EAJ da Debagoienak eta Gipuzkoak aurrera egiteko bermea. Norabide argia, partekatua, eskaintzen diegu herritarrei, belaunaldi berri baten bultzadarekin batera.
Maddalen Iriarte (EH Bildu): "Seguru asko, eskualde honen eta gainerakoen premia mundu mailako erronkei erantzuteko prestatzea da"
Ze harreman mota daukazu Debagoienarekin?
Familia daukat bertan, lagun onak ere bai. Donostian jaioa banaiz ere, gustatzen zait nabarmentzea Arrasate kalekoa naizela. Arantzazura ere askotan joan izan naiz, Pello Zabala senitartekoa genuelako. Horrez gain, gogoratzen naiz Bergaran landu genuela EAEko estatus politiko berriaren oinarri eta printzipioen inguruan EH Bilduk egindako ekarpena. Estatus B oinarri eta printzipioen dokumentuan EH Bilduk egindako ekarpena. Nire senarra Bergarako familia medikua da.
Noiz etorri zinen azkenengoz eta zertara?
EH Bilduren udal hauteskundeetako zerrendaren aurkezpenera Arrasatera.
Zein da Debagoienak daukan premiarik nagusiena?
Seguru asko, eskualde honen eta gainerakoen premia mundu mailako erronkei erantzuteko prestatzea da. Digitalizazioaren, ingurumenaren edota energiaren trantsizioek sekulako erronka jarri digute parez pare, eta herri gisa etorkizuna gaurdanik marrazteko beharra dugu. Eta esango nuke, zorionez, etxeko lanak egiten ari direla eskualde honetan, Debagoiena 2030 lankidetza sarearen barnean. Garapen iraunkorraren horizontean, eta Europak 2050erako ezarri duen karbono zero helburua aintzat hartuta, Debagoieneko eskualdetik hainbat erronkari nola aurre egin hausnartzen ari zarete: lanaren etorkizuna, energia, ekonomia zirkularra, elikadura sistema... eta horiek transbertsalki hezkuntzatik, komunitatearen ahalduntzetik eta inklusiotik landu behar direla sinetsita diharduzue.
"Pisu ekonomiko eta sozial handiko eskualdea izan da Gipuzkoan. Gure proposamena, esanguratsua da alderdi horretatik: orekaren ideiari jarraiki, Debagoienak trakzio gaitasuna berreskuratu behar du"
Zer ematen dio zure ustez Debagoienak Gipuzkoari?
Eskualde garrantzisua izan da XX. mendean Debagoiena. Arrasate, Bergara... Herri garrantzisuak ziren Gipuzkoako imaginarioan. Ehun ekonomiko eredugarria zeukan, aktibitate handiko eskualdea zen... Pisu ekonomiko eta sozial handiko eskualdea izan da Gipuzkoan. Gure proposamena, esanguratsua da alderdi horretatik: orekaren ideiari jarraiki, Debagoienak trakzio gaitasuna berreskuratu behar du.
Nork ematen du gehiago: Debagoienak Gipuzkoari ala Gipuzkoako Foru Aldundiak debagoiendarrei?
Ez da erraza galdera hori bere horretan erantzutea. Baina aurretik esan dudan bezala, eskualde hau eredugarria eta aitzindaria izan da arlo askotan, eta uste dut horretatik asko irabaz dezakeela herrialdeak, eta potentziatu beharko lukeela aldundiak. Debagoienean egon da autoeratzerako tradizioa gizarte beharrei erantzuteko. Hortik sortu dira industria proiektu kooperatiboak, Laboral Kutxa, kontsumo kooperatibak eta horietatik Eroski, pentsioetarako Lagun Aro... Gaur egun, gizarte erronkei ikuspegi kooperatiboarekin erantzun behar diegula sinetsita nago, gobernantza kooperatiboan sakondu behar dugula, eta eskualde honetako lankidetzarako tradizioaren ondarea jaso eta esportatu behar dela.
Beasain-Durango ardatza autobidea da gaur egun, zati bat izan ezik: Bergara/Arrasate eta Elorrio arteko zatia; hau da, Debagoieneko zatia izan ezik. Izango da inoiz autobidea? Ze proposatzen duzue zuek?
Interbiak Bidegirekin batera ordaindutako laguntza tekniko bat lizitatu du, N-636 errepidearen trazadura-alternatiben azterlan bat idazteko, Kanpazareko portua kotxeak eta ibilgailu astunak igaro dezaten, Elorrioko egungo saihesbidea eta AP-1 lotzeko, Arrasaten inguruan, Epeleko biribilgunean. Azter lan horretan aukera desberdinak planteatuko dira, gaur egungo trazatuan oinarritutakoak zein plataforma berria eskatzen dutenak.
Arrasate eta Elorrio herrien artean, N-636 errepideak gaur egun jasaten duen trafikoaren konponbiderik onena zein izango litzatekeen ikusteko erabiliko dugu azterketa hori, baina iruditzen zaigu tarte horrek dituen mugikortasun-premien azterlana ikuspegi askoz integralago batetik egin beharko litzatekeela. Izan ere, penaz ikusten dugu ibilgailu astunen joan-etorriak arintzeari, eta auto pribatua erabiltzen dutenen mugikortasun-beharrak asetzeari begira planteatu dela. Eta, gure iritziz, bide azpiegitura hau egokitzearen baitan, lehentasuna eman behar zaio garraio publikoari. Aldundiaren bi eskumen propioz ari baikara: Bide azpiegiturena eta errepide bidezko garraio publikorena.
Azkenaldian kexu dira Debagoieneko bus zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak edo bidaiariak, autobusen egoera txarragatik. Nola konpon daiteke arazoa?
Argi dago kontrol sistema guztiek porrot egin dutela eta horrelako zerbitzu bat esternalizatzen denean administrazio publikoak ezin duela beste alde batera begiratu, kontratuen eta horietan ezarritako baldintzen jarraipena egiten dela bermatu behar da. Hala dio, hain justu, Debagoieneko emakidako pleguetan: halako zerbitzua esleitzen denean, beharrezkoa dela mantentze plan bat egitea, eta betetzen dela bermatzea. Plan horretan jaso behar direla prebentziozko mantentze-eragiketak, baita nahitaezko aldian behingo berrikuspenak ere. Eta pleguetan jarritakoa betetzen dela kontrolatzea erakunde publikoei dagokie. Zintzoki uste dut aldundiak delitu izan daitezkeen jarduerak kontrolatu eta atzeman behar dituela, are gehiago, bere ardura den zerbitzu publikoa denean. Izan ere, Avanzari dirulaguntza publikoak ematen dizkio zerbitzua ematearren.
"Bidegorrien tarte horiek dagoeneko eginda egon beharko lukete. Guretzat, 2017rako eginda egon beharko luketeen tarteak egitea izango da lehentasuna"
Debagoieneko herri arteko bidegorri sarea osatzeke dago oraindik. Zure alderdiak badu planik hutsune horiek –Bergara-Antzuola, Bergara-Elorregi, Eskoriatza-Leintz Gatzaga...– betetzeko? Ze epetan?
Lehenik eta behin, esan behar dugu tarte horiek dagoeneko eginda egon beharko luketela. Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren arabera, zeinaren plangintzak bi laurteko hartzen baitzituen (2014-2021), haren indarraldiko lehen lau urteetan gauzatu behar ziren. Egiaztatu dugu ez dela beharrezko ahalegin inbertitzailerik egin planteatutako ibilbideetako obrak egin ahal izateko, eta, de facto, Bizikleta Bideen Plan Sektorial horrek zuen potentzial guztia indargabetu da. Zortzi urte hauetan plan sektorialean proposatutako ibilbideen kilometroen %38,5 baino ez dira egin. Aipatu diren ibilbide batzuk partzialki eginak dira, baina azken bi legegintzaldietan EAJ eta PSE-EEk gobernatzen duten Aldundiak ez du ezer egin exekuzioa amaitzeko. 2015ean martxan jarritako Bergara Elorregi tartea amaitzeko dago, eta Bergara-Antzuola lotzeko ere zati bat falta da. Horiek amaitzeaz gain, Vasco-Navarro trenaren plataforma abandonatua erabiliz osatuko dugu Eskoriatza-Leintz Gatzaga arteko ibilbidea. Guretzat, 2017rako eginda egon beharko luketen tarteak egitea izango da lehentasuna.
Debagoieneko edoizein udaletako langileek, ezinbestean jakin behar dute euskaraz?
Formazioa eta hizkuntza konpetentziak ez dira lehian jarri behar. Herri honetan bi hizkuntza ofizial daude, eta administrazio publikoaren ardura da, legez, ezartzea behar diren baliabideak ikasleak hezkuntza sistematik bietan nahikoa ezagutzarekin irtetea. Zein da arazoa? Iruzur hirukoitza gertatzen dela: hasteko, hezkuntza sistemak ez du legea betetzen, ikasleei ez dizkie bi hizkuntzetarako beharrezko konpetentziak ematen, edo ez behintzat euskararen kasuan; jarraitzeko, lanpostu edo kontratazio publikoetarako hizkuntza eskakizunak eskatzen dizkie administrazioak, legez, alegia hezkuntza sistemak bermatu ez dien hizkuntza maila jakin bat egiaztatzera behartzen ditu; eta, amaitzeko, horri eman nahi zaion irtenbidea da hizkuntza eskakizunak ezabatzea, eta horrek hizkuntza eskubideen urraketa dakar, hori gizarte kohesioaren aurka etorriko litzateke. Horiek dira 1982ko Euskararen legeak ezarri zituen kontsentsu politikoak, eta besterik esaten ez bada, horiek daude indarrean. Beraz, soluzioak hezkuntza sistematik etorri behar duela iruditzen zaigu, eta gure apustua ez da hizkuntzak baztertzea, ahalik eta gehien ikasteko aukerak eskaintzea baizik.
Nola konbentzituko zenuke debagoiendar bat zeure aukerari botoa emateko?
Garbi daukat, Gipuzkoa indartsu batek, Debagoiena indartsu bat behar duela, zuen urguilu historikoa berreskuratuta. Hori da nire konpromisoa.
Jose Ignacio Asensio (PSE-EE): "Debagoiena potentzial handiko eskualdea da, jarduera kooperatibo nabarmenekoa eta industria-tradizio handikoa"
Ze harreman mota daukazu Debagoienarekin?
Astero eskualde guztiekin ditugu harremanak. Nire bulegoa eskualde eta herrietan dago. Maiz elkartzen gara eskualdeko agintari, eragile eta herritarrekin. Baita ere elkartekideekin, ostiral honetan bertan geldituta nago udaleko gure zinegotziekin etorkizuneko erronkak gure programan nola txertatu aztertzeko.
Noiz etorri zinen azkenengoz eta zertara?
Besteak beste, orain dela gutxi, herritar talde batek eskatu zigun Arrasatera gerturatzea tokiko energia komunitateei buruzko hitzaldi bat ematera. Azken zortzi urteetan Ingurumen Departamentuaren buru izan gara sozialistak, eta kultura energetiko berria bultzatu dugu: demokratikoagoa, garbiagoa, berriztagarriagoa eta ekonomikoagoa. Autokontsumoan eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu bat.
"Kalitatezko enpleguak sustatu behar ditugu talentua mantendu eta erakartzeko"
Zer ematen dio zure ustez Debagoienak Gipuzkoari?
Debagoiena potentzial handiko eskualdea da, jarduera kooperatibo nabarmenekoa eta industria-tradizio handikoa. Gipuzkoatik Debagoiena da industria-enpresa gehien biltzen dituena, 8.100 enplegurekin eta lidergoa dauka I+G gastuan. Era berean, erreferentea da lanbide eta unibertsitate heziketaren esparruan. Eta horregatik, gure programan, eskualdeko ekintza planen sustapena dago, arreta berezia jarrita gazteen enpleguan. Gurasook eta gizarteak inbertsio handia egiten dugu gazteen formakuntza bikainean, eta kalitatezko enpleguak sustatu behar ditugu talentua mantendu eta erakartzeko. Horretarako beharrezkoa da aurrean ditugun hiru trantsizioetan, digitala, ekologikoa eta demografikoan, gure industria sektore estrategikoetan posizionatzea. Horrela bakarrik lortuko dugu enplegua sortzen jarraitzea,
talentua erakarri eta mantentzea eta aberastasuna sortzea eskualdean. Gure helburua de Industriak %30eko pisua lortzea Barne Produktu
Gordinean. Hori izango da modua, Debagoienan eta Gipuzkoan enplegu hori mantentzeko kalitatez eta eskubideekin, gehiago sortzeko eta batez ere, zailtasun gehienak dituztenei aukerak areagotzeko. Hemen adibide bikaina daukagu Debagoiena Lanean programarekin, Foru Aldundiaren Elkar Ekin programaren baitan dagoena eta helburua duena lanpostuak sortzea bazterkeria arriskuan daudenentzat.
Nork ematen du gehiago: Debagoienak Gipuzkoari ala Gipuzkoako Foru Aldundiak debagoiendarrei?
Batak besteari asko ematen dio eta emango diogu, batez ere erakundeen arteko elkarlana bermatzen badugu. Kolaborazioa eta lankidetza gure kudeaketa eraginkorraren oinarrian dago, udaletxeekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Gobernuarekin eta Europarekin. Bakarrik ez goaz inora, ezinbestekoa da guztion lana bateratzea proiektuak ateratzeko. Horren adibide garbi dira Debagoienako hainbat udalerritan egin diren irisgarritasuna hobetzeko lanak, esaterako, Musakola eta Doneztebeko igogailua Arrasaten. Antzuolan ere elkarlanean oinarritutako proposamena daukagu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin alokairuko etxeak eraikitzeko eta etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak ere bai. Oñatin ere, Aldundiarekin elkarlanean ari gara Emakumeen Etxea gauzatzen, emakumeen ahalduntze prozesuak bermatzeko eta gure etorkizunarentzat hain beharezkoa den aukera berdintasuna indartzeko.
Beasain-Durango ardatza autobidea da gaur egun, zati bat izan ezik: Bergara/Arrasate eta Elorrio arteko zatia; hau da, Debagoieneko zatia izan ezik. Izango da inoiz autobidea? Ze proposatzen duzue zuek?
Foru gobernuak 2015an bere lehentasunen artean ezarri zuen Beasain-Bergara errepidea sustatzea, Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko. Une honetan gipuzkoar guztiek dute edukiera handiko bide bat udalerritik 15km baino gutxiagora. Etorkizunera begira jarraitu dugu hobekuntzak egiten eta beharrak aztertzen, aipatutako zatia barne.
Azkenaldian kexu dira Debagoieneko bus zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak edo bidaiariak, autobusen egoera txarragatik. Nola konpon daiteke arazoa?
Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak behar bezala jokatu du hasiera hasieratik. Enpresari espedientea ireki zion eta 20.000 euroko isuna jarri dio erabiltzaileen kexengatik. Horrez gain, dokumentazio guztia eskatu zaio enpresari, eta langileekin ere bilera bat egin da. Kontratuko baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, zerbitzuen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartuko dira. Sozialistontzat mugikortasuna funtsezko eskubide eta zerbitzu publikoa da eta behar den bezela bermatu eta defendatuko dugu kalitatez gauzatu dadin.
"Euskararen eskakizunak eta lan eskubideak bateragarri egin behar ditugu"
Debagoieneko herri arteko bidegorri sarea osatzeke dago oraindik. Zure alderdiak badu planik hutsune horiek –Bergara-Antzuola, Bergara-Elorregi, Eskoriatza-Leintz Gatzaga...– betetzeko? Ze epetan?
Bidegorrien sareak aurrerapen handiak egin ditu Gipuzkoan, bai udalerri mailan, bai udalerrien arteko loturan. 411 km eta bederatzi ibilbide ditugu guztira Gipuzkoan, eta zehazki Deba bailarako bidegorriak 30 kilometro baino gehiago ditu. Gainera, erabiltzaileen aldetik, gehien erabiltzen den bigarren bidea da. Azken lau urteotan proiektu garrantzitsuak garatu dira inguru horretan, esaterako, Arrasateko Kataideko bidegorria non 300.000 € inbertitu ditugun. Beste hainbat proiektu ere baditugu gauzatze bidean: Bergara Antzuolarako tartean lankidetza hitzarmena sinatzen ari gara kolektorearen obra aprobetxatzeko; Eskoriatza-Arlaban bidea Turismo Ministerioak Europako funtsekin diruz lagunduko duen bideetako bat da (2,6 milioi euro bide berdeetarako) eta Leintz Gatzagarako proiektua ere argitaratzear dago.
Debagoieneko edoizein udaletako langileek, ezinbestean jakin behar dute euskaraz?
Edozein herritarrek arreta euskaraz jasotzeko eskubidea du noski, eta hori bermatu egin behar da. Eta aldi berean, bermatu behar da herritarren enplegurako eskubidea. Biak, bai euskararen eskakizunak eta lan eskubideak bateragarri egin behar ditugu.
Nola konbentzituko zenuke debagoiendar bat zeure aukerari botoa emateko?
Memoria joko bat egiteko eskatuko nieke eta alderatzeko nola geunden 2015an eta nola gauden gaur. Alderatu dezatela nola kudeatu zuen eskuinak aurreko krisia murrizketak eginez eta enpleguak galduz, eta nola babestu ditugun krisi honetan sozialistok langileak ERTEekin eta Lan Erreformarekin, lan baldintzak sendotuz eta inoiz baino kontratu mugagabe gehiago sustatuz. Esan beharra dago, EH Bilduk eta EAJk honen kontra bozkatu zutela. Pentsatu dezatela nork igo dituen pentsioak % 8,5 edo nork aplikatu dituen garraioko deskontuak, nork sustatu dituen 30.000 eurotik beherako errentetarako PFEZaren kenkariak, edota nork onartu duen gazteei etxebizitza eskuragarria errazteko lege bat. Guztietan erantzuna bera da: PSE-EE, alderdi sozialista.
Eskualdeari begira, gogoratu dezatela nork lortu duen, esaterako, Arrasateko Santa Teresa auzoaren errehabilitazioa. Iñaki Arriola kontseilari sozialistaren departamentuak inbertituko ditu 7,5 milioi horretarako. Edota Bergaran, zinegotzi sozialistari esker lortu dira familia ahulenentzako eskola-laguntzak edota tokiko merkataritzaren laguntza. Benetan axola duten arazoetan arreta jarri eta pertsonentzat garrantzitsuak diren alorretan erantzunak ematen ditugu sozialistok. Eta benetan usten dut, debagoiendarren bizi kalitatea hobetzeko botorik eraginkorrena PSE-EE alderdi sozialistarena dela.
Miren Etxebeste (Elkarrekin Gipuzkoa): "Debagoienaren premia nagusia lurralde-kohesioa da"
Ze harreman mota daukazu Debagoienarekin?
Gaztaroko ezagunak ditut, eta, jakina, alderdiko militanteak.
Noiz etorri zinen azkenengoz eta zertara?
Duela astebete, gure alkategai Eva Abuinekin garraio publikoaren arazoei buruz hitz egiteko eta konponbideei buruz hausnartzeko.
Zein da Debagoienak daukan premiarik nagusiena?
Lurralde-kohesioa, bere zentzu zabalean.
"Debagoiena Gipuzkoaren parte da, eta beste edozein eskualdek bezainbeste ematen dio"
Zer ematen dio zure ustez Debagoienak Gipuzkoari?
Gipuzkoaren parte da eta, beraz, beste edozein eskualdek bezainbeste ematen dio, eta hori kontuan hartu behar da politikak garatzen direnean, biztanle guztiak maila berean kokatzeko.
Nork ematen du gehiago: Debagoienak Gipuzkoari ala Gipuzkoako Foru Aldundiak debagoiendarrei?
Debagoienak Gipuzkoari; batez ere, jarduera ekonomikoarekin lotutako zergen bitartez.
Beasain-Durango ardatza autobidea da gaur egun, zati bat izan ezik: Bergara/Arrasate eta Elorrio arteko zatia; hau da, Debagoieneko zatia izan ezik. Izango da inoiz autobidea? Ze proposatzen duzue zuek?
Errepide zehatzei buruz baino, komunikazio-sare osoari buruz hitz egin behar da. Gipuzkoako errepide eta bide sarea goitik behera aztertzea, biztanleen fluxuen araberako beharrak diseinatzea eta plan estrategiko bat garatzea, hain zuzen ere inbertsioak eta lehentasunak ezarrita.
Azkenaldian kexu dira Debagoieneko bus zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak edo bidaiariak, autobusen egoera txarragatik. Nola konpon daiteke arazoa?
Autobus berriak erosi behar dira eta autobus-lineak kudeatuko dituen enpresa publiko bat eratu, DBus-en antzera. Xehetasunak aparte, Donostiako DBus oinarrizko eredu ona iruditzen zaigu lurralde osora zabaltzeko.
"Herriak, hiriak eta lantokiak komunikatzeko baliagarria izan daitekeen bidegorri-sarea eratzeko konpromisoa daukagu. Argi daukagu, ordea, 40 urtetan egin ez dena garatzeko lau urte baino gehiago beharko direla"
Debagoieneko herri arteko bidegorri sarea osatzeke dago oraindik. Zure alderdiak badu planik hutsune horiek –Bergara-Antzuola, Bergara-Elorregi, Eskoriatza-Leintz Gatzaga...– betetzeko? Ze epetan?
Bai, herriak, hiriak eta lantokiak komunikatzeko baliagarria izan daitekeen bidegorri-sare bat eratzeko konpromisoa daukagu. Epeei dagokienez, argi daukagu 40 urtetan egin ez dena garatzeko lau urte baino gehiago behar direla, eta, beraz, lehentasunak ezarri beharko dira, herritarren partaidetzarekin.
Debagoieneko edoizein udaletako langileek, ezinbestean jakin behar dute euskaraz?
Ezinbestean gai izan behar du giro euskaldun batean lan egiteko, inoren hizkuntza-eskubideak urratu gabe.
Nola konbentzituko zenuke debagoiendar bat zeure aukerari botoa emateko?
Geure mezua eta defendatzen duguna entzutera eta irakurtzera gonbidatuko nuke. Gure helburua gehiengoaren ongizatea lehenestea baita, interes partidisten gainetik.
Mikel Lezama (PP): "Debagoienak historia, kultura eta ezagutza ematen ditu; etorkizuneko gipuzkoar baten oinarriak eraikitzeko funtsezko pieza da"
Ze harreman mota daukazu Debagoienarekin?
Nire familia Azpeitikoa da. Zumaia eta Azpeitia artean hazi naiz. Uda guztia Zumaian igarotzen nuen, eta familia ospakizunak, aratuteak, Gabonak eta bestelakoak Azpeitian. Handik asko etorri gara Debagoienera.
Noiz etorri zinen azkenengoz eta zertara?
Nire azken bisitak Mondragon Korporazioarekin izandako topaketekin lotuta daude. Unibertsitatearekin, gazteen hezkuntzarekin eta berrikuntzarekin lotuta egiten ari diren lanak gure babes osoa merezi du. Gainera, azkenaldian, asko mugitu gara Oñatiko gure hautagaiarekin inguru horretan, han egin nahi dugun albaitaritzako unibertsitate-proiektua ikusten. Lehen sektoreak berebiziko garrantzia du lurraldean. Gure lurraldearen kultura da, gure elikadura da, gure paisaiak eta gure merkatuak dira. Kontsumitzeko eta erlazionatzeko gure modua. Benetako ekonomia berdeta eta zero kilometro-koa da, eta batzuek uste dute orain asmatu dutela, baina gure izateko modua da. Gure ustez, kooperatibaren eta unibertsitatearen sinergiak aprobetxatuz, Debagoiena leku estrategikoa da albaitaritzako campus hau ezartzeko.
"Azpiegitura eta garraio publikoaren arloan konponbideak jorratu beharko liratekeela uste dut"
Zein da Debagoienak daukan premiarik nagusiena?
Azpiegitura eta garraio publikoaren arloan konponbideak jorratu beharko liratekeela uste dut. Talentua eta gaztetasuna bultzatzen duten proiektu guztiek, hala nola gure campusak, sarbide eta zerbitzu publikoak indartzeko eta zabaltzeko balioko dute. Garraio publikoaren eskaintza eskasa (mantenuaz ez hitz egiteagatik) eta eskualdera sartzeko errepideak dira premia nagusietako bat. Osasun eta izapide burokratikoen mailako beste zerbitzu eta azpiegitura mota batzuk hurbiltzeaz gain, askotan herritarrak lanean egun libreak eskatzera behartzen dituzte Gipuzkoako hiriburura joan behar izateko. Ezin dira egon lehen eta bigarren mailako gipuzkoarrak.
Zer ematen dio zure ustez Debagoienak Gipuzkoari?
Debagoiena nekazal eskualdea da, oso industrializatua eta euskal mugimendu kooperatibistaren erdigunea. Han daude Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Korporazioaren egoitza nagusia, Arantzazuko Santutegia, Bergaran Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitza... Historia ematen du, kultura ematen du, ezagutza ematen du eta etorkizuneko gipuzkoar baten oinarriak eraikitzeko funtsezko pieza da. Gipuzkoar izaeraren isla da. Kooperatibismoaren sorlekua eta. Gipuzkoarren apaltasun, lan eta gogoaren isla da.
Nork ematen du gehiago: Debagoienak Gipuzkoari ala Gipuzkoako Foru Aldundiak debagoiendarrei?
Norabide bikoitzeko bidea da. Gipuzkoa ez litzateke ulertuko Debagoiena gabe, ezta Debagoiena Gipuzkoa gabe ere. Baina Debagoienak Aldundiari egiten dion ekarpen guztiarekin, uste dut Aldundiak ez duela eskualdearen gaineko ahalegin berarekin erantzuten.
Beasain-Durango ardatza autobidea da gaur egun, zati bat izan ezik: Bergara/Arrasate eta Elorrio arteko zatia; hau da, Debagoieneko zatia izan ezik. Izango da inoiz autobidea? Ze proposatzen duzue zuek?
Buru dudan hautagaitzaren kezka nagusietako bat dira Gipuzkoa osoko konexioak. Aurreko galdera batean, eskualdeko errepide bidezko komunikazio txarra aipatu dut. N1etik haratago, gainontzeko Gipuzkoa ez dago behar bezala konektatuta. Ez da onargarria Donostiatik Bergarara joateko Donostiatik Bilbora joateko adina denbora behar izatea. Gure ahalegin guztiak autobidea eraikitzera bideratuko ditugu, Deba-Urola eskualde osoa Gipuzkoa osoarekin behar bezala komunikatzeko.
Azkenaldian kexu dira Debagoieneko bus zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak edo bidaiariak, autobusen egoera txarragatik. Nola konpon daiteke arazoa?
Gipuzkoa osoko arazoa da. Diputaziotik probintziako autobus zerbitzu osoari buelta bat eman behar zaio, batez ere, Debagoienekoari. Ezin da izan, eskualdean garraio publikoan mugitzeko modu bakarra izanik, autobusak erabiltzaileek merezi ez duten mailan ez egotea. Lurraldebuseko langileek salatu dute egoera txarrean daudela eta mantentze-lanik ez dela egin. Kostuak aurrezteagatik, neguko gurpilak jartzea utzi dute. Mententze-lan ezagatik erretzen ari diren balaztak daude. Gurpil-presioen sentsoreak kentzen ari dira –Europak eskatu du instalatzeko–. Azken batean, garraio-zerbitzu publikoetan murrizketak egiten saiatzen ari dira, bidesariak igotzearekin batera; bide batez, duela 10 urtetatik daude amortizatuta.
"Gure ahalegin guztiak autobidea eraikitzera bideratuko ditugu, Deba-Urola eskualde osoa Gipuzkoa osoarekin behar bezala komunikatzeko"
Debagoieneko herri arteko bidegorri sarea osatzeke dago oraindik. Zure alderdiak badu planik hutsune horiek –Bergara-Antzuola, Bergara-Elorregi, Eskoriatza-Leintz Gatzaga...– betetzeko? Ze epetan?
Bidegorriaren eta bizikleta-garraioaren defendatzaile sutsuak gara. Foru Aldundira iritsiz, inguruko bidegorriak osatzea izango da gure lehentasunetako bat. Ezingo nuke datei buruz hitz egin Aldundiko teknikariekin aztertu arte, baina gure agendako lehen proiektuetako bat izango dela bermatzen dut.
Debagoieneko edoizein udaletako langileek, ezinbestean jakin behar dute euskaraz?
Noski euskaraz jakin behar duela. Euskara euskaldun guztion ondarea da, gure kulturaren zatia da. Debagoieneko herritarrek nahi duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuta izan behar dute. Bi hizkuntzetan artatuak izateko eskubidea errespetatu eta bete behar den bezala LEP batera euskara egiaztatu gabe aurkeztu ahal izateko eskubidea ere bete behar da. Merezimenduzkoa izan beharko luke. Modu naturalago batean bultzatu behar da euskara ikastea. Orain arteko eskakizunek maila jakin bat egiaztatzera behartzen zuten. Ikusi duguna da igo egin dela euskara dakiten pertsonen kopurua, baina jaitsi egin da erabiltzen duten pertsonena. Kultura bultzatu eta defentatu beharko genuke.
Nola konbentzituko zenuke debagoiendar bat zeure aukerari botoa emateko?
Gure proiektua euskalduna da, kolore bakarreko Gipuzkoatik eta uniformetik ihes egiten duena, etiketarik gabekoa. Proiektu irekia gara, anbizio handikoa, etorkizunari begira dagoena eta anitza. Guztion eta guztiontzako proiektua da, eta edozein gipuzkoar islatuta sentituko da. Gure proiektua ez dago sigla batzuen estrategia ideologiko edo utopiko baten menpe. Proiektu librea gara, eta Gipuzkoak merezi duena izatea nahi dugu. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eslogan ideologikoetatik aldentzen gara eta dakitenei entzun nahi diegu, gizarte zibilari, gipuzkoar esparru bakoitzak bere onena eman ahal izateko baldintza egokiak sortu ahal izateko. Proiektu honek Gipuzkoaren eta gipuzkoarren botere transformadorean sinesten du. Horretarako, udalerri eta eskualde bakoitzak norabide berean egin behar du arraun. Ezin dira egon lehen eta bigarren mailako eskualde eta gipuzkoarrak.