Greba egingo dute Gipuzkoako garbikuntzako langileek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 9a, 11:54

ELA sindikatuko ordezkariek eta Gipuzkoako garbikuntzako langileek gaur egin dute agerraldia.

ELA sindikatuak deituta, maiatzaren 22tik 28ra bitartean egingo dute, eta helburuetako bat da eraikin eta lokaletako garbikuntzako sektoreko lan baldintzak hobetzea. Bailaran ere izango dira ekintzak, elkarretaratze bat egingo baitute Copreci enpresaren parean maiatzaren 15ean, Aretxabaletan.

Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, 5.000 garbitzaile daude sektorean, eta erabat feminizatutakoa da. "Prekarietatea nagusi da, hala nola soldata txikiekin, lanaldi partzialekin eta lan karga handiekin", salatu dute, eta, gainera, bost urte daramatzatela sektoreko hitzarmenik gabe. "Erosahalmena %15 galdu dute. 1.180 euro gordineko hileko soldatak dituzte lanaldi osoengatik, eta sektoreko langileen %80k baino gehiagok lanaldi partzialak ditu". Are gehiago, azaldu dute patronalak ez diela beharginei KPI Kontsumo Prezioen Indizea bermatu nahi, eta baldintza horietan "langileak egiturazko pobretasun sistematikora kondenatzen" dituztela.

Urtetako salaketak

Haien arabera, ELAk urteak daramatza "handituz joan den langile hauen soldata arrakala" salatzen. "Maskulinizatutako sektoreetan ez da zalantzan jartzen soldata igoerek erosahalmena erreferentzia bezala izan behar dutenik; garbikuntzan, KPIaren erreferentzia ez da inoiz balioduna izan patronalarentzat". Gainera, zerbitzu hauen bezero direnei ere dei egin diete, euren gain hartu beharko luketelako euren instalazioetako zerbitzuen erantzukizuna. "EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira euren udaletan garbikuntzako langileak prekarietatera kondenatzen ari direnak".

Beraz, argi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela sektoreak lan baldintza duinak eta erosteko ahalmena bermatuko duen soldatak izateko. Horretarako, 800 langile baino gehiagorekin izan dira, eta erabaki dute erantzukizun politikoak hartzeko garaia dela. "Bizi duten prekarizazioa ikusita eta Gipuzkoako garbikuntzarako hitzarmen duin bat lortzeko, erabaki dute grebara jotzea, langileei erosteko ahalmena bermatuko dien eta prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen bat lortzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak