Debagoiena eskualde erreferentea izan da azken hamarkadetan, arrazoi desberdinengatik: balio komunitario-kooperatiboak, arlo desberdinetan garaturiko herri ekimenak, ehun industriala, ondare historikoa, gure paraje naturalen aberastasuna… "Etorkizunean ere hala izaten jarraitzea nahi dugu, baina horretarako, bizi ditugun garaietako erronkei erantzun behar diegu, besteak beste: aldaketa demografikoa, larrialdi klimatikoa, merkatuko gorabeherak, zaurgarritasunaren hedatzea...", EH Bildutik azpimarratu dutenez.
Horrek, Debagoienaren potentzial berritzaile eta eraldatzaileari beste bulkada bat ematea eskatuko diotela azaldu du EH Bilduk. "Instituzioen aldetik, lidergo sendoak eta politika ausartak behar dira, egingarriak baina anbiziotsuak, gure eskualdea bizi ditugun garaiei parez pare begiratu eta behar bezala erantzutera eramango dutenak. Horretarako, inoiz baino beharrezkoagoa izango da gure herrietako udalen arteko elkarlanean sakontzea eta mankomunitateak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzea. Udalez gaindiko instituzioetatik proposamen integralak garatzeak berebiziko garrantzia izango du".
Hiru lan-lerrotan oinarrituta
Datozen hilabeteetan, Debagoienako herritar eta eragile sozialekin batera estrategia integral bat garatzeari ekingo diotela azaldu dute EH Bildutik, hiru lan-lerrotan oinarrituko dena:
1) Ongizatea. "Gizarte desberdintasunei, bazterkeriari eta askotariko problematika sozialei erantzuteko, politika sozialen arloa indartu beharko dugu, egoera zaurgarriei erantzun integrala emateko. Udalen arteko elkarlanaren eta mankomunitatearen bidez herrietako zerbitzuak hobetzea eta zaintzaren sektorea indartu eta duintzea izango dira lehentasunak arlo honetan".
2) Trantsizio ekologikoa. "Gure bizi ereduak zein produkzio ereduak planetaren muga biofisikoekin talka egin du, eta Debagoiena ez da salbuespena. Trantsizio bateranzko urratsak ematen hasi behar dugu, eta lehentasunezko bi ildo jorratzen ari gara: mugikortasuna (garraio publikoa indartzeko aukerak aztertu eta bestelako ereduak sustatu, adibidez bidegorriaren erabilera) eta trantsizio energetikoa (eskualde mailako ahokularitza bulego ibiltari bat jarriko dugu martxan, eta herrietan energia berriztagarrien sorkuntzarako egitasmo publikoak sustatuko ditugu)".
3) Garapen sozioekonomikoa. "Gure ehun industrialak eman digun erreferentzialtasuna lantzen jarraitu beharra dago, garai berrietara egokitzeko. Eragile zein enpresa desberdinekin diseinatu eta garatu beharko dugu horretarako estrategia, bultzada instituzional batekin. Horretaz gain, turismo jasangarria sustatzeko aukera berriak ere aztertzen dihardugu".