Pentsiodunen Mugimenduak bost urte baino gehiago daramatza hamalau ordainketatan egindako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen. Izan ere, Europako Gutun Sozialak neurri hori proposatzen du zahartzaro duina izateko eta genero-arrakala murrizteko gutxieneko diru-sarrera gisa. Espainiako Gobernuak martxoan onartutako pentsioen erreforman pentsioak progresiboki igotzea adostu zuten, eta 2027. urterako jasoko lukete erretiratuek 1.080 euroko pentsio minimoa.
Baina ez dira zain geratuko; ahal bezain laster lortu nahi dute euren aldarrikapena egia bihurtzea, eta mobilizazioei berrekingo diete. Joan den martxoan egin zituzten azkenak; hain justu, erreformarekiko desadostasuna adierazteko. Orduan Bilbo izan zen manifestazio, baraualdi, mahai-inguru, idazki eta martxen epizentroa. Gasteizko Legebiltzarrean protesta egitea ere badakite zer den, duela urtebete antolatutako bizikleta-martxan erakutsi zuten moduan.
"Ia dena lotuta"
Oraingoan, oinez eroango dituzte haien aldarriak Legebiltzarrera. Martxak Bilbotik, Iruña Okatik, Aguraindik eta Bergaratik abiatuko dira. Hortaz, Gipuzkoako zutabeak Debagoiena zeharkatuko du, maiatzaren 22an hasita, astelehena. 12:00etan batuko dira Bergarako San Martin plazan, Arrasaten Musakolako Jubilatuen Etxean bazkaldu eta Eskoriatzara helduko dira 19:30erako. Gaua hango kiroldegian pasa eta hurrengo egunean, 10:00etan, ekingo diote bigarren etapari; Leintz Gatzagan bazkaldu eta 17:00etarako Landara iristea da asmoa. Eguaztenean, berriz, 18:00etarako espero dute Gamarrara iristea. Hala, biharamunean, maiatzaren 25ean, lau zutabeek bat egingo dute EAEko hiriburuko kaleetan, eta Legebiltzarreraino joango dira elkarrekin.
Joxean Ugarteburu antzuolarra dago martxako antolatzaileen artean. Adierazi duenez, "kontu batzuk solte" dituzte oraindik, baina gehiena "lotuta" dute. 30 laguneko talde finko batek egingo du ibilaldi osoa, eta, momentuz, hogei daude prest; boluntario izan nahi dutenek asteleheneroko elkarretaratzeetan eman dezakete izena.
Baina ikurrinez, ikur morez eta aldarrikapenez osatutako martxa herriguneetara iristean, eragile eta pertsona orok adierazi ahalko die elkartasuna. Ziur maiatzeko laugarren asteak ilusioz eta esperantzaz indartuko dituela pentsiodunak.