Debagoiena guztiz lotu gabe

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 5a, 09:45

Antzuola eta Bergara arteko errepidea, Aseginolaza parean. (Argazkia: I.A.A.)

2013an onartutako Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planak herrien arteko bidegorrien sarea osatzea du helburu, tartean, Debagoienean; ordutik, ibarra bizikleta-bidez lotzeko zenbait lan egin badira ere, proiektu guztiak ez dira gauzatu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP) berrikusteko fasea abiarazi du; hain zuzen ere, duela 10 urte onartu zutena. Plan horren bidez, datozen zortzi urteetarako bidegorrien sarea osatzen joatea da helburua; hau da, herriarteko bizikleta-bideen sare segurua sortzea. Herriak lotzen dituzten bidegorriak hartzen ditu barnean planak, horiek baitira Foru Aldundiaren ardura; herri barrukoak, berriz, udalen esku daude. Planaren eguneraketa egin eta proposamenak jasotzeko, bilerak egin dituzte udalekin eta herrietako eragileekin egin –tartean, Debagoienekoekin Bergaran eta Arrasaten joan den astean–. Halaber, herritarrek maiatzaren 8ra arte dute aukera euren proposamenak bidaltzeko webguneko galdetegi baten bitartez.

Azken agintaldian zenbait bidegorri zati egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren adibide da, esaterako, 2022ko maiatzean inauguratu zuten Arrasateko Kataideko bidegorria. Debagoieneko herri gehientsuenak bidegorriarekin lotuta badaude ere, zenbait puntutan errepidetik igaro behar da oraindik, ez baitago bizikleta bidea eginda. Hori gertatzen da, besteak beste, Bergara eta Antzuola lotzen dituen bidegorrian –Bergara eta Antzuola arteko mugarria dagoen tartean– eta Bergara eta Elorregi artean –Tavex enpresa dagoen lekuan–. Horren harira, bi puntu horietan bidegorria egiteko nahia aurreko agintaldietatik dator, eta, eskaerak egin arren, oraindik ez dira errealitate bihurtu.

Bergara eta Antzuola lotu ezinik

Gaur-gaurkoz, Antzuolatik Galartza pareraino dago bidegorria  eginda. Halaber, handik Aseginolaza pareraino "segurtasunez" joan daitezke oinezkoak eta txirrindulariak. Alabaina, puntu hartatik Bergararako bidegorri zatia egin gabe dago, 200-300 metro inguru. Duela zenbait urtetatik ari dira eskatzen bi herriak bidegorriarekin guztiz lotzeko Antzuolako eta Bergarako udalak, baita herritarrak ere; 2019ko apirilean, adibidez, bizikleta martxa antolatu zuten Antzuolatik Bergararaino, protesta modura, Herriak lotu bidegorria amaitu lelopean. Martxa aitzakiatzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan GOIENA, eta Aldundiak baieztatu zuen joan den agintaldi honetan egingo zuela Antzuola-Bergara bidegurutzetik Bergarako autobus geltokirainoko bidegorri zatia.

Agintaldi honetan, Bergarako eta Antzuolako udalek hainbat bilera egin dituzte Aldundiarekin eta Urak-ekin proiektua gauzatzearen beharra eta urgentzia azpimarratzeko. Bergarako Udalaren esanetan, jarraipena egin diote gaiari, eta, "eskaerei erantzunez, azken berrien arabera, proiektua idatzita dago eta beharrezko hitzarmenak bideratuta. Epe motzean gauzatuko dela adierazi digute Aldunditik".

Ur-zikinen kolektorea eta bidegorria bide berean egitea da proiektuaren asmoa. Ur-zikinak Bergarako araztegira eramateko
2022ko uztailean hasitako lehen
lanak amaituta daude, baina bigarren zatia egitea falta da, Ilunpeko bihurguneko estugunean sortzen baita arazoa. GOIENAk egindako hainbat elkarrizketatan adierazi du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak erreka gainean zabaldu beharko litzatekeela bidegorria, baina Uraren Euskal Agentziaren ustez "eraso tekniko" bat dela hori. Kortabarriak espero du aurten gauzatzea. Kanalaren proiektua Urak-ek kudeatzen du eta bidegorriarena, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azken horiek jakinarazi dute bidegorria egiteko Urak-ekin lankidetza-hitzarmena idazten
ari direla, ur-agentziak egin behar duen kolektorearen obra aprobetxatzeko.

Bidegorri zatia falta Elorregin

Garai bateko Vasco-Navarro trenaren ibilbidea aprobetxatuta Bergaratik Eskoriatzara nahiz alderantziz ibilbidea egin daiteke bidegorriz. Bergara eta Elorregi artean, baina, une batez bizikleta-bidea amaitu egiten da eta zati bat bide estu batetik egin behar da; hain zuzen ere, Tavex fabrika dagoen lekuan ez dago bidegorririk. Bergarako Udalak Mugikortasun Sailarekin egin ditu bilerak azken urteetan, eta, gaineratu dutenez, Bergarako Udalean apirilaren 27an Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Planaren berridazketaren harira egin zen bileran ere mahaigaineratu zuten gai hori, beste batzuekin batera –San Juan Uberarekin zein Angiozarrekin lotzea, besteak beste–. Bergarako Udalak dioenez, bere egunean Aldundiak okupazioko aurretiazko akta sinatu zuen, baina ez zuen jabetza eskuratu. Foru Aldundiaren ardurapean dago zati hura. Bertatik azaldu dutenez, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketaren Saileko teknikariak proiektua aztertzen
ari dira, baina, aurreratu
dutenez, ez daukate aurreikusita aurtengo programazioan.

Bidegorria amaitzen den gunea, Elorregin, Bergararantz, Tavex-en inguruan.

Urola-kostara begira

Bergara eta Antzuola goiko trenbide sareak ere lotzen ditu. Bide hura jarraituta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren GBBLAPk jasotzen du Antzuola Zumarragako bidegorriarekin lotzea, baina oraindik aztertze-fasean dago. Antzuolako alkateak azaldu du Aldundiak 2021etik duela zirriborro bat eginda, eta "teorian" orduan sinatu behar zutela: "Guk gure aldetik egin genituen lur-jabeekin hitzarmen pribatuak. Oso proiektu txikia da, nire ustez; egingarria. Bailarari beste irteera bat emango lioke. Zumarraga-Urretxuraino joan zaitezke bidegorriz; gero, handik Iraetaraino".

Bailarako beste zenbait puntu

GBBLAPk Arrasate eta Aramaio arteko bidegorria egitea jasotzen du. Hari dagokionez, Gesalibar auzorainoko bizikleta-bidea egina dago, baina Aramaiorekin guztiz lotzeko proiektua garatzea aurreikusten dute, nahiz eta proiektua egin gabe egon.

Bestalde, Leintz Gatzagako Vasco-Navarro bide berdeaz galdetu dio GOIENAk Aldundiari; izan ere, Gure Ametsa eta Tellerixa artean egokitzapen lanak egiteko asmoa azaldu zuten udan: "Bide berde hori Turismo Ministerioaren diru-laguntzan sartzen dugun bideetako bat da, MRR eta Next Generation funtsekin. Proiektua eguneratu egingo dugu, zatia gauzatzeak ekarriko lukeenaren ikuspegi eguneratua izateko. 2023-2024ko bitartean egingo da". Aldundiaren webgunean kontsulta daiteke Gipuzkoako bidegorri sarearen mapa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak