Lankidetza proiektu bati ekin diote Arrasate Rugby Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Horrekin, lortu gura dutena da talde inklusiboko partaideentzako lagungarri izan daitezkeen orientatzeko metodo eta tresnak garatu eta ezartzea.
ARTko Ramon Barrutiak adierazi dutenez, taldeetan desgaitasuna duten jokalari ugari daude: "Down sindromea, espektro autistako nahasmendu maila desberdinak, garuneko paralisia eta zehaztu gabeko beste batzuk". Hori dela eta, adierazi du adituak behar dituztela jokalariei, dinamizatzaileei, taldeko entrenatzaileei eta gurasoei laguntza eta orientazioa emateko, baita jarraipenerako tresnak izateko ere.
Barrutiaren arabera, eerrugbian ingurune positibo eta dibertigarrietan jokatuz gozatu ahal izango duten lagun taldeak sortzeko helburua du ARTk, non taldeko kideek garapen kognitibo indibiduala izatea nahi den kirol kolektibo baten barruan, baita, garapen fisiko eta erlazionala ere. "Hots, garapen holistikoa eta lagunak egiteko kide izatearen harrotasuna".
Ipiñak, halaber, nabarmendu du ikasleentzako akademikoki zein pertsonalki esanguratsuak diren ekintzak aurrera eramateko aukera emango diela hitzarmenak. "Gainera, ikasleen esku-hartzeak burutzeko aukera bat ere suposatuko du proiektuak; horren adibide da aurten hainbat ikaslek ARTen gauzatu duten ikaskuntza zerbitzua".