Ikaslan Gipuzkoaren sortzaileak gogoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko api. 28a, 10:02

Ikaslan Gipuzkoaren 30. urteurreneko ekitaldiko talde-argazkia. (Argazkia: Ikaslan Gipuzkoa).

Bi urtean behin ematen duten Ikaslan Saria banatu zuen Ikaslan Gipuzkoak 30. urteurreneko ekitaldian, eta elkartea sortu zuten hamalau zuzendariei egin zieten aitortza; haietako bi ziren Xabier Urzelai aretxabaletarra eta Jose Mari Larrañaga bergararra.

Ikaslan Gipuzkoak, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak, 30 urte bete zituen martxoaren 31n, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten apirilaren 21ean Donostiako Tabakaleran, gaur egungo zuzendari, zuzendari ohiekin, elkartekideekin eta eragileekin. Gutxi gorabehera, bi urtean behin Ikaslan Saria banatzen dute, Lanbide Heziketaren alde lan egin dutenei aitortza egiteko. Aurten, 1993an elkartea sortu zuten hamalau zuzendariek jaso zuten aitortza; tartean, Xabier Urzelai aretxabaletarrak eta 2021ean zendu zen Jose Mari Larrañaga bergararrak. Ikaslan Gipuzkoako koordinatzailea da Kepa Altube arrasatearra, eta, haren esanetan, "lan handia" egin, LH indartu eta gizarteratzeko hazia ipini nahiz proiektu berrietan parte hartzeko indarra eman zutelako omendu zituzten sortzaileak. Halaber, 30 urteetako garapena "sekulakoa" izan dela azpimarratu du; bai metodologian, bai proiektuetan, baita instalazioetan ere.

Debagoiena sorleku

Bergarako Altzasu Elkartean sortu zen Ikaslan Gipuzkoa, 1993ko martxoaren 31n. Garai hartan, Gipuzkoan LHko hemeretzi ikastetxe publiko zeuden, eta haietako hamalau zuzendarik Ikaslan Gipuzkoa sortzea erabaki zuten indarrak batu eta elkarren artean, talde lanean, interes-guneak atzeman eta proiektu berriekin aurrera egiteko. Xabier Urzelai zen Aretxabaletako Leniz Lanbide Ikastegia Institutuko zuzendari –gaur egun, Aretxabaleta Lanbide Eskola–, eta Jose Mari Larrañaga, berriz, Bergarako Miguel Altunakoa. Biak lagunak, orduko egoera gogoan du Urzelaik: "Zerbait egin behar zela ikusi genuen. Goikoen laguntzarik ez geneukan eta pribatuan hobeto zebiltzala ikusi genuen".

Urzelai 1987-1988an hasi zen Aretxabaletan zuzendari, eta, denera, bederatzi urtez egon zen –lehendabizi, sei urte egin zituen, eta, urtebeteko etenaren ostean, beste hiru–. Bilerei buruz galdetuta, oso "giro ona" zutela dio, eta argi zeukatela LHri oihartzuna eta indarra eman nahi ziotela, baita proiektuetan sartu ere. Duela 14 urte erretiroa hartu bazuen ere, oraindik eskolara bisitak egin eta laguntzera joaten dela aitortu du.

Jose Mari Larrañaga 1991 ezkero 11 urtez izan zen Miguel Altunako zuzendari, eta, Ikaslan Gipuzkoaren bultzatzaile izateaz gain, Aretxabaleta Lanbide Eskolako zuzendari ere izan zen, eta Eusko Jaurlaritzan ere jardun zuen, LHrekin lotuta. Altubek izan zuen Larrañaga ezagutzeko aukera: "Uste dut LHn pertsona garrantzitsua izan dela; gutxienez, bizitza erdia eman zion LHri. Lanetik pasioa egin zuen eta haren lanpostutik beti goraipatzen zuen LH. Oso oroitzapen onak ditut haren alaitasunaz, jarreraz eta lan egiteko eraz. Asko erakutsi zidan".

Debagoieneko datuak

Egun, LHko 27 ikastetxe publikok osatzen dute Ikaslan Gipuzkoa. Haietako hiru Debagoienean daude: Aretxabaleta Lanbide Eskola, Miguel Altuna LHII Bergara eta Oñati Institutua. Elkarteko koordinatzaileak gaineratu du mila ikasletik gora daudela bailarako zentroetan eta arlo profesional gehienetako eskaintza dutela: "Geroz eta jende gehiago ari da hurbiltzen LHra, eta etorkizunera begira aukera ona da garapen pertsonalerako eta profesionalerako. Ikasleen % 90etik gora ikasketak amaitu eta lanean hasten dira; beste batzuek ikasten jarraitzen dute. Gutxi doaz langabeziara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak