Kultur-ekoizpenak euskal komunitatea indartzeko duen eginkizuna izan zuten aztergai hizlariek Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, Eneko Bidegain irakasle eta ikertzailea moderatzaile zela, eta bakoitzak beretik jardun zuen. "Idazle baten materiala hizkuntza da. Idazleak erabiltzen du hizkuntza komunikazioari eusteko, baina baita komunitatea sortzeko ere", adierazi zuen Sarrionandiak, zeinak nabarmendu zuen "talde minorizatua" dela euskaldunena, eta, "arazoak ondo gaindituta" ere, "minoria baten interesa" lortuko dela. "Hutsunea politikan daukagu".
Iguaranek, berriz, euskal komunitatearen sostengua non dagoen azaldu du. Haren hitzetan, "ez dago egiturarik nazio mailan", eta, beraz, tokian tokiko ekintzetan sustengatzen da. "Kulturarekiko atxikimenduak eraman gaitu militantziara". Irigoienek kulturaren eta komunitatearen arteko erlazioan ere jarri du arreta: "Kultura egitea da komunitatea egitea, ni hori gu horretan sartzen dugu eta gu hori ni horretan". Eta Inziartek ere hartu zuen hitza: "Komunitate baten kultura musikal minimo konpartitua zer den ez dago garbi".
Masterraren aurkezpena
Fakultateak datorren ikasturtean eskainiko duen Euskal Kulturaren Eragiletza masterra aurkeztu zuten aldi berean Jon Sarasua masterreko irakasleak eta Aitor Bengoetxea Udako Euskal Unibertsitateko zuzendariak. Titulu propio bat izango da, eta urrian hasiko dira eskolak. Modalitatea erdi-presentziala izango da, eta aurrez aurreko saioak Eskoriatzako campusean egingo dira eguazten arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara.