Astelehenean amaitzen da udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea. Maiatzaren 28an da botatzeko eguna. Debagoieneko bederatzi herrietan 113 zinegotzi aukeratuko dira. Debagoienean nagusi diren bi alderdiek dituzte, gaur egun, zinegotzi guztien %90: EH Bilduk 57 eta EAJk 44.
Aurpegi berriak
Hauteskundeen ostean, bost herritan, gutxienez, alkate berriak izango dituzte. Unai Elkoro (Aretxabaleta), Beñardo Kortabarria (Antzuola), Iraitz Lazkano (Elgeta) eta Lierni Altuna (Aramaio) ez dira berriro aurkeztuko; ezta otsailean zendu zen Eugenio Otsoa ere (Leintz Gatzaga). Gainerako lau herrietan egungo alkateak aurkeztuko dira: Maria Ubarretxena (Arrasate), Gorka Artola (Bergara), Izaro Elorza (Oñati) eta Joserra Zubizarreta (Eskoriatza).
40 urteren ostean...
Eskoriatzako Elizateen Elkarteak ez du hautagaitzarik aurkeztuko. 40 urteren ostean, Eskoriatzako auzoek ez dute zuzeneko ordezkaririk izango, ez dutelako aurkitu zinegotzi izateko gertu dagoenik.
Leintz Gatzagako Hautesleen Elkartea, berriz, bai aurkeztuko da. Dorleta Elkorobarrutia izango da alkategaia. 2019ko udal hauteskundeetan ez zuten zerrenda osatzerik izan, eta, herrian hautagaitzarik aurkeztu ez zenez, ez zen bozketarik egin. Urte bereko azaroan egin zituzten hauteskundeak. Hautagaitza bakarra aurkeztu zen, Leintz Gatzagako Hautesleen Elkartea, eta Eugenio Otsoa aukeratu zuten alkate.
Bestalde, Arrasaten, duela lau urte hauteskundeetara aurkeztu zen herri plataforma, Arrasate Aurrera izenekoa, ez da aurkeztuko; ezta beste herri plataformarik ere.
Albaitaritza Fakultatea
PPk herri bakarrean iragarri du zerrendaburua: Oñatin. Ricardo Guisado Balanzategi madrildarra. Aurkezpen agerraldiak ere egin ditu Oñatin bertan. Besteak beste, Albaitaritza ikasketak egiteko fakultatea proposatu du Oñatirako. Oñatin zinegotzi bat lortzea du helburu. Eskualdeko beste herri handienetan eta Aramaion ere hautagaitzak aurkeztuko ditu PPk, herritik kanpokoez osatuta bada ere.
Elkarrekin indartsuago
Ezker Anitza eta Podemos-Ahal Dugu elkarrekin aurkeztu ziren duela lau urte, Bergaran izan ezik, eta Arrasaten lortu zuten zinegotzi bakarra: Eva Abuin. Aurten ere, hasieran kontrakoa iragarri zuten arren, batera aurkeztuko dira Elkarrekin markapean –Podemos, Ezker Anitza, Alianza Verde eta Equo–, eta Eva Abuinek errepikatuko du zerrendaburu. Bergaran –Andres Diez izango da zerrendaburu–, Aretxabaletan –Rafa Bernal– eta Eskoriatzan –Juan Luis Merino– ere aurkeztuko ditu hautagaitzak. Hiru horiek lehendik ere zinegotzi edo zerrendaburu izanak dira Ezker Anitzarekin.
Ordezkaritzari eustera
PSE-EEk herri guztietan aurkeztuko ditu zerrendak, Gatzagan izan ezik. Gaur egun, Arrasaten hiru zinegotzi ditu eta Bergaran eta Antzuolan bana. Hiru herri horietako gaur egungo bozeramaileak izango dira alkategaiak: Aritz Murua Arrasaten, Alberto Alonso oñatiarra Bergaran eta Miren Gallastegi eibartarra Antzuolan. Oñatin Aitziber Fernandez oñatiarra doa zerrendaburu; Aretxabaletan, Veronica Mayora; Eskoriatzan, Luis Maria Javier Lomas eta Elgetan Elias de Castro soraluzearra –duela lau urte ere aurkeztu zen, ordezkaritza lortzeke– Aramaion, berriz, Daniel Solana, gasteiztarra, Basquetur erakunde publikoko zuzendaria.
Arrasate ikur
EAJk Arrasaten eta Eskoriatzan errepikatuko ditu alkategaiak, azken bi agintaldietan alkate izan direnekin irabazteko helburuarekin: Maria Ubarretxena eta Joserra Zubizarreta. Gainerako herrietan, berritu egin ditu zerrendaburuak. Bergaran, Mikel Lete jelkide historikoa izango da; Oñatin, Amaia Erostarbe, gaur egun zinegotzi dena; Aretxabaletan, Mikel Uribetxeberria, 2011n ere jeltzaleen zerrendaren gorenean aurkeztu zena eta gaur egun Kudeaketa eta Plangintza zuzendaria dena Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuan; Antzuolan, Josu Xabier Aranguren izango da aspaldiko partez herriko kidez bakarrik osatu duten zerrendako burua; Aramaion, Alberto Amenabar otxandiarra, Arabako foru suhiltzaileen zuzendari-kudeatzailea; eta Elgetan, Iker Laka 28 urteko eibartarra.
Alkate ohia, alkategai
EH Bilduko bi alkatek errepikatu egingo dute: Bergarako Gorka Artolak eta Oñatiko Izaro Elorzak. Bestalde, gaur egun Arrasateko Udalean oposizioko buru den Maider Morrasek ere errepikatu egingo du alkategai; Aretxabaletan Gari Iturbe izango da zerrendaburua; Eskoriatzan, Edorta Zubizarreta, 1999tik 2003ra bitarteko agintaldian alkate izan zena –Euskal Herritarrok–; Antzuolan, Olatz Lezeta aukeratu dute EH Bilduko zerrendaburu izateko, eta Elgetan, Ibon Unzetabarrenetxea. Aramaion zailtasunekin ibili dira zerrenda osatzeko eta oraindik ez dute iragarri ez zerrenda ezta zerrendaburua ere. Azken hiru herriotan, erronka izango da alderdikide izan dituzten Beñardo Kortabarriak, Iraitz Lazkanok eta Lierni Altunak azken bi agintaldietan alkatetzan egindako lanari segida ematea, horretarako, lehenbizi, hauteskundeak irabaziz.