Ekonomia da gipuzkoarrek duten kezkarik nagusiena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 14a, 13:27

Bi behargin, lanean, Arrasateko Garibai etorbidean.

Udaberriko soziometroaren emaitzen berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta udazkenarekin alderatua egoerak "hobera" egin arren, adierazi du gai ekonomikoak direla herritarren kezken artean lehenak.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak hartu du hitza, eta jasotako emaitzen berri eman du. "Enplegua eta krisi ekonomikoak herritarrek dituzten arazo nagusiak izaten jarraitzen dute, alde handiarekin, gainera; prezioen gorakadaren aurrean kezkak segitzen du". Alabaina, erantsi du herritarren egoera ekonomiko pertsonalaren balorazioa "hobetu" egin dela. "Igo egin da hilabete bukaerara arazorik gabe iristen direnen kopurua, eta, jaitsi, hilabetea arazoekin amaitzen dutenen zenbatekoa". Hain justu, bataz beste, 6,39ko notarekin baloratzen dute herritarrek egoera ekonomiko pertsonala.

2023ko martxoaren 27 eta 31 artean egin zuten emaitza hauek jasotzeko inkesta, telefono bidez. 1.200 gipuzkoarrek hartu zuten parte, eta, horietatik, 300 izan ziren Deba eta Urola bailaretakoak.

Kezka gehiago

Enplegua eta krisi ekonomikoa dira, beraz, herritarren kezkarik nagusienetako bi Gipuzkoan, baina, badira gehiago ere; Osakidetzan hobekuntzak egitea, etxebizitza eta prezioen gorakada, esate baterako. Are gehiago, uneko ongizate emozionalari buruz ere galdegin diete parte hartzaileei, eta bataz beste 7,41eko puntuazioarekin baloratzen dute euren animoaren egoera.

Euskara ere izan da mintzagai inkesta hauetan, administrazio publikoko langileek euskaraz jakiteko beharra mahai gainean jarrita, eta hamarretik ia zortzi ados daude horrekin. "Nabarmentzekoa da, gainera, erantzun dutenen hamarretik seik baino gehiagok zortzi, bederatzi edo hamarreko adostasuna erakutsi dutela".

Politikarekiko ikuspegia

Politikarekiko duten ikuspegia ere hizpide izan dute soziometroan, eta hamarretik ia zortzik adierazi du ez duela konfiantzarik. Hala ere, administrazio bakoitzaren jardunaz galdeginda, udalek dute notarik onena; ondoren, Diputazioak; eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak