Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Departamentuarekin batera antolatzen ditu Elkartuk egonaldiak, garraioa eta jarduera irisgarriak erraztuz, "baliabide pertsonaletara egokitutako prezioak eskainiz, eta behar diren laguntza pertsonal eta teknikoak jarriz".
16 urte, edo gehiago, desgaitasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonek eman dezakete izena. Aurreratu dutenez, lehentasuna izango dute desgaitasuna, mugikortasun murriztua edota mendekotasun maila handiko pertsonek nahiz behar berezi egoeran daudenek (ekonomikoa, pertsonala, soziala, aisialdi eza...). Era berean, salbuetsita geratzen dira osasun zerbitzu bereziak behar dituzten gaitxotasunasun egoeran dauden pertsonak eta elkarbizitza "aztora" dezaketen nahasmenduak dituztenak.
Halaber, laguntzailearekin bidaiatzeko irizpideak hurrengoak dira: eskaera egin duen pertsonak mendekotasun egoera aitortua duenean, "laguntzaile egoki" batekin bidaiatu beharko du, eta horren bidaiaren kostuaren % 5 ordaindu beharko du. Hala, mendekotasun egoera aitortu gabekoek laguntzailerik behar ez dutela ulertzen dutela jakinarazi dute; hortaz, egonaldiaren kostu osoa ordaindu beharko da.
Izen-ematea eta helmugak
Apirilaren 28a izango da izena emateko azken eguna. Horretarako PDF dokumentua bete eta Elkarturen bulegora bidali behar da, edo bestela, formularioa online bete daiteke. Era berean, desgaitasun ziurtagiria, mendekotasun ziurtagiria eta diru-sarrera frogagiria (pentsio, errenta aitorpena...) aurkeztu beharko dira.
Espainiar estatuko bost herri turistikotara egingo dira bidaiak, bakoitza txanda ezberdinetan: Benidorm ekainaren 10etik 24, Salou uztailaren 1etik uztailaren 15era, Lanzarote uztailaren 24tik abuztuaren 2ra, Galizia abuztuaren 27tik irailaren 3ra eta Calpe irailaren 24tik urriaren 8ra.