Askapena erakunde internazionalistak brigadak antolatu ditu aurten ere. Abya Yalako (Latinoamerika) inguru desberdinetako borroka politikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera aproposak izaten dira, Bolivia, Argentina, Uruguay, Brasil eta Venezuela ohiko helmugak izanik. Aurten, gainera, indar handia jarri nahi dute Europako testuinguruko borroketan, Askapenako kideek adierazi dutenez, "Europar Batasunaren zapalkuntzak sakonago ezagutzeko eta harremanak estutzeko, adibidez, Italia hegoaldeko, Greziako edota Herrialde Katalanetako borrokekin".
Badira kontu batzuk argi izan behar direnak, hala-nola, "brigadan joatea ekintza guztiz politikoa dela". Beste era batera esanda, "ez dela oporretan joatea edo beste herriekiko errukia erakustea, brigadak ez direlako paternalismo eta humanismotik egiten diren zerbait". Helburua, funtsean joan-etorrikoa delako: "Beste herrien borroketatik ikastea, gure Euskal Herriko borroka elikatzeko, aldi berean, guk ere han hemengoaren berri emanez. Munduan zehar txoko ezberdinetan eskaintzen dira brigadak, ulertuz herri langile zapaldu guztiok badugula helburu estrategiko bera eta, beraz, gure artean elikatzeak eta ikasteak denontzat dakarzkigula onurak".
Brigadista baten egitekoak
Brigadistaren formakuntza kanpoko herrialdeetara joan aurretik hasten da, prozesu aktibo baten baitan: "Askapenako kideek gidatuta, gai desberdinak landuko ditu, besteak beste, internazionalismoa, inperialismoa, borroka politikoaren teoriak, Euskal Herriko historia, lan metodologiak eta komunikazioa. Horrez gain, militante politikoaren ardura da bere kabuz formatzea, bai maila politikoan, bai ezagutzera doan herrialdearen inguruan".
Izan ere, behin helmugara iristen denean, Euskal Herriko borroka politikoa azaldu beharko du hitzaldien, elkarrizketen edota beste bide batzuen bitartez. Horrez gain, dagoen herrialdeko egoera sozial, politiko eta ekonomiak ezagutzeko bilera asko izango ditu bertako eragile, norbanako, alderdi edota sindikatuekin, modu horretan ahalik eta ezagutza ugarienak lortzeko.
Itzuleran ere jarraitu egiten du brigadista horren lanak, bizi izandako borroka politikoa Euskal Herrian zabaltzeko egitekoa baitu, elkarrizketa, hitzaldi edota bileren bitartez. Bestalde, sortutako harreman politikoak mantendu eta Euskal Herriko borroka politiko antikapitalista eta antiperialistarekin jarraitzeko betebeharra dauka.
Erreferentzia moduan, Askapenako kideek aurreko urteetako brigadetako kronikak irakurtzea gomendatu dute, Askapenaren twitter kontuan.
Internazionalismoari buruz
Askapenak internazionalismoa praktika politiko bat bezala ulertzen du: "Munduko herri langile eta herri zapalduen arteko elkartasuna da, elkarrekin borroka egitea eta elkar aberastea helburu duena. Bizi garen sistema kapitalistan ─sistema esplotatzaile, zapaltzaile eta bortxazkoa dela ulertuz─ herri langile eta zapalduok batzen gaituzten arrazoiek osatzen dute honen oinarria. Barrura begira klase eta genero menpekotasunean oinarritua eta kanpora begira berriz, erdigune eta periferiaren arteko zapalkuntzan ezaugarritua dago kapitalismoa. Honela, herri langileok zapalduta gauden heinean, interes estrategiko bera elkar banatzen dugu eta, beraz, herri baten askapenak modu objektiboan gainerako herrien askapen prozesuen mesedetan eragiten du. Hortaz, herri bakoitzaren kultura, denbora, lehentasun eta borroka moldeen gaineko errespetuaz, joan etorriko elkartasun eta elkar ikastearen bidez gauzatzen da praktika internazionalista. Norbere herriaren askapen nazional eta soziala izanik lehen egitekoa".
Euskal Herriaren askapenaren harira, diote hori lortzea ez dela soilik "euskal herri langilearen interesa, nahiz eta berau den horretarako interes gehien duena. Eredu kapitalista-inperialistaren aurka ari diren gainerako herri langileen interesekoa ere bada Euskal Herriaren askatasuna. Ezkertiar eta abertzaleon helburu estrategikoak lortzeak, hau da, zazpi lurraldetarako estatu sozialista eta feminista bat eraikitzeak, aukera paregabea eskainiko lioke herri honi gainerako herriekin batera egiazko politika internazionalista bat garatzeko. Hauxe izango da, beraz, gainerako herriei euskal herri langileak egin diezaioken elkartasunezko ekarpenik handiena".
Askapenako militanteen eginkizuna, hortaz, "mundu mailako egitura kapitalista-inperialista ahultzen duten prozesuak babestea izan behar da; gure askapen prozesuarekiko elkartasuna bultzatzea, gainerako herrien esperientzien bitartez gure prozesua aberastuta. Venezuelako mugimendu komunalaren teoria eta esperientziak ezagutzeak, esaterako, herri boterearen eraikuntza ulertzen laguntzen du".
Izena eman nahi duenak email bat idatzi behar du brigadak@askapena.eus-era, edo debagoiendarra baldin bada arrasate@askapena.eus-era ere idatzi dezake. Jarraian Askapenakoak harremanetan jarriko dira interesa dutenekin, elkarrizketa egiteko eta profila baloratzeko.