Interneten, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta datuen kazetaritzan espezializatutako kazetaria da Karma Peiro (Bartzelona, 1968). Martxoaren 24an Getxon egin ziren Tokikomen 10. urteurreneko jardunaldietan izan zen, adimen artifizialaren gainean berba egiten. Kataluniarrarekin mintzatu da GOIENA, gaiari lotutako aspektu etikoez, gardentasunaz edo komunikazio digitalarekin loturiko eraldaketak sortuko dituen erronkez.
Zer da adimen artifiziala?
Adimen artifiziala gaur egun gure bizitzan une oro erabiltzen dugun teknologia guztia da. Une oro laguntzen gaituen teknologia hori, dela ospitale batekin edo administrazio publiko batekin elkarreragiten dugunean, dela laneko zereginak egiten ditugunean. Erabiltzen ditugun aplikazio horien guztien atzean adimen artifizialeko algoritmoak daude. Noski, hor teknika desberdinak eta, beraz, adimen artifizial motak daude.
Zein aplikazio du gaur egun hedabideetan?
Geroz eta gehiago. Esaterako, adimen artifizialak hedabideei lagun diezaieke erabiltzaileei informazio eta formatu pertsonalagoak eskaintzen; edo, informazio-kanalen zatiketa edo informazio-gainkarga badago, hori guztia kudeatzen. Baina horrek guztiak aspektu etikoak jartzen ditu mahai gainean. Oso erraza da-eta faltsuak diren bideoak egitea edo desinformazioa helaraztea. Tresnen erabilera horien guztien atzean gardentasuna dagoela bermatzea ezinbestekoa izango da.
Zein da tokiko hedabideen eta hedabide nazionalen arteko desberdintasuna?
Nik esango nuke baliabide kontua dela. Tresna mota hori eskuragarriago dute hedabide nazionalek, baliabideak baitituzte. Gainera, adimen artifizialeko sistemak ez dira oso intuitiboak, eta horren atzean kazetarien edo profesionalen prestakuntzak egon behar du. Geroz eta errazagoa izango da, eta datozen urteetan geroz eta gehiago ikusiko dugu adimen artifiziala komunikabideetan, lan egiteko tresna oso intuitiboak sortuko baitira.
Prozesuak automatizatu eta informazioa sortzen duten makinak existitzen dira; hori baliatu daiteke kazetaria lan batzuetatik liberatu eta balio erantsi handiagoko lanetara bideratzeko?
Hori hedabide bakoitzaren politikaren araberakoa izango da. Gaur egun, badira kazetariek egiten dituzten prozesuak automatizatzeko aukera ematen duten tresnak. Datu ekonomikoak edo estatistikoak, eguraldiarenak edo kirol-kontuenak eman ditzaketenak. Baina horiek testuinguru handirik behar ez duten datuak dira. Hala ere, oraindik pixka bat falta dela esango nuke, adimen artifiziala nahiko modu diskretuan ari baita txertatzen hedabideetan.
Zer beldur sortzen dizkigu?
Esaterako, pentsatzea hedabide bateko zuzendaritzak adimen artifizialeko tresna baten inbertitu dezakeela, kazetariak alboratuz. Pentsatu nahi nuke hori ez dela gertatuko, baina hori hedabide bakoitzaren politikaren araberakoa da. Bestetik, kontuz ibili behar da proban dauden teknologiekin. Ezin dira itsu-itsuan onartu. Esaterako, TxatGPT bezalako esperientziak eskaintzen dituen emaitzengatik iraultza egiten ari dira; iritzi-kronika bat edo artikulu bat eska diezaiokezu eta emaitzak ematen dizkizu, baina emaitza hori aztertzen bada ikusiko dugu testuingurua falta zaiola, akatsak egiten dituela. Kontuz ibili behar dugu.
Zeintzuk dira aurrez aurre ditugun erronka nagusiak?
Gure lanaren %100 inoiz ez uztea makinari. Eta hori erronka bat da; izan ere, emango digun emaitza nahiko zuzena izango da, eta hor gure erronka kazetari gisa emaitza horiek egiaztatzea izango da. Lan-denborak aurreztuko dizkigu, baina, era berean, emaitzetan ez da zehatza izango. Beste erronka bat izango da gardentasuna. Albiste bat TxatGPT teknologiak sortu duela esan behar dugu? Hori izango da albistearen sinadura? Erronkak, batez ere, izango dira etikari eta gardentasunari lotuak. Eta, noski, hizkuntza gutxitu baten aritzeak baditu desabantailak. Teknologiak ondo funtzionatu dezan lan gehiago egin beharko baita.