Bailarako balorazioa ere egin du sindikatuak, eta nabarmendu du "pozez eta arduraz" jasotzen dutela langileen esana. Hain justu, Haurreskolak, sukalde eta garbiketako langileak, irakasleak, heziketa bereziko langileak eta EHU dira hauteskunde hauetan parte hartzen duten kolektiboak, eta, Debagoienari dagokionez, irakasleen bozken berri eman du LABek. Horren arabera, sindikatu horrek 125 bozka jaso zituen, Steilasek lau gehiago, eta, ELAk, 61. Alabaina, ohartarazi dute gogoan izan behar dela bozketak eskualdeka egiten direla eta ordezkari kopurua, kasu honetan, Gipuzkoa osoko lurralde emaitzekin hautatzen dela.
Emaitza gehiago
LABen ostean, Steilasek lortu du ordezkari gehien hiru lurraldeetan: hain justu, 2019koan baino bi gutxiago izan dira, 91. Hala ere, pozik dago emaitzarekin. "Sindikatuak bere poztasuna adierazi nahi du lortutako emaitzengatik. Eskerrik asko bozkaren bidez gure eginkizunean berretsi gaituztenei. Zuen mezua entzun ondoren gu ere indarberriturik gaude tinko ekiteko euskal eskola publiko feminista, euskaldun, inklusibo, integral, doako eta unibertsala lortu arte".
ELA, berriz, hirugarren indarra izan da, eta, gainera, orain lau urteko hauteskundeetan baino zortzi ordezkari gehiago eskuratu ditu: 68. "ELAk hauteskunde hauetan jasotako babesa ikusita, sindikatuak orain arte egindako bidean sakontzeko konpromisoa berresten du". Azpimarratu dutenez, "zerbitzu publikoen eta euskal eskola publiko burujabearen defentsan" jarraituko dute lanean.