Hogei urteko aldian mantentzen den immigrazioa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 5a, 07:00

2002tik 2021era bitartean, batik bat, marokoarrak, kolonbiarrak, pakistandarrak eta portugaldarrak etorri dira Debagoienera; alabaina, urteek aurrera egin ahala, joerak aldatu egin direla diote datuek.

Xabier Aierdi soziologoak, datuok gogoan izanda, migrazioaren joerak izan ditu gogoan, eta nabarmendu du "oso erraza" dela ulertzen nola iristen den eta zelan mantentzen den. "Lehen migrazioa estrategikoa da. Jauzi inportanteena. Leku batean instalatzen da kanpotik datorren pertsona; gauzak ondo baldin badoazkio, bertan geldituko da; aldiz, egoera okertzen bada, aldatu egingo da automatikoki".

Adierazi duenez, immigrazio mugimenduetan, oro har, lehenengo sareak muntatzen dira, eta sare horiek jende gehiago gehitzen dute; haren arabera, eurak dira "migrazio kolektiboaren bizitza eta ibilbidea gidatzen" dutenak. "Hala, hor geldituko dira eta hor jarraituko dute. Jende gehiago deituko dute; ordukoak instalatuta egongo dira, eta hurrengo datozenentzat aukerak sortzen dituzte".

Bada, hogei urteko epean, baliteke immigrazio mugimenduak era horretan mugitzea batetik bestera Debagoienean ere. Datuen arabera, behintzat, 2002tik 2021era bitartean, batik bat, lau izan dira bailarara iritsitako etorkinen jatorriak: Maroko, Kolonbia, Pakistan eta Portugal.

Marokoarren kasuari dagokionez, Aierdik nabarmendu du "aspaldiko migrazioa" dela, eta Deba bailaran, Debagoienean baino, Debabarrenean instalatu zirela lehenbizi. Bada, hori hauteman daiteke datuetan ere, 2002tik 2021era bitartean aldaketak izan baitira.

2002an 74 marokoar zeuden bailaran, baina, 2021ean, 803 ziren; alegia, 729 gehiago. Herrietako datuak aztertu ezkero, berriz, Bergaran eta Arrasaten instalatu dira marokoar gehienak 2002tik, eta, 2003tik aurrera, baita Aretxabaletan ere. Hain justu, INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako azken datuen arabera, gaur-gaurkoz, Arrasaten jatorri marokoarra duten 330 pertsona daude; Bergaran, 239 dira; eta, Aretxabaletan, 74.

Debagoienean badaude Afrika iparraldetik iritsitako beste zenbait herritar ere. Esaterako, INEren esanetan, Arrasaten 83 aljeriar zeuden 2021ean; are gehiago, Udalak sahararren datuak ere eman ditu, eta 88 ziren duela bi urte. Alabaina, Espainiako Estatistika Institutuak azpimarratu du udaletxeetatik jasotzen dituen datuetan ez duela sahararrentzat kode propiorik, eta, bereziki, lau multzotan ager daitezkeela: Maroko, Aljeria, Mauritania edo Afrikako beste herrialde batzuk kategoria.

Marokoarren ondoren, kolonbiarrak dira jatorri espainiarra ez duten gehiengoa bailaran: 746 dira guztira, eta, marokoarren eran, bailarako bi herririk handienetan daude instalatuta: 403 kolonbiar daude Arrasaten, eta, Bergaran, 110. Ostean, Oñatin: 104. 2001etik 2011ra bitartean, goranzkoa izan zen joera, baina, eten bat egon zen 2015era arte, jaitsi egin baitzen herri hauetan instalatuta zeuden kolonbiarren kopurua. Halere, urte horretatik aurrera, pixkanaka-pixkanaka berriro hasten dira ailegatzen kolonbiarrak.

Hala, fenomeno horren berri ere eman du Aierdik. Haren arabera, 2000. hamarkadaren hasieran kolonbiarrak, perutarrak eta ekuadortarrak iritsi ziren Hego Euskal Herrira, eta, ondorioz, baita eskualde zenbaitetara ere, guztietan banaketa berdina izan ez arren. "Kolonbiarrak gailendu ziren batik bat, eta hemen gelditu ziren. Hala, Kolonbia hustean, boliviarrak iritsi ziren, eta Bolivia hustean, paraguaiarrak…". Era horretan, nabarmendu du "nolabaiteko fluxu migratzaile bat zabaldu" ohi dela, batez ere, Hego Ameriketatik etorria, eta, ostean, Ertamerikatik.

Pakistandarrei dagokienez, Aierdik azaldu du "pakistandar fluxu bat" etorri zela 2011n, besteak beste, "politika zehatz batzuek" etorrera erraztea ahalbideratu zezaketelako, eta, hala, sareek beste herrikide batzuk deitu zituztelako.

Debagoienean, ordea, lehenagokoa da pakistandarren presentzia. 2002an jatorri horretako 80 pertsona zeuden bailaran: Bergaran, 49; Oñatin, 21; eta, Antzuolan eta Arrasaten, bosna. Zortzi urteren buruan, halaber, 2010erako, herri guztietan zegoen, gutxienez, pakistandar bat, Leintz Gatzagan izan ezik. Hala ere, baliteke 2011tik aurrerako etorrerak eragina izatea, 2014an jo baitzuen goia pakistandarren kopuruak: ordu hartan, 568 zeuden.

Ordutik, gorabeherak izan dira, eta, gaur egun, 504 dira jatorri pakistandarrekoak: Arrasaten eta Bergaran daude gehienak, 261 eta 129, hurrenez hurren. Eta gainontzekoetan ere badira, Leintz Gatzagan izan ezik.

Jatorri portugaldarrekoak gehiengoak ziren atzerritarren artean Debagoienean 2002an, eta, hain justu, Aierdik azaldu du lehen immigrazioetako bat izan zela, batik bat, baso eta mendi lanak egitera iritsi zena. Haren arabera, ordea, "printzipioz, bederen", portugaldarren kasua "ez da oso nabarmena" izango etorkizunera begira ere, hemengo bizi maila hangoarekin alderatuz gero, oso antzerakoak direlako. "Beste gauza bat da behin bide bat zabaldu delarik horra kopuru bat heltzea eta hor egotea".

Bada, Debagoieneko kasuan, aukera posibleetako bat izan daiteke Aierdik esandakoa; noizbait etorri zirela, eta, batzuk, bertan gelditu direla. Izan ere, 2002an 392 portugaldar zeuden bailara honetan, eta, 2008an jo zuen goia, 610 baitzeuden. Hala ere, ordutik beherantz egin du hauen kopuruak, eta, duela hogei urteko kopuru berdintsuetan mantentzen da jatorri hau dutenen datua gaur egun: 2021ean 363 ziren portugaldarrak.

Herriz herri, gainontzeko jatorri gehienen eran, Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin daude gehienak, eta, gutxien, herri txikienetan: Aramaion, Antzuolan, Leintz Gatzagan eta Elgetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak